I. Kapitulua
Xedapen orokorrak
[Apirila 2024]1. artikulua
LagunAro, EPSVren helburua, bere bazkide babesle diren Kooperatibetako mutualistei eta horien senitarteko onuradunei laguntza eta aurreikuspen mutualista ematea da.
2. artikulua
Bat. Prestazioak, erabilitako finantzaketa sistemaren arabera, honela sailkatzen dira:
- Banaketako Prestazioak:
- Desgaitasuna duten Pertsonentzat Laguntza.
- Osasun Laguntza.
- Aldi Baterako Ezintasuna.
- Haurdunaldiko arriskua.
- Berezko edoskitzaroko arriskua.
- Jaiotza eta Adingabearen Zaintza.
- Minbizia edo beste gaixotasun larriren bat duten adingabeen zainketa.
- Enplegurako Laguntza.
- Heriotzagatiko Laguntza.
- Genero indarkeriaren biktima diren mutualistak.
- Kapitalizazio Prestazioak:
- Erretiroa.
- Alarguntasuna, Zurztasuna eta Zurztasun Absolutua.
- Ezintasun Iraunkorra.
- Etenaldiko mutualista.
Bi. Estatutu Sozialetako 39. artikuluak aipatzen dituen suposizioetan, prestazio erregimena LagunAro, EPSVko Kontseilu Errektoreak kasu bakoitzerako erabakitzen duena izango da.
Hiru. 2010eko martxoan Batzar Nagusiak aldaketa onartu zuen, bai kotizazio sisteman, bai LagunAro, EPSVn ordura arte indarrean egondako kapitalizazio prestazioen arauketan, eta jarduera irizpide espezifikoak ezarri ziren data hartan alta egoeran zeuden mutualista eta pentsiodunei buruz, Prestazioen Erregelamendu honen Xedapen Iragankorretan araututa geratzen direlarik.
Lau. Kapitalizazio prestazioen kasuan, zeinak bizi artean hileroko errenta moduan ordaintzen baitira, Kontseilu Errektoreak, eraginkortasun irizpideengatik, gutxieneko kopuru bat ezarri ahal izango du, eta, beraz, ateratzen den hileko zenbatekoa ez bada gutxieneko kopuru horretara iristen, pentsiodunari dagokion eskubidea ordainketa bakar baten edo aldi baterako errentaren bidez kobratzea ezarri ahal izango du.
3. artikulua
Prestazioen Erregelamendu honen Xedapen Iragankorretan araututakoa gorabehera, kotizazio oinarria Estatutu Sozialetako 22. artikuluak ezartzen duenaren arabera kalkulatuko da, lan indizearen osagai guztiak kontuan hartuta, hots, egiturazko indizea, funtzionala, lan konpentsazioko saria, iraupen plusa, intzidentzia negatiboak eta antzekoak, aparteko pagarik gabe. Kotizazioa hamabi aldiz egingo da urtean.
4. artikulua
Kooperatiba bazkide babesleetan eragindako alta eta bajen jakinarazpenak zehatzmehatz formulatu behar dira, gertatu ondorengo hamar lanegunen barruan. Jakinarazpen horiek horretarako ezarritako betebehar administratiboen arabera egin behar dira.
5. artikulua
Epez kanpo tramitaturiko alten kasuan, Kooperatiba bazkide babesleko mutualista izaten hasten den egun berean sortuko da kotizatu beharra, probaldia barne.
Aurreko paragrafoan ezarritako kasuetan, alta data, LagunAro, EPSVren prestazioak hartzen hasteko, dagokion dokumentazioa hartu aurretiko hamargarren eguna izango da, gehienez ere.
6. artikulua
Bajaren ondorioei dagokienez, bazkideak bere lan jarduerari uzten dion, edo bazkide izaera galtzen duen, egun berean eragingo dira, Estatutu Sozialetako 37. artikuluaren bigarren paragrafoko kasuetan izan ezik, bere kotizazioko prestazio berezietarako.
Kooperatiba bazkide babesleek bajaren berri emango ez balute, alta honek ez luke inolako ondoriorik izango prestazio eskubideari begira, baina, Kontseilu Errektorearen iritziz, Kooperatibari legokiokeen kotizatzeko obligazioaren kalterik gabe.