Arogestionen Estatutu sozialak
[Apirila 2025]
Orriaren edukia
I. Titulua: Xedapen orokorrak
“Arogestión Erretiro-Aurrezkia, Enpleguko Borondatezko Gizarte Aurrikuspenerako Erakundea” deituraz, LagunAro, Enpleguko BGAEk enplegu-modalitateko Borondatezko Gizarte Aurreikuspenerako Erakunde bat eratzen du, aurrerantzean “Erakundea” deitua; Estatutu hauek arautuko dute, 5/2012 Legeak ─otsailaren 23koa, Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeena─, 203/2015 Dekretuak ─urriaren 27koa, Lege hori garatzeko Erregelamendua onartzen duena─ eta une bakoitzean aplikatu beharreko beste arauek.
Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren Erregistro Berezian inskripzioa egiten denetik aurrera, Erakundea eratutzat joko da; bere nortasun juridikoa izango du, irabazi-asmorik ez, gaitasun juridikoa eta jardutekoa erabatekoak izango ditu, legezko xedapenetan eta Estatutu hauetan ezarritako mugapenekin bakarrik.
Erakundearen helburua zera da, dagozkion baliabideak eraginkorki erabiliz, bazkide babesleei eta bazkide oso edo arruntei beharrezko tresnak ematea Erretiroa hobeto estal dezaten, ezintasun eta minusbaliotasun, eta heriotza-kasuetarako Estatutu hauek 15. eta 16. artikuluetan ezarritakoaren kalterik gabe.
Erakundearen egoitza helbide honetan izango da: Jose Maria Arizmendiarrieta pasealekua 1, Arrasate (Gipuzkoa). Gobernu Batzordeak lekuz aldatzea erabaki dezake udalerri beraren barruan.
Bere jarduera-eremua eskualdea da.
Erakundeak iraupen mugagabea izango du eta bere jarduerari Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren Erregistro Berezian inskripzioa egiten duen egunean ekingo dio.
Sozietatearen urtealdia bat etorriko da urte naturalarekin.
II. Titulua: Bazkideak
Pertsona fisiko edo juridikoak izan daitezke bazkide, eta bi mota hauetakoak izango dira: bazkide babesleak eta bazkide oso edo arruntak.
Bazkide babesleak, Erakundetik bertatik zuzeneko onurarik ez lortu arren, bazkide arrunt eta onuradunen mesedetan Erakundeari eusten eta garatzen laguntzen diotenak. Bazkide babesle sustatzailea LagunAro, Enpleguko BGAE izango da.
Erakundean, bazkide babesle gisa, LagunAro, Enpleguko BGAEko Kooperatibak sar daitezke, enpresan aldez aurretiko erretiroen proiektua izanik, Erakundeko Fondo Mutualari 60 euro ordaintzen badizkiote.
Era berean, bazkide babesle izan daitezke LagunAro, Enpleguko BGAEari atxikitako Kooperatibekin edo Kooperatiba Taldeekin, Gobernu Juntaren iritziz, behar hainbat egiaztaturiko harreman eta integrazioa duten enpresak. Kasu hauetan, ez da eskatuko LagunAro, Enpleguko BGAEkoa izatea, nahitaezkoa izango delarik gainerako baldintzak betetzea.
Bazkide oso edo arruntak, Erakundearen bazkide babesle baten bazkide edo besteren konturako langile izan kontratu mugagabearekin eta ekarpen gisa diru-kopururen bat ordaintzen dutelarik, Erakundeari atxikitzen zaizkionak izango dira.
Bazkide babesle sustatzaileak ondorengo eskubideak izango ditu:
- Erakundeko gobernu-organoetan parte hartzea.
- Erakundearen helburu sozialean sartzen diren ekintzak gauzatzeko neurriak proposatzea.
- Beharrezko iruditzen zaizkion helegiteak eta erreklamazioak planteatzea Erakundeko gobernu-organoen akordio eta erabakien aurka.
- Legezko xedapenek eta Estatutu hauek aitortzen dizkioten beste eskubide guztiak.
Bazkide babesle sustatzaileak ondorengo betebeharrak izango ditu:
- Erakundeko bazkideen interesak babestea, baliabideen kudeaketan ahalik eta eraginkortasunik handiena eskatuz eta Erakundearen ondarea osatuko duten ondasun eta eskubideen segurtasuna zainduz.
- Erakundearen politika orokorrari buruzko arazoetan aholku ematea.
- Legezko arauak eta estatutu-xedapenak zorrotz eta zehatz bete daitezen zaintzea.
- Gobernu-organoek baliotasunez hartutako erabakiak bete eta betearaztea.
- Estatutu hauek 11. artikuluan aipatzen duten hasierako ekarpena egitea.
Gainerako bazkideek ondorengo eskubideak izango dituzte:
- Estatutu hauetan ezarritakoaren arabera, norberak edota ordezkarien bidez, batzar nagusietan parte hartzea.
- Erakundeko gobernu-organoetan partaide izateko beste batzuk aukeratzea eta norbera aukeratua izatea.
- Gobernu-organoen akordio eta erabakien aurka beharrezko iruditzen zaizkion helegiteak eta erreklamazioak aurkeztea Gobernu Batzordearen aurrean, idatziz, helegite edo erreklamazioa eragiten duen egitate edo kausaren datatik zenbatuta 30 egun naturaleko epean gehienez ere.
- Erakundeari ahoz nahiz idatziz eskatzen dizkion argibide guztiak lehenbailehen eskuratzea, Gobernu Batzordeak ezingo dizkiolarik ukatu, informazio hori emateak Erakundearen bidezko interesak arrisku larrian jar ditzakeenean izan ezik.
- Bazkide oso edo arruntek espresuki ahalmetzen dute beren Enpresa bazkide babeslea bakoitzak egindako ekarpenen eta bere alde metaturiko eskubideen datuen berri izan dezan.
- Bazkide babesleek espresuki ahalmetzen dituzte beren bazkide oso edo arruntak beren Enpresa Bazkide Babesleak beraien alde egindako ekarpenen datuen berri izan dezaten.
- Bazkide oso edo arruntek, eraturiko fondo edo ondarearen zati baterako eskubidea izango dute, beren ekarpenei eta Empresa Bazkide Babesleak beraien alde egindakoei eta hauen emaitzei dagokien zatirako, alegia.
- Bazkide oso edo arruntek prestazioak hartzeko eskubide izango dute, Estatutuetan ezarritako eran.
- Bazkide oso edo arruntek bazkide izaten jarrai dezakete, nahiz eta ez egin ekarpen berririk. Kasu hauetan, aurrez egindako ekarpenei eta berauen ondorioz metaturiko emaitzei dagozkien prestazioetarako eskubidea izango dute egitate kausatzailearen unean.
- Lege eta estatutu-arauek aitortzen dizkieten beste eskubide guztiak.
Bazkide guztiek eskubide berdinak izango dituzte egoera berdinetan.
Bazkide oso edo arruntek eta bazkide babesleek ondorengo betebeharrak izango dituzte:
- Beharrezkoak izanez gero, azterlan aktuarialak egiteko behar diren datuak ematea.
- Aurreko atalean aipaturiko datuak eguneratuta izateko beharrezko argibide guztiak behar hainbat aurretik ematea.
- Gobernu-organoek baliotasunez onartutako akordioak betetzea.
- Lege eta estatutu-xedapenek ezarritako beste betebehar guztiak.
Bazkide oso edo arruntek eta onuradunek, baita enpresa bazkide babesleek ere, beren eskubideen defentsarako, edozein jarduera baino lehenago, Gobernu Batzordearen aurrean erreklamazioa aurkeztu behar dute, eta honek dagokion erantzuna eman beharko du.
Bazkide babesle sustatzailea Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren Erregistro Berezian Erakundearen inskripzioa egiten den unetik izango da bazkide.
Bazkide babesleek bazkide izateko Erakundeari Atxikitzeko Buletina gauzatu behar dute eta 60 euro ordaindu bertako Fondo Mutualari.
Bazkide oso edo arrunt bihurtzeko, inolako bereizkeriarik gabe eta egoera berdinean gainerako bazkideen eskubide berdinak dituztela, Erakundeari Atxikitzeko Buletina gauzatu behar da, bertan zehaztuko delarik hasierako ekarpena, eta kopuru horren ordainketa egin behar da.
III. Titulua: Araubide ekonomikoa
Arogestión Erretiro-Aurrezkia, Enpleguko Borondatezko Gizarte Aurreikuspenerako Erakunde bat da, ekarpen zehaztukoa.
Bazkide babesleek nahiz oso edo arruntek ekarpen ekonomikoak egin ahal izango dituzte, betiere bazkide oso edo arrunt baten izenean, Gobernu Batzordeak ezartzen duen kopuruan eta moduan.
Erakundearen baliabide ekonomikoak honako hauek izango dira:
- Bazkide oso edo arrunten ekarpenak, eta bazkide babesleek haien izenean egindakoak.
- Inbertituriko baliabideak kudeatuz lorturiko errenta, dibidendu, interes edo beste edozein etekin garbi.
- Bestelako edozein diru-sarrera.
Bazkide babesle sustatzaileak hasierako ekarpen bakarra egingo du, 30.050 eurokoa Fondo Mutualera; kopuru hau edozein unetan atera ahal izango da, Gobernu Batzordeak horrela erabaki ondoren, Fondo Mutualaren estaldurarako legez ezinbestekoa den kopurua izan ezik.
Administrazio-gastuak, ezingo dituztelarik legez ezarritako mugak gainditu, aurreikuspen-plan bakoitzaren Erregelamenduan finkatuko dira idatziz.
Denboraldi berean izandako sarrera eta gastuen arteko aldea izango da ekitaldiko emaitza.
Erakundeak, urtean behin gutxienez, bere bazkide arrunt eta babesleetako bakoitzari egoera-orria bidaliko dio; bertan denboraldi horretan bazkideak berak edo beraren alde egindako ekarpenen berri emango da, eta metaturiko eskubideen balioaren berri.
Erakundearen fondoak beren izaerari dagozkion segurtasun, likidezia eta errentagarritasun-irizpideen arabera inbertituko dira, eta indarrean dagoen legeria betez.
Gobernu Batzordeak hainbat Aurreikuspen Plan eratu ahal izango ditu Erakundearen barruan. Plan horietako bakoitza Estatutu hauetan eta bakoitzari dagokion Araudietan xedatutakoaren arabera arautuko da.
IV. Titulua: Prestazioa
Bazkide oso edo arruntak egitate eragilearen unean bere erreserbak metaturiko eskubideei dagokien prestazioa hartzeko eskubidea izango du.
Prestazioaren egitate eragilea bazkide oso edo arruntak erretiroa hartzea izango da, edota lan-jarduera utzi izana 60 urtetik aurrera.
Baita ere prestazioaren egitate eragilea sortuko da baldin eta bazkide osoak edo arruntak Erabateko Ezintasun Iraunkorra, Elbarritasun Handia, edo Erabateko Ezintasun Iraunkor Kualifikatua eman diotela egiaztatzen badu epai irmoz edo behin betiko ebazpen bidez, edota LagunAro, Enpleguko BGAEaren Erabateko Ezintasun Iraunkor Kualifikatua eskuratu duela, eta Arogestión Erretiro-Aurrezkia, Enpleguko Borondatezko Gizarte Aurreikuspenerako Entitateari dagokion eskabidea aurkezten badu.
Prestazioa, bazkide oso edo arruntak aukeratzen duenaren arabera, metaturiko eskubideen ordainketa osoa edo partziala izan daiteke, edo aldi batez hilero, hiru hilero edo urtero errenta bat kobratzea, egitate eragiletik aurrera ordainduko zaiona.
Errenta kobratzea aukeratzen bada, horren zenbatekoa, iraunkorra izango dena, bazkide oso edo arruntak erabakiko du errenta kobratzen hasten denean.
Aldikako errenta hori erabakitzeko, hori kobratzeko bazkideak proposatutako denbora-epea izango da kontuan, nahiz eta honek doitua izan beharko duen, prestazioa bazkideak metaturiko eskubidea agortzean iraungiko baita eta hori agortzen denean bakarrik.
Egitate eragilearen mementoan Arogestión Erretiro-Aurrezkia, Enpleguko Borondatezko Gizarte Aurreikuspenerako Entitateak bazkide osoari eskatuko dio eskatzen duen prestazio-mota argi eta garbi zehaztea, kapital- edo errenta-eran nahi duen, eta bigarren kasu honetan, zein Planetatik nahi duen berari ordaintzea metaturiko eskubideak eta errentaren kopurua, hala balegokio, beharrezko fondoen intsuldaketak egin ahal izateko.
Prestazioaren ordainketarako errentaren modalitatea aukeratu duen bazkide oso edo arruntak edozein unetan eskatu ahal izango du errenta horren aldaketa, baita ere kobratzeko dauzkan eskubide metatuen ordainketa osoa edo partziala.
Beren eskubide ekonomikoak mugitu ahal izango dituzte, zenbateko osoaz edo partzialaz, beste aurreikuspen-plan batera, prestazioaz baliatzeko baldintzak betetzen dituzten bazkide oso edo arruntek, artikulu honetan araututakoaren arabera. Baita ere egin ahal izango dute enpresa bazkide babeslearekin lan-harremana edo soziolaborala behin betiko iraungi dutenek, betiere mobilizazioa enpleguko beste aurreikuspen-plan batera edo, horrelakorik ez badago, erreskatearen aukerarik ez duen beste aurreikuspen-plan batera egiten badute.
Bazkide oso edo arrunta, bazkide nahiz prestazioaren hartzaile denean, hiltzea gertatuz gero, hiltzen den unean metaturiko eskubidea hartuko dute ordainaldi bakarrean hark izendaturiko onuradunak edo onuradunek.
Onuradunik izendatu gabe hil bada, onuradunak, eta ordena honetan, ondorengoak izango dira: ezkontidea edo izatezko bikotekidea, ondorengoak, aurrekoak, eta hauetako inor ez badago, indarrean dagoen legeriaren arabera, oinordeko direnak.
V. Titulua: Erakundearen gobernu organoak
Erakundearen gobernua, orokorrean, Batzar Nagusiari dagokio, eta Gobernu Batzordeari.
Batzar Nagusia Erakundearen gobernu-organo nagusia da.
Gobernu Batzordearen ardura izango da Erakundearen berehalako eta zuzeneko gobernua, eta Batzar Nagusiarenak ez diren ahalmenak zertuko ditu.
Gobernu-organo bateko kide izateko beharrezkoa izango da:
- Bazkide babesle sustatzaile, bazkide babesle edo bazkide oso izatea.
- Erabateko gaitasun juridikoa eta jarduteko gaitasuna izatea.
- Aukeratua edo izendatua izatea.
Baita ere Batzar Nagusira etorri ahal izango dira, gonbidatu gisa eta, beraz, boto-eskubiderik gabe, Erakundearen kudeaketaz arduratzen diren pertsonak.
Batzar Nagusira Erakundeko bazkide guztiak joan daitezke.
Botoa emateko eskubidea Batzarrera dei egiten denean bazkide diren guztiek izango dute.
Estatutu hauetan ezarritakoaren arabera deituak izan ondoren, Batzar Nagusira beraiek etortzeko nahia berariaz eta horretarako emandako epean adierazten ez duten bazkideak, beren enpresak —Arogestión-en bazkide babesleak— izendatutako ordezkariak ordezkatuko ditu Batzarrean.
Bazkideek Batzar Nagusiaren erabakiak aurkatu edo inpugnatu ahal izango dituzte, legearen edo estatutuen aurkakoak baldin badira edo, bazkide baten edo gehiagoren edo hirugarrengoen onurarako, Erakundearen edo bere bazkideen edo onuradunen interesei kalte egiten badiete.
Batzar Nagusia ohikoa eta apartekoa izan daiteke; Gobernu Batzordeko lehendakaria izango da batzarburu eta, bera ez dagoenean, Estatutu hauen arabera haren egitekoak betetzen dituena.
Idazkari lanetan Gobernu Batzordeko idazkaria arituko da, eta, hori egon ezean, lehendakariak izendatzen duen kidea.
Ohiko Batzar Nagusia urtero deitu eta egingo da, urtealdi bakoitza itxi ondorengo lehen lau hilabeteen barruan. Beste Batzar Nagusi guztiak ezohiko edo apartekoak izango dira.
Ezohiko Batzar Nagusira Gobernu Batzordeak dei egingo du, bere ekimenez edo batzarkideen ehuneko hogeik (%20) gutxienez eskatuta.
Gutxienez botoen %10en ordezkaritza duten Ohiko zein Ezohiko Batzar Nagusiko batzarkideek Gai Zerrendan punturen bat sartzeko eskubidea dute.
Batzar Nagusira, ohikora edo apartekora, Gobernu Batzordeak deituko du, bazkideei jakinarazpen pertsonala eginez, batzarra egin baino hamar lanegun lehenago gutxienez eta hogeita hamar egun natural lehenago gehienez.
Iragarkiak batzartzeko data, ordua eta eguna zehaztuko ditu lehen eta bigarren deialdietan, eta Gai Zerrendaren berri ere eman behar du.
Batzar Nagusiak baliotasunez eratzeko beharrezko quorum-ak eta erabakiak hartzeko beharrezko gehiengoak une bakoitzean indarrean dagoen legeriak ezartzen dituenak izango dira.
Akta Liburu bat behar da, behar bezala eginbidetuta, bertan idatziko direlarik batzar nagusietan hartutako akordio edo erabakiak. Baliotasunez hartutako akordioak bazkide guztiek nahitaez betebeharrekoak izango dira.
Batzar Nagusiaren bilerak, Ohikoak zein Ezohikoak izan, aurrez aurre, telematikoki edo modu mistoan egin ahal izango dira.
Batzar Nagusia gai izango da edozein arazo aztertu eta erabakitzeko, eta ondorengo hauetaz ezingo du inola ere bere eskumena eskuordetu:
- Estatutuak onartu eta aldatzea.
- Gobernu Batzordekoak izango diren bazkideak aukeratu, izendatu eta berritzea.
- Gobernu Batzordearen proposamenez, urteroko Aurrekontuak, Emaitza Kontuak, Balantzeak eta Oroitidazkiak onartzea.
- Estatutuak aldatzeko edo Erakundea beste batekin bat egin, federatu edo desegiteko, aurrez bazkide babesle sustatzailearen onarpena eta adostasuna beharko dira.
Gobernu Batzordean ordezkaritza izango dute bazkide babesle sustatzaileak, bazkide babesleek eta bazkide oso edo arruntek.
Gobernu Batzordea zortzi kidek osatuko dute: hauetako lau bazkide babesle sustatzailearen ordezkariak izango dira, eta beste lauak bazkide oso edo arrunten eta bazkide babesleen ordezkariak.
Bazkide babesleek eta bazkide oso edo arruntek demokratikoki aukeratuko dituzte beren ordezkariak.
Gobernu Batzordeko kideak lau urterako izendatu edo aukeratuko dira, ondoren berriro hauta daitezkeelarik inolako mugarik gabe. Bigarren urtearen bukaeran bazkide babesle sustatzailearen ordezkarietako bi berrituko dira, eta gainerako kideetatik beste bi.
Laugarren urtearen bukaeran gainerako lau kideak berrituko dira, eta honela bi urtero berrituz jarraituko da, izendatu eta aukeratzeko lehen aipaturiko prozedura beraren bidez, eta berriro ere hautatuak izan daitezkeelarik. Dena dela, aipaturiko une hauetan bete daitezke behin betiko tartean hutsik geratutako postuak, hauek aldi baterako kooptazio-sistemaz bete daitezkeelarik.
Lehendakaria, kalitateko botoa izango duelarik Gobernu Batzordean, Batzar Nagusiak aukeratuko du.
Gobernu Batzordeak, hasierako eraketaren eta berriztatze bakoitzaren ondorengo lehen bileran, lehendakari, lehendakariorde eta idazkari-karguak beteko dituztenak aukeratuko ditu bere gainerako kideen artean.
Gobernu Batzordea bere egoitza sozialean bilduko da, edo aurreko bileran adierazitako lekuan, ohiko izaeraz lehendakariak deituta, eta gutxienez urtean behin adieraziko den datan.
Lehendakariak Gobernu Batzordearen bilerara dei egingo du, ezohiko edo aparteko eran, Batzordeko hiru kidek edo gehiagok eskatzen badiote. Deialdian bileraren data, ordua eta lekua adieraziko dira, baita Gai Zerrenda ere.
Deialdiak Gobernu Batzordearen bilera baino bost egun lehenago egingo dira gutxienez.
Gobernu Batzordera pertsonalki edo ordezkatuta joan ahal izango da. Kide bakoitzak saio bakoitzean beste kide bat baino ezingo du ordezkatu.
Batzordea baliotasunez eratzeko bertan edo ordezkatuta dauden partaideen erdiak eta bat gehiago bildu behar dira gutxienez, eta erabakiak bildutakoen edo eskuordetuen gehiengo soilez hartuko dira, enpate kasuetan lehendakariaren kalitateko botoak erabakiko duelarik.
Botoa espresuki eta idatziz eskuordetu beharko da, eta bilera zehatz eta jakin baterako izango da. Botoa eskuordetzeko idazkiak aditzera eman beharko ditu kide eskuordetzailearen eta eskuordetuaren datuak. Gainera, eskuordetze idazkian zehaztu ahal izango da gai zerrendako puntu guztietarako edo batzuetarako botoaren nolakoa.
Botoa eskuordetzea noiznahi ezeztatu ahal izango da. Eskuordetzailea Gobernu Batzordearen bilerara joaten bada, eskuordetza bertan behera geratuko da.
Aurreko paragrafoan aipaturiko quorum eta gehiengo soilari begira, bete gabeko postuek murriztu egingo dute Gobernu Batzordeko kideen kopurua.
Batzar Nagusiaren bilerak, Ohikoak zein Ezohikoak izan, aurrez aurre, telematikoki edo modu mistoan egin ahal izango dira.
Gobernu Batzordeak ondorengo eskumen eta ahalmenak izango ditu:
- Erakundearen berehalako eta zuzeneko gobernua eta honen ordezkaritza.
- Ohiko eta aparteko batzar nagusietara deitzea.
- Estatutu-aginduak bete eta betearaztea, baita batzar nagusiek eta Batzordeak berak baliotasunez hartutako erabakiak ere.
- Erakundearen administrazioa eta kudeaketa ikuskatu eta kontrolatzea.
- Batzar Nagusiari Egoera Balantzea, Emaitza Kontua eta Urteko Oroitidazkia aurkeztea.
- Erakundearen kudeaketa, aholkularitza eta administraziorako hirugarrengoekin kontratuak egitea, baita beharrezko diren ekintza guztiak ere Erakundearen garapen ekonomikorako.
- Estatutu hauen VI. Tituluan ezarritakoaren ondoriozko zigorrak ezartzea.
- Batzar Nagusiari espresuki ez dagozkion beste eskumenak.
Gobernu Batzordeko kideek arduratsu beteko dute beren kargua, maltzurkeriaz, ahalmen-abusuaz edo utzikeria larriaz eragindako kalteez bazkideen aurrean erantzun beharko dutelarik; kasu hauetan Batzar Nagusiak kendu egin ditzake kargutik.
Gobernu Batzordeko lehendakariak Erakundearen ordezkaritza nagusia zertuko du. Honako hauek izango ditu bere ahalmen eta egitekoak:
- Erakundearen ordezkari izatea, Gobernu Batzordearen izenean, egiten diren ekitaldi eta kontratu guztietan.
- Batzar Nagusiaren buru izatea, eta Gobernu Batzordearen bilerara deitu eta berorren buru izatea, Gai Zerrenda erabakiz.
- Lege eta estatutu-arauek eskaturiko formalitateak bete daitezen zaintzea.
- Gobernu-organoei berariaz eman gabeko beste egiteko guztiak.
Gobernu Batzordeak ematen dizkion eginkizunak betetzeaz gain, lehendakariordeak lehendakariaren egitekoak ere bere gain hartuko ditu, hau kanpora joan, gaixotu, hil edo antzeko zerbaitengatik ordeztu behar duenean.
Ondorengo egitekoak dagozkio idazkariari:
- Batzar Nagusiko eta Gobernu Batzordeko aktak egitea.
- Ziurtagiriak egitea, lehendakariak ontzat emanda.
- Lehendakariari espresuki ez dagozkion gutunak eta agiriak izenpetzea.
- Batzar Nagusi eta Gobernu Batzordearen bileretarako deialdiak bideratzea.
- Akordio edo erabakiak Akta Liburuan idaztea, eta hauek gordetzea.
Idazkaria bertan ez dagoenean, lehendakariak izendaturiko Gobernu Batzordeko kideak egingo ditu idazkariaren lanak.
Bokalak Gobernu Batzordeko bileretara joateko eskubidea eta obligazioa dute, eta Batzordeak izendatzen dizkien eginkizun guztiak bete behar dituzte.
VI. Titulua: Diziplina araubidea
Zigorra merezi duten hutsegiteak izango dira ondoren zerrendatutako hauek, eta berauen parekotzat joko dira aurreikusi gabeko guztiak, Gobernu Batzordearen iritziz, antzeko larritasuna baldin badute.
Hutsegite sozialak arinak, larriak edo oso larriak izan daitezke.
- Hutsegite arinak izango dira:
Erakundea behar bezala administratzeko eskatutako datuak Erakundeari ez ematea. - Hutsegite larriak izango dira:
Hutsegite arinetan berrerortzea.
Karguetarako izendatu ondoren, eta Gobernu Batzordearen iritziz bidezko arrazoirik gabe, kargua ez onartzea edota dimititzea.
Hartutako karguak arduraz ez betetzea. - Oso hutsegite larriak izango dira:
Hutsegite larrietan berrerortzea.
Gobernu-organoek harturiko erabakiak ez betetzea.
Bidezkoa ez den prestazio bat ordainarazteko agiriak faltsifikatu edo ezkutatzea.
Aurreko artikuluan aipaturiko hutsegiteengatik jar daitezkeen zigorrak, orokorki, honako hauek izan daitezke:
- Hutsegite arinengatik:
Ahoz edo idatziz ohartaraztea. - Hutsegite larriengatik:
Gobernu-organoetan parte hartzeko eskubidea aldi batez etetea. - Hutsegite oso larriengatik:
Gobernu-organoetan parte hartzeko eskubidea iraunkorki etetea.
Kanpora botatzea.
Zigorrak jartzeko prozeduran ondorengo arauak bete behar dira:
- Hasteko salaketa formala edo ofiziozkoa egingo da, Erakundeak zigorgarri izan daitekeen zerbaiten berri izaten duenean.
- Lehendakariak karguen zerrenda egingo du eta, beharrezko bermeaz, ustezko arau- hausleari bidaliko dio; honek, hartzen duenetik hasita, hamabost egun naturaleko epea izango du idatziz erantzuteko.
- Bi idazkiak, eta bilduriko aurrekariak, Gobernu Batzordeari aurkeztuko zaizkio; honek, gertaturikoa argitzeko beharrezko ikerketak egin ondoren, dagokion erabakia hartuko du egiten duen lehen bileran.
Zigorturiko bazkideek ondorengo helegiteak jar ditzakete:
- Gobernu Batzordearen erabakien aurka, Batzar Nagusira jo dezakete.
- Batzar Nagusiaren erabakien aurka, Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailera jo dezakete, edo Erakundearen antolamendu eta funtzionamenduari buruzko gaietan eskudun den organora.
VII. Titulua: Desegitea eta kitapena
Erakundea kitapenik gabe desegingo da, Batzar Nagusian, Estatutu hauetan eskaturiko gehiengoaz, Borondatezko Gizarte Aurreikuspenerako beste erakunde batekin edo batzuekin bat egitea erabakitzen bada.
Erakundea desegin egingo da, sozietate-ondarearen kitapenaz, Batzar Nagusian horrela erabakitzen bada Estatutu hauetan eskaturiko gehiengoaz.
Batzar Nagusiak erabakitzen badu, kitapenaren ondoriozko ondare garbia honela banatuko da:
- Bazkide babesle sustatzaileari eta bazkide babesleei jarritako Fondo Mutuala itzuliko zaie.
- Ondare-fondoaren kitapen-balioa proportzionalki aplikatuko zaio bazkide bakoitzari, Erakundean metaturik dituen eskubideen arabera.
Batzorde Kitatzailea Batzar Nagusiak izendatuko du.
Xedapen iragankorrak
Beren eskubideak erreskatatzeko eskubidea izango dute soilik bazkide oso edo arruntek, 2012ko martxoaren 7an alta emanda zeudenek, lehenengo ekarpena egin zutenetik gutxienez hamar urte igaro ondoren berariaz horrela eskatzen badute, baina eskubide hori mugatuta geratuko da 2012ko martxoaren 7an zeuzkaten partaidetzen baliora, erreskatea gauzatzeko datan eguneratuta.