Plan Mistoaren erregelamendua
Orriaren edukia
I. Kapitulua: Xedapen orokorrak
Arogestión Erretiro-Aurrezkirako Mistoa Enpleguko Gizarte Aurreikuspeneko Plana deiturarekin 1999an, iraupen mugagabearekin, Aurreikuspen Plan bat ezarri da, "Arogestión Erretiro-Aurrezkia, Enpleguko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Plana" delakoaren mende dagoena eta beronen barruan sartua, Erregelamendu honen arabera arautzen dena.
Bere Estatutu Sozialetan ekarpenen eta prestazioen araubidea jasotzen da, baita aitorturiko kontingentzien zehaztapena eta horiek hartzeko formulak ere.
Estatutuen testuan Aurreikuspeneko Planean sartzeko edo bertako kide izateko araubidea jasotzen da, baita ere alta, baja, harreman juridikoaren iraungitze eta etetearen inguruan ezarritako aurreikuspenak bazkide oso edo arruntei dagokienez, baita Planaren Estatutu Sozialak eta Erregelamendua aldatzeko prozedura, erreklamazioak aurkezteko prozedura, eta gatazkak eta erreklamazioak interpretatu eta konpontzeko formulak ere, Aurreikuspeneko Plana desagertzeko arrazoiak eta esleituriko ondarearen zertarakoaz gain.
Planaren xedea bere bazkide babesle eta bazkide oso edo arruntei Erretiroko estaldura hobetzeko beharrezko tresnak ematea, esleituriko baliabideen erabilera eraginkorra eginez, heriotza eta ezintasun eta ezgaitasun kasuetarako Estatutuen 15 eta 16. artikuluan ezarritakoa alde batera utzirik.
II. Kapitulua: Partaideak
Bazkide oso edo arruntak Planari loturikoak izango dira, bazkide izanik edo besteren konturako langile baina Erakundeko bazkide babesle baten kontratu mugagabearekin, eta diru-kopururen bat ordaintzen baldin badute Erakundera egindako ekarpen gisa.
Inolako diskriminaziorik gabe, egoera berdinetan gainerako elkartuen eskubide berdin-berdinekin, bazkide oso edo arrunt bihurtzeko, Erakundean Sartzeko Buletina formalizatu behar da, hor zehaztuz hasierako ekarpenaren ordainketa, eta ordainketa hori benetan gauzatu egin behar da. Buletin horretan espresuki ezarri behar da bazkide oso hori zein Planetan sartzen den.
III. Kapitulua: Aurreikuspen modalitatea
Arogestión Erretiro-Aurrezkirako Mistoa Enpleguko Gizarte Aurreikuspeneko Plana ekarpen jakineko edo mugatuko modalitatekoa da.
Bai bazkide babesleek eta bai osoek edo arruntek ekarpen ekonomikoak egin ahal izango dituzte, beti bazkide oso edo arrunt baten izenean, Gobernu Batzordeak erabakitzen duen kopuruan eta eran.
Ekarpenak zein pretazioak banku-helbideratze bidez egingo dira.
IV. Kapitulua: Sarrerak eta gastuak
Honako hauek izango dira Planaren baliabide ekonomikoak:
- Bazkide oso edo arrunten ekarpenak, eta horien izenean bazkide babesleek egiten dituztenak.
- Inbertituriko baliabideek ematen dituzten errentak, sortzapenak, interesak edo beste edozein etekin garbi.
- Beste edozein sarrera.
Administrazio gastuak planari atxikitako ondarearen %0,65ean finkatzen dira, horien barruan egonik planak Inbertsio Kolektiboko Erakundeen (IKE) edo Arrisku Kapitaleko Erakundeen (AKE) bitartez egin ditzakeen zuzeneko gastuak zein zeharkako gastuak.
V. Kapitulua: Inbertsio politika
Inbertsio Politika Planaren Inbertsio Printzipioen Adierazpenean jasotzen da, eta indarrean dagoen legeriaren arabera, Gobernu Juntak gutxienez hiru urtean behin berrikusi eta onartu behar du, horren berri egiten den lehenengo Batzar Nagusian eman behar duelarik eta bazkideen eskura egon behar duelarik uneoro.
Dena den, Planaren funtsak segurtasun, likidezia eta beren izaeraren araberako errentagarritasun irizpideekin inbertituko dira, indarrean dagoen legeriaren arabera.
Aurreko paragrafoan ezarritako irizpideen barruan, Planaren konpromisoen izaerak eta iraupenak epe luzerako inbertsio-estrategia ahalbidetzen dute iraupen luzeko errenta finkoko aktiboetan inbertitzeko, baita errenta aldakorreko eta inbertsio alternatiboko aktiboetan ere, Inbertsio Printzipioen Adierazpenean ezarritako irizpideen eta ehunekoen arabera, betiere, merkatu-baldintza normaletan, eta epe-ertain luzera, finantza-aktiboetan eta epe laburrerako errenta finkoko aktiboetan egindako inbertsioaren gainean errentagarritasun-plusa lortzeko helburuarekin.
VI. Kapitulua: Prestazioak
Bazkide oso edo arruntari prestaziorako eskubidea dagokio, bere erreserbagatik metaturiko eskubideei dagokiena gertaera eragilearen unean.
Prestazioaren gertaera eragilea bazkide oso edo arruntaren erretiroak eragingo du, edo lan-jarduera uzteak 60 urte betetzean.
Baita ere prestazioaren egitate eragilea sortuko da baldin eta bazkide osoak edo arruntak Erabateko Ezintasun Iraunkorra, Desgaitasun Handia, edo Erabateko Ezintasun Iraunkor Kualifikatua eman diotela egiaztatzen badu epai irmoz edo behin betiko ebazpen bidez, edota LagunAro, EPSVren Erabateko Ezintasun Iraunkor Kualifikatua eskuratu duela, eta Arogestión Ahorro-Jubilación, EPSVri dagokion eskabidea aurkezten badu.
Prestazioa hartzeko bi era daude, eta hori bazkide oso edo arruntak aukeratu behar du: metaturiko eskubideen ordainketa osoa edo partziala, edo aldi baterako errenta -hilero, hiru hilero edo urtero, gertaera eragiletik aurrera ordaintzekoa.
Errentaren modalitatea aukeratuz gero, horren kopurua, konstantea, bazkide oso edo arruntak erabaki behar du hartzen hasi behar duen unean.
Aldian behingo errenta hori erabakitzeko, kontuan har daiteke hartzeko bazkideak proposatzen duen denbora-plana, baina honek estu egokitua izan beharko du, zeren eta prestazioa nolanahi ere amaitu egingo baita bazkideak metaturiko eskubidea agortzean eta agortze hori gertatzen denean bakarrik.
Gertaera eragilearen unean AROGESTIÓN, ERRETIRO-AURREZKIA, EPSV-k osoko bazkideari eskatuko dio espresuki aukera dezala zein prestazio-modalitate nahi duen, kapital edo errenta gisa, eta bigarren kasu honetan zein Planetatik nahi duen berari ordaintzea metaturiko eskubideak eta errentaren zenbatekoa, hala balegokio, beharrezko funts-intsuldaketak egiteko.
Hamabost eguneko epean erantzun espresurik ez badago, prestazioaren ordainketa "Arogestión Erretiro-Aurrezkia, Dirua, Aurreikuspen Plan" honetatik egingo da, eta kasu hauetarako zenbaketa eta ordain-aldiei buruz Gobernu Batzordeak ezarrita dituen sistema eta irizpideen arabera.
Prestazioaren ordainketarako errentaren modalitatea aukeratu duen bazkide oso edo arruntak edozein unetan eskatu ahal izango du errenta horren aldaketa, baita ere kobratzeko dauzkan eskubide metatuen ordainketa osoa edo partziala.
Beren eskubide ekonomikoak mugitu ahal izango dituzte, zenbateko osoaz edo partzialaz, beste aurreikuspen-plan batera, prestazioaz baliatzeko baldintzak betetzen dituzten bazkide oso edo arruntek, artikulu honetan araututakoaren arabera. Baita ere egin ahal izango dute enpresa bazkide babeslearekin lan-harremana edo soziolaborala behin betiko iraungi dutenek, betiere mobilizazioa enpleguko beste aurreikuspen-plan batera edo, horrelakorik ez badago, erreskatearen aukerarik ez duen beste aurreikuspen-plan batera egiten badute.
Bazkide oso edo arruntaren heriotza gertatzen bada, bai izaera hori duela edo bai prestazioaren hartzaile gisa, hark izendaturiko onuradunak edo onuradunek ordainketa bakarrean jasoko du(te) heriotzako unean metaturik duen eskubidea.
Onuradunik ez bada izendatu, horiek, hurrenkera honetantxe, ondorengoak izango dira: ezkontidea, ondorengoak, arbasoak, eta horrelako inor ez baldin badago, indarrean dagoen legeriaren arabera oinordeko gertatzen direnak.
VII. Kapitulua: Intsuldaketak
Planean bateratutako eskubideen aldaketa edo intsuldaketa -osoa edo partziala- Arogestión, Erretiro-Aurrezkiko beste Plan batera doakoa izango da. Intsuldaketa egin ahal izateko, gutxienez hilabete igaro beharko da Planari atxikitzen zaionetik edota aurreko intsuldaketatik.
Xedapen iragankorrak
Beren eskubideak erreskatatzeko eskubidea izango dute soilik bazkide oso edo arruntek, 2012ko martxoaren 7an alta emanda zeudenek, lehenengo ekarpena egin zutenetik gutxienez hamar urte igaro ondoren berariaz horrela eskatzen badute, baina eskubide hori mugatuta geratuko da 2012ko martxoaren 7an zeuzkaten partaidetzen baliora, erreskatea gauzatzeko datan eguneratuta.