II. Kapitulua: Banaketa prestazioak
Lehen sekzioa: Desgaitasuna duten pertsonentzat Laguntza
[Apirila 2024]Prestazioaren definizioa eta ezaugarriak
7. artikulua
Desgaitasuna duten Pertsonentzat Laguntza, hain zuzen, Kontseilu Errektoreak desgaitutzat onarturiko eragileetako bakoitzarengatik, onuradunari hilero ematen zaion diru kopurua da. Laguntza hori hilero kopuru jakin bat emanez edo ikasketak egiteko edo errehabilitazio bereziren baterako beka emanez zertu daiteke.
8. artikulua
Honako egoera hauetan dauden mutualistak izango dira onuradunak:
- Aktiboan, Aldi baterako Ezintasunean, Haurdunaldiko Arriskuan, Berezko Edoskitzaroko Arriskuan, Jaiotza eta adingabearen zaintzan, Minbizia edo beste gaixotasun larriren bat duten adingabeen zainketan, Langabezian edo Aurreerretiroan.
- Ezintasun Iraunkorreko Prestazioa.
- Aldi baterako lan utzialdi edo eszedentzian bere Kooperatiba bazkide babeslean, baina LagunAro, EPSVri kotizatzeari utzi gabe.
- Erretiro pentsiodunaren egoeran.
Senar-emazteak biak baldin badira LagunAro, EPSVko mutualista, bien artean izendatu behar dute prestazioaren onuraduna. Bietatik bat bakarra baldin bada, horixe izango da onuraduna.
Gainera, prestazioaren onuradun izango dira:
- Alarguntasun pentsioduna zen mutualistaren alargun edo alarguntsa.
- Zurztasun Absolutuko kasuetan, Alarguntasun pentsiodun izaera duen neba-arreba. Desgaitua seme edo alaba bakarra bada, bere legezko ordezkaria.
9. artikulua
Prestazio horretarako eskubidea honako desgaitasuna duten pertsona hauek dute:
- Mutualistaren edo bere ezkontidearen seme-alabek, berdin delarik horien lege egoera.
- Alarguntasun pentsiodun den alargun edo alarguntsaren seme-alabek, berdin delarik horien lege egoera.
- Zurztasun Absolutuko pentsiodunak.
10. artikulua
Prestazio honetarako eskubidea LagunAro, EPSVko Kontseilu Errektoreak eskubidearen eragileari izaera hau onartu eta hurrengo hileko lehen egunetik aurrera izango da, eta bukatu, berriz, Zenbateko Finkoaren modalitatean, desgaitasuna amaitutakoan edo 23 urte betetakoan, desgaitasuna %65ekoa baino txikiagoa bada, eta Beka modalitatean, Kontseilu Errektoreak onartutako aldia bukatzean edo 23 urte betetakoan.
Prestazioaren zenbatekoa eta kuotaren kalkulua
11. artikulua
Desgaitasuna duten Pertsonentzat Laguntzaren diru kopurua, Zenbateko Finkoari dagokionez, Batzar Nagusiak onetsiko du, bertan erabakiko den aldirako.
Alternatiboki, eta hala dagokion kasuetan, ikasketak edo errehabilitazio bereziak egiteko beka emango da; bekak laguntza horren kostuaren %90 estaliko du, LagunAro, EPSVko Kontseilu Errektoreak baimendutako zerbitzuak edo erakundeak erabiltzen badira betiere.
12. artikulua
Desgaitasuna duten Pertsonentzat Laguntza finantzatzeko oinarrizko kuota partziala, mutualista bakoitzaren kotizazio indizearen kontsumo aurrerakinarekiko proportzionala dena, hau izango da: ekitaldi baterako kalkulatutako gastua mutualistek aldi horretan jasoko dituzten kontsumo aurrerakin guztien artean zatituta ateratzen den ehunekoa.
Kalkulua ateratzeko, honako aldagai hauek hartuko dira kontuan:
- Hurrengo ekitaldirako kalkulatzen den eragileen kopurua.
- Prestazioaren batez besteko zenbatekoa eragile bakoitzeko.
- Aurreko urtean gerta zitezkeen desbiderapenak.
Bigarren sekzioa: Osasun laguntza
[Apirila 2025]Prestazioaren definizioa eta ezaugarriak
13. artikulua
LagunAro, EPSVren Osasun Laguntzako prestazioan osasun laguntza espezializatuaren zerbitzu mediko-kirurgikoak, anbulatorioko eta ospitaleko erregimenean, sartzen dira, Kontseilu Errektoreak onarturiko zerbitzu medikoen katalogoan jasoak.
14. artikulua
Aurreko artikuluan zehaztutako prestaziorako eskubidea izango dute honako egoera hauetakoren batean dauden mutualistek:
- Aktiboan, Aldi baterako Ezintasunean, Haurdunaldiko Arriskuan, Berezko Edoskitzaroko Arriskuan, Jaiotza eta adingabearen zaintzan, Minbizia edo beste gaixotasun larriren bat duten adingabeen zainketan, Langabezian edo Aurre-erretiroan.
- Seme-alabak edo senideak zaintzeko legez babestutako eszedentzian, betiere Osasun Laguntzako prestazio horretarako kotizatzen bada.
Bere Kooperatiban aldi baterako lan utzialdian dauden mutualistek mantendu egin dezakete aurrez zeukaten Osasun Laguntzako prestazioa, ez badute eteten LagunAro, EPSVko kotizazioa, Estatutu Sozialetako 36.2 artikuluan araututakoaren arabera.
15. artikulua
Osasun Laguntzako prestazioaren onuradun izango dira, aurreko artikuluan aipaturiko mutualistez gain, horien seme-alabak, zeinahi dela ere horien legezko izaera, betiere 23 urtez beherakoak edo lanerako desgaituak baldin badira. Ondorio hauetarako, seme-alaben pareko izango dira familian seme-alaba gisa hartuak eta tutoretzapekoak.
16. artikulua
Osasun Laguntzarako eskubidea prestazio honengatik kotizatzen den lehenengo egunetik izango da eta prestazio honetan baja eragiten den egun berean bukatuko da.
Prestazioaren zenbatekoa eta kuotaren kalkulua
17. artikulua
Osasun Laguntzako prestazioak esan nahi du LagunAro, EPSVk ordainduko dituela prestaziora adskribatutako mutualistak eta horren onuradunek prestazioa osatzen duten zerbitzu mediko-kirurgikoen ondorioz egindako gastuak, zerbitzua erabiltzeagatik dagozkien ordainkidetzak kendu ondoren.
Zerbitzuagatiko ordainkidetza horiek, mutualistari zordunduak, prestazioaren zerbitzu propioak erabiltzeagatik sortutako gastuen %30 izango dira anbulatorio erako arreta espezializatuko kasuetan, eta zerbitzu bakoitzeko gehienekoa urtero Kontseilu Errektoreak ospitaleratze eta kirurgia prozesuetarako ezarriko duen kopuru finkoaren baliokidea izango da.
Kontingentzia profesionalen ondoriozko Osasun Laguntza kasuetan, mutualistak ez du ordainkidetzarik egin beharko, eta bere Kooperatibari egokituko zaio hori ordaintzea.
18. artikulua
Prestaziora adskribatutako mutualistak eta horren onuradunek prestazioaren zerbitzu propio guztiez gozatzeko, LagunAro, EPSVk bere osasun eskualdeetan hitzarturiko Arau, Tarifa edo Zerbitzuetara egokitu beharko dute, baita Kontseilu Errektoreak ezarritako baimen eta prozeduretara ere. Prestazio honen —eta batez ere emateko jokoan jarritako bitartekoen— aplikazio egokiak, irizpide kritikoak eta zuzenketa neurriek onuradunen laguntza handia eskatzen dute, eta horretarako Kontseilu Errektoreak kontuan izango ditu Kooperatibetako Organo Sozialen eta LagunAro, EPSVko Batzorde Delegatuen iradokizun eta proposamenak.
19. artikulua
Osasun Laguntzako prestazioa oinarrizko kuota partzialaren bidez finantzatuko da, Kooperatiba bazkide babesleek ordaindu beharrekoa bere bazkide mutualistetako bakoitzarengatik.
Oinarrizko kuota partzial hori mutualista bakoitzaren kotizazio indizearen kontsumo aurrerakinarekiko proportzionala izango da, eta ekitaldian finantzatu beharreko kostua mutualistek aldi horretan jasoko dituzten kontsumo aurrerakin guztien artean zatituta kalkulatuko da.
Prestazioaren kostua, eta ondorioz, kanonaren eta kuotaren zenbatekoa kalkulatzeko, honako aldagai hauek hartuko dira kontuan:
- Onuradun bakoitzeko gastuaren zenbatekoaren aldaketak, prestazio honetako zerbitzuen prezio aldaketen arabera.
- Ekitaldirako kalkulaturiko onuradun kopuruaren aldaketa.
- Aurreko ekitaldian prestazioaren saldoan izan zitezkeen desbiderapenak.
20. artikulua
Eska daitekeen erantzukizun maila lortzeko, LagunAro, EPSVk hobaria edo zigorra emango dio Komunitate Mutualista bakoitzari, iragan ekitaldian Osasun Laguntzako prestazioan onuradun bakoitzarentzat batez beste kalkulaturiko gastuarekiko izan diren desbiderapenengatik, irizpide hauen arabera:
- Kalkulaturiko batez besteko gastu hori gainditzen duten Komunitate Mutualistek, zigor gisa, batez beste kalkulaturiko gastuaren eta benetan egindakoaren arteko aldearen %50 ordainduko dute, betiere egindako gastua ez baldin bada batez beste kalkulaturiko gastuaren %110 baino handiagoa.
Egindako gastuak batez beste kalkulaturiko gastuaren %110 gainditzen badu, gehiegizko gastu horren gaineko zigorra %75era igoko da. - Batez beste kalkulaturiko gastura iristen ez diren Komunitate Mutualistei, hobari gisa, itzuli egingo zaie batez beste kalkulaturiko gastuaren eta egindako gastuaren arteko aldearen %50.
Bi kasuetan, dagokion zorduntze edo abonuaren bidez egingo da kitapena hurrengo ekitaldiaren barruan, LagunAroko Batzar Nagusiak urte horretako kontuak onartu ondoren.
Komunitate Mutualista bakoitzak ezarriko ditu dagozkion hobariak eta zigorrak banatzeko irizpideak Komunitate hori osatzen duten Kooperatiben artean, betiere baldintza hauek errespetatuz:
- Hobaririk ez ordaintzea LagunArok batez beste kalkulaturiko gastuaren %110 baino gastu maila handiagoa duten Kooperatibei.
- Zigorrik ez jartzea LagunArok batez beste kalkulaturiko gastuaren %90 baino gastu maila txikiagoa duten Kooperatibei.
Baldintza horiek ez dira aplikagarriak izango Komunitate Mutualista bateko Kooperatiba guztiek horri buruzko erabakia hartzen badute.
Hirugarren sekzioa: Aldi Baterako ezintasuna
[Apirila 2025]Prestazioaren definizioa eta ezaugarriak
21. artikulua
Aldi baterako Ezintasunak esan nahi du mutualistak diru kopuru baterako eskubidea duela, 23. artikuluan zehazturiko egoeretan lan egin ezinaren ondorioz galdutako lan aurrerakinengatik.
Halaber, Aldi baterako Ezintasuneko prestazio honen barruan sartzen dira Sekuelak, Lan Desgaitasuna eta Ezintasun Iraunkor Osoagatiko (EIO) Kalte Ordaina aitortzearen ondoriozko egoerak, Prestazioen Erregelamendu honen 30. eta 31. artikuluetan araututakoak.
22. artikulua
Lanean ari diren mutualista aktibo guztiek eta Haurdunaldiko Arrisku, Berezko Edoskitzaroko Arrisku, Jaiotza eta adingabearen zaintzako edo Minbizia edo beste gaixotasun larriren bat duten adingabeen zainketa prestaziotik datozenek eragingo dute prestazio hau, eta horiek izango dira onuradun.
23. artikulua
Mutualistaren aldi baterako ezintasuna egoera hauetan gertatuko da:
- Gaixotasun arrunt edo profesionalen bat eta istripuren bat —lanekoa edo ez— jasatean, Osasun Laguntza hartu eta lanerako gauza ez den bitartean.
- Behaketa aldietan eta parekatu edo baliokideetan, horietan lanerako baja agintzen bada.
24. artikulua
LagunAro, EPSVn alta hartzen duen egunetik izango du mutualistak prestazio honetarako eskubidea.
Hamabi hilabeteko iraupena izango du gehienez ere, baina luza daiteke pentsatzen bada mutualistari senda agiria emateko aukera dagoela.
Aurreko paragrafoan ezarritako hamabi hilabeteko epe hori agortzean, Gizarte Segurantzako Lege Orokorrak araututakoa aplikatuz, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionala izango da organo eskudun bakarra baja egoerak kudeatu eta kontrolatzeko eta, beraz, luzapen egoera berariazkoa onartzeko beste sei hilabetez (kasu jakin batzuetan beste sei hilabetera ere luza daitekeena), edota ezintasun iraunkorreko espedientea hastea erabakitzeko, edota senda agiria emateko.
25. artikulua
Enpresako Zerbitzu Medikoaren edo LagunAro, EPSVko Ezintasunen Zerbitzu Medikoaren iritziz, Aldi baterako Ezintasunak ez badio mutualistari bere Kooperatiba bazkide babeslean jardueraren bat betetzea eragozten, onartu egin beharko du bere egoeraren arabera ezartzen zaion lanpostua, eta une horretan LagunAro, EPSVri amaitu egingo zaizkio betebehar ekonomiko guztiak.
Lanpostu horren esleipena aipaturiko Zerbitzuetakoren baten eskuduntza da, eta beronen baimenik gabe ezingo da aldatu behin betiko altaren aurretik. Mutualistak uko egiten badio lanpostuari, lanerako alta emateko ahalmena izango du Zerbitzu horrek, eta une horretatik aurrera, Aldi baterako Ezintasunaren prestaziorako eskubide guztiak galduko ditu.
26. artikulua
Aldi baterako Ezintasuna honako arrazoi hauetakoren baten ondorioz galduko da:
- Alta medikoa ematean, Ezintasun Iraunkorra onartuta edo onartu gabe.
- Prestazioen Erregelamendu honen 24. artikuluan araututako gehienezko iraupen epea igarotzean.
- Mutualista hiltzean.
- Baliaezintasun Handiko, Ezintasun Iraunkor Absolutuko, Desgaitasun Iraunkor Oso Kualifikatuko edo Erretiroko prestazioak eskuratzean.
Halaber, Langabezia eta Aurre-erretiroko egoerak bateraezinak izango dira Aldi baterako Ezintasunaren prestazioarekin.
Prestazioaren zenbatekoa eta kuotaren kalkulua
27. artikulua
Aldi baterako Ezintasunagatiko diru kopurua, hain justu, kotizazio indizearen hileko kontsumo aurrerakinarekiko proportzionala izango da, gehi egoera horretan dagoen mutualistari dagokion Kuota Osoa.
Diru kopuru hori hamaika hiletan jasoko da urtean, oporraldia kenduta, salbu ezintasun hori haurdunaldiaren, erditzearen edo berezko edoskitzaroaren ondoriozkoa denean. Kuota Osoa LagunAro, EPSVn sartuko da, dagozkion prestazioak estaltzeko.
Ordainduko diren kopuruak, aipaturiko aldi horietarako, hauek izango dira: Lanekoa ez den istripu edo gaixotasun kasuan:
- Kontsumo Aurrerakinaren %80 gehi Kuota Osoa, lehen hiletik laugarrenera.
- Kontsumo Aurrerakinaren %90 gehi Kuota Osoa, bosgarren hiletik aurrera.
Kooperatibek aukera dute, lan istripuen kasuetan, prestazioa %100eraino osatzeko, hirugarren hiletik aurrera.
Kooperatibek prestazioaren kostuaren %50 hartuko dute bere gain Aldi Baterako Ezintasuneko prozesu bakoitzaren lehenengo hiru egun naturaletan.
Kooperatibek bere baitan arauak ezarri ahal izango dituzte, bajak errepikatzen badira, mutualistak lehenengo hiru egun naturalei dagokien kontsumo aurrerakinaren %80 ez jasotzeko, osorik edo partzialki (urte natural bereko bigarren bajatik aurrera); ondorio horietarako ez dira kontuan hartuko laneko istripuagatik gertatutako bajak.
28. artikulua
Aldi baterako Ezintasuna finantzatzeko oinarrizko kuota partziala, mutualista bakoitzaren kotizazio indizearen kontsumo aurrerakinarekiko proportzionala dena, hau izango da: dagokion ekitaldirako kalkulatutako gastuaren eta mutualistek aldi horretan jasoko dituzten kontsumo aurrerakin guztien arteko zatiketatik ateratzen den ehunekoa.
Kuota hori prestaziorako kotizatzen ari diren mutualista guztiek ordainduko dute, bakoitzari dagokion kontsumo aurrerakinaren arabera eta dagokion kotizazio indizearen arabera.
Kuota hori kalkulatzeko, aurrez aldagai hauek hartuko dira kontuan:
- Hurrengo ekitaldian ordainduko diren lan aurrerakinen maila.
- Gaixotasun edo istripuengatik izandako absentismoaren ehunekoa.
- Aurreko ekitaldian gerta zitezkeen desbiderapenak.
29. artikulua
Eska daitekeen erantzukizun maila lortzeko, LagunAro, EPSVk hobaria edo zigorra emango dio Komunitate Mutualista bakoitzari iragan ekitaldian Aldi Baterako Ezintasun prestazioan batez beste kalkulaturiko gastuarekiko izan dituen desbiderapenengatik (desbiderapen horiek zehaztearen ondorioetarako, Sekuela, Lan Desgaitasun eta Ezintasun Iraunkor Osoagatiko (EIO) Kalte Ordainen estualdurei dagozkien gastua gehitu gabe), irizpide hauen arabera:
- Kalkulaturiko batez besteko gastu hori gainditzen duten Komunitate Mutualistek, zigor gisa, batez beste kalkulaturiko gastuaren eta benetan egindakoaren arteko aldearen %50 ordainduko dute, betiere egindako gastua ez baldin bada batez beste kalkulaturiko gastuaren %110 baino handiagoa.
Egindako gastuak batez beste kalkulaturiko gastuaren %110 gainditzen badu, gehiegizko gastu horren gaineko zigorra %75era igoko da. - Batez beste kalkulaturiko gastura iristen ez diren Komunitate Mutualistei, hobari gisa, itzuli egingo zaie batez beste kalkulaturiko gastuaren eta egindako gastuaren arteko aldearen %50.
Bi kasuetan, dagokion zorduntze edo abonuaren bidez egingo da kitapena hurrengo ekitaldiaren barruan, LagunAro, EPSVko Batzar Nagusiak urte horretako kontuak onartu ondoren.
Komunitate Mutualista bakoitzak ezarriko ditu dagozkion hobariak eta zigorrak banatzeko irizpideak Komunitate hori osatzen duten Kooperatiben artean, betiere honako baldintza hauek errespetatuz:
- Hobaririk ez ordaintzea LagunAro, EPSVk batez beste kalkulaturiko gastuaren %110 baino gastu maila handiagoa duten Kooperatibei.
- Zigorrik ez jartzea LagunAro, EPSVk batez beste kalkulaturiko gastuaren %90 baino gastu maila txikiagoa duten Kooperatibei.
Baldintza horiek ez dira aplikagarriak izango Komunitate Mutualista bateko Kooperatiba guztiek horri buruzko erabakia hartzen badute.
Sekuelen, Lan Desgaitasunaren eta Ezintasun Iraunkor Osoaren Kalte Ordainen estaldurak
30. artikulua
Sekuelen, Lan Desgaitasunaren eta Ezintasun Iraunkor Osoaren Kalte Ordainen estalduretarako eskubidea sortuko dute egoera hauetan daudenak: aktibo, Aldi Baterako Ezintasuna, Haurdunaldiko Arriskua, Edoskitze Naturaleko Arriskua, Jaiotza eta adingabearen zaintza edo Minbizia edo beste gaixotasun larriren bat duten adingabeen zaintza.
Sekuelak
Estaldura honen barruan sartzen da mutualista aktiboari kontingentzia profesional baten ondorioz geratzen zaizkion Sekuelen konpentsazio ekonomikoa, horiek ez badute baliaezintasunik eragiten –hau da, ez dakarte halabeharrez lan jarduera bertan behera utzi beharra.
Konpentsazio ekonomikoa Gizarte Segurantzak arrazoi beragatik mutualistari lesio iraunkor ez-desgaitzaileen prestazioagatik aitortzen dion balorazio ekonomikoaren arabera zehaztuko da.
Mutualistak Sekuelengatiko konpentsazioa Ezintasun Iraunkorreko prestazioa baino lehen jaso izan duen kasuetan, biak bateraezinak izanik, jasotako zenbatekoa itzuli beharko du, azkenean onartzen zaion pentsioari dagozkion hilekoen kargura.
Lanerako Desgaitasuna
Estaldura honen barruan sartzen da gaixotasun larri eta espezifikoak dituen mutualistaren egoera, baldin eta bere ohiko lanbidean lanaldi osoa bete ezin badu, eta horrek diru sarrerak murriztea eragiten badu. Kasu horretan, prestazioa diru sarreren galera hori konpentsatzeko aldi baterako osagarri bat da.
Estaldura hau izateko eskubidea LagunAro, EPSVren Zerbitzu Medikoak onartuko du, eta LagunAro, EPSVren Ezintasun Arloari eskatu eta hurrengo hilaren lehen egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Lanerako Desgaitasunaren prestazioa arrazoi hauengatik iraungiko da:
- Medikuaren aginduak ez betetzeagatik.
- Prestazioari ezarritako epea amaitu delako, aurre-erretiroagatik edo langabeziagatik.
- LagunAro, EPSVko Zerbitzu Medikoak berrikusi duelako, bere ekimenez edo Batzorde Delegatuak proposatuta.
- Heriotza.
Ezintasun Iraunkor Osoagatiko Kalte Ordaina
Estaldura hau jasotzeko eskubidea izango du baldintza hauek betetzen dituen mutualistak:
- 55 urte baino gutxiago izatea.
- Gutxienez 5 urtez LagunAro, EPSVri kooperatiba bazkide babesle bateko bazkide aktibo gisa kotizatu izana egiaztatzea.
- Erakunde ofizial eskudunak Ezintasun Iraunkor Osoa onartua izatea (EIO), behin betiko ebazpen edo epai irmo bidez.
- Kooperatiba bazkide babeslean lanean egoki kokatzeko eskaera egotea baina horretarako eragozpen edo zailtasun errealak daudela egiaztatzea.
- Kooperatiban bazkide babeslean behin betiko baja izatea.
Estaldura honetarako eskubidea, betiere LagunAro, EPSVren Ezintasun Arloak aitortzen badu, eskatu eta hurrengo hilaren lehen egunetik aurrera sortuko da.
Ezintasun Iraunkor Osoagatiko Kalte Ordainaren estaldura eskuratzen duten mutualistek ezingo dute eskuratu Erregelamendu honen 62. artikuluan araututako Enplegu Laguntzako Kalte Ordainaren estaldura, ezta alderantziz ere.
Ezintasun Iraunkor Osoagatiko Kalte Ordainaren estaldura hau behin baino ez du eskuratuko mutualista bakoitzak.
31. artikulua
Estaldura horien zenbatekoa hau da:
- Sekuelengatiko konpentsazio ekonomikoa Gizarte Segurantzak egindako balorazioaren ondoriozko zenbatekoaren %50 izango da.
- Lanerako Desgaitasunari dagokionez, hamabi hilekotan ordainduko dira lanik egin gabeko ordu edo egunengatik jaso gabeko diru kopuruak, alde batera utzita ordainsari aldakorrak, plusak eta egiturazkoak ez diren beste kontzeptu batzuk.
Sarrerako azterketa medikoan agertzen diren patologiek, zeinak LagunAro, EPSVk dagokion mutualistari eta Kooperatiba bazkide babesleari jakinarazi dizkien, ez dute Sekuelen eta Lanerako Desgaitasunaren prestazioak hartzeko eskubiderik izango. - Ezintasun Iraunkor Osoagatiko Kalte Ordainaren zenbatekoa oroharrekoa izango da, eta, gutxienez, aurreko 12 hilabeteetako batez besteko kotizazio indizearen kontsumo aurrerakinaren 12 hilekoa izango da, eta zenbateko hori handituz joango da, aipatu kontsumo aurrerakinaren hileko batekin, Kalte Ordaina eskuratzeko eskatzen den bost urtetik aurrera kotizatutako 12 hilabeteko aldi gehigarri bakoitzeko, inola ere amaierako zenbatekoa ezingo delarik izan aipatu kontsumo aurrerakinaren 24 hilekoren parekoa baino handiagoa.
Mutualista, ondoren, LagunAro, EPSVko kooperatiba bazkide babesle batean bazkide gisa sartzen bada, Ezintasun Iraunkor Osoagatiko Kalte Ordain gisa jasotako zenbateko osoa itzuli beharko dio aurreikuspen erakunde honi.
Laugarren sekzioa: Haurdunaldiko arriskua
[Apirila 2024]Prestazioaren definizioa eta ezaugarriak
32. artikulua
Haurdunaldiko Arriskuaren prestazio ekonomikoaren ondorioetarako, egoera babestutzat jotzen da honako etenaldi hau: azaroaren 8ko 31/1995 Legeak —Laneko Arriskuen Prebentziokoak— 26. artikuluan ezartzen duenaren arabera, mutualistak bere egoerarekin bateragarri den beste lanpostu batera aldatu beharra izanik, postu aldaketa hori teknikoki edo objektiboki posible ez denean, edota justifikaturiko zioengatik arrazoiz eskatzea ezinezkoa denean.
33. artikulua
Mutualistak prestazio hori jasotzeko eskubidea izango du LagunAro, EPSVn alta ematen den egunetik, eta prestazio horretarako LagunAro, EPSVn kotizatzen duen bitartean.
34. artikulua
Haurdunaldiko arriskua kasuotan iraungiko da:
- Jaiotza eta adingabearen zaintzagatiko prestazioa eskuratzean.
- Aldi Baterako Ezintasunaren prestazioa eskuratzean.
- Baliaezintasun Handiko, Ezintasun Iraunkor Absolutuko edo Desgaitasun Iraunkor Oso Kualifikatuko prestazioak eskuratzean.
- Lanean berriro hastean, izan lehengo postuan, izan bere egoerarekin bateragarri den beste batean.
- Prestazioa kobratzearekin bateraezinak diren edo debekaturik dauden jarduerak egitean.
- Mutualista hiltzean
Prestazioaren zenbatekoa eta kuotaren kalkulua
35. artikulua
Prestazio ekonomikoa hori Gizarte Segurantzak aitortzen duen egunean sortuko da, eta aurreko artikuluan ezarritako iraungitze kausengatik bukatuko da.
Prestazio ekonomikoa arrazoi beragatik Gizarte Segurantzak ordaintzen dituen zenbatekoen beharrezko osagarria izango da, Kontsumo Aurrerakinaren %100era iristeraino, gehi Hornidura Aurrerakinaren %100, eta dagokion ordainketa osorik zenbatuko da, estaldura aldiaren arabera.
36. artikulua
Haurdunaldiko arriskua finantzatzeko oinarrizko kuota partziala, mutualista bakoitzaren kotizazio indizearen kontsumo aurrerakinarekiko proportzionala dena, hau izango da: dagokion ekitaldirako kalkulatutako gastuaren eta mutualistek aldi horretan jasoko dituzten kontsumo aurrerakin guztien arteko zatiketatik ateratzen den ehunekoa.
Kuota hori prestaziorako kotizatzen ari diren mutualista guztiek ordainduko dute, bakoitzari dagokion kontsumo aurrerakinaren arabera eta dagokion kotizazio indizearen arabera.
Kuota hori kalkulatzeko alderdi hauek hartuko dira kontuan:
- Hurrengo ekitaldian ordainduko diren lan aurrerakinen maila.
- Prestazioan aurreikusitako gastua.
- Aurreko ekitaldian gerta zitezkeen desbiderapenak.
Bosgarren sekzioa: Berezko edoskitzaroko arriskua
[Apirila 2024]Prestazioaren definizioa eta ezaugarriak
37. artikulua
Berezko edoskitzaroko prestazio ekonomikoaren ondorioetarako, egoera babestutzat jotzen da honako etenaldi hau: azaroaren 8ko 31/1995 Legeak —Laneko Arriskuen Prebentziokoak— 26. artikuluan ezartzen duenaren arabera, mutualistak edoskitzaro naturaleko egoerarekin bateragarri den beste lanpostu batera aldatu beharra izanik, postu aldaketa hori teknikoki edo objektiboki posible ez denean, edota justifikaturiko zioengatik arrazoiz eskatzea ezinezkoa denean.
38. artikulua
Mutualistak prestazio hori jasotzeko eskubidea izango du LagunAro, EPSVn alta ematen den egunetik, eta prestazio horretarako LagunAro, EPSVn kotizatzen duen bitartean.
39. artikulua
Berezko edoskitzaroko arriskua kasu hauetan iraungiko da:
- Bularra hartzen ari den haurrak bederatzi hilabete betetzean.
- Mutualista lanera itzultzean, bere lehengo postura edo bere egoerarekin bateragarri den beste batera, aurreko letran aipaturiko aldia baino lehen.
- Aldi Baterako Ezintasunaren prestazioa eskuratzean.
- Baliaezintasun Handiko, Ezintasun Iraunkor Absolutuko edo Desgaitasun Iraunkor Oso Kualifikatuko prestazioak eskuratzean.
- Prestazioa kobratzearekin bateraezinak diren edo debekaturik dauden jarduerak egitean.
- Mutualista edo bularreko haurra hiltzean.
- Berezko edoskitzaroa bukatzean.
Prestazioaren zenbatekoa eta kuotaren kalkulua
40. artikulua
Prestazio ekonomikoa hori Gizarte Segurantzak aitortzen duen egunean sortuko da, eta aurreko artikuluan ezarritako iraungitze arrazoiengatik bukatuko da.
Prestazio ekonomikoa arrazoi beragatik Gizarte Segurantzak ordaintzen dituen zenbatekoen beharrezko osagarria izango da, Kontsumo Aurrerakinaren %100era iristeraino, gehi Hornidura Aurrerakinaren %100, eta dagokion ordainketa osorik zenbatuko da, estaldura aldiaren arabera.
41. artikulua
Berezko edoskitzaroa finantzatzeko oinarrizko kuota partziala, mutualista bakoitzaren kotizazio indizearen kontsumo aurrerakinarekiko proportzionala dena, hau izango da: dagokion ekitaldirako kalkulatutako gastuaren eta mutualistek aldi horretan jasoko dituzten kontsumo aurrerakin guztien arteko zatiketatik ateratzen den ehunekoa.
Kuota hori prestaziorako kotizatzen ari diren mutualista guztiek ordainduko dute, bakoitzari dagokion kontsumo aurrerakinaren arabera eta dagokion kotizazio indizearen arabera.
Kuota hori kalkulatzeko alderdi hauek hartuko dira kontuan:
- Hurrengo ekitaldian ordainduko diren lan aurrerakinen maila.
- Prestazioan aurreikusitako gastua.
- Aurreko ekitaldian gerta zitezkeen desbiderapenak.
Seigarren sekzioa: Jaiotza eta adingabearen zaintza
[Apirila 2024]Prestazioaren definizioa eta ezaugarriak
42. artikulua
Jaiotza eta adingabearen zaintzagatiko prestazioaren ondorioetarako, babestutako egoeratzat jotzen dira:
- Jaiotza, zeinak erditzea eta hamabi hilabete baino gutxiagoko haurraren zaintza barne hartzen baititu.
- Adopzioa, adopzio helburuko zaintza eta familia harrera, betiere, azken kasu horretan, iraupena ez bada urtebete baino laburragoa, sei urtetik beherakoena edo desgaitasunen bat duten sei urtetik gorako adingabeena, edo inguruabar eta esperientzia pertsonalengatik edo atzerritik etortzeagatik, gizarteratzeko eta familian sartzeko zailtasun bereziak dituztenena (zailtasun horiek behar bezala egiaztatu beharko dituzte gizarte zerbitzu eskudunek).
43. artikulua
Mutualistak prestazio hori jasotzeko eskubidea izango du LagunAro, EPSVn alta ematen den egunetik, eta prestazio horretarako LagunAro, EPSVn kotizatzen duen bitartean.
44. artikulua
Amatasun biologikoaren ondoriozko atsedenaldi kasuetan, atseden hartzeko eta prestazioa erabiltzeko aldia hamasei astekoa izango da, bai ama biologikoarentzat, bai ama biologikoa ez den gurasoarentzat, eta aste horietatik, bientzat, nahitaezkoak izango dira erditu ondoko sei asteak, etenik gabekoak. Semea edo alaba hiltzen bada, prestazioa erabiltzeko aldia ez da murriztuko, salbu eta, nahitaezko sei asteak amaitutakoan, gurasoek lanpostura itzultzeko eskatzen badute.
Behin erditzearen ondorengo lehenengo sei asteak igaro ondoren, eta gurasoek nahi izanez gero, atseden hartzeko eta prestazioa erabiltzeko aldia asteka bana daiteke, metatuta edo etenak hartuta, semeak edo alabak hamabi hilabete bete arte. Hala ere, ama biologikoak erditzea aurreikusten den eguna baino lau aste lehenago ere har dezake prestazioaren atsedenaldia eta etenaldia.
Erditzea goiztiarra bada eta, beste edozein arrazoirengatik, jaioberriak erditzearen ondoren ospitalean jarraitu behar badu, atseden eta etenaldia ospitale altaren egunetik aurrera has daiteke zenbatzen, ama biologikoak edo beste gurasoak hala eskatuz gero. Zenbaketa horretatik kanpo geratzen da, ama biologikoarentzat bakarrik, erditzearen ondorengo sei asteko nahitaezko atsedenaldia.
Haurra garaia baino lehen eta pisu gutxirekin jaiotzen bada, edo, arrazoi klinikoren bat dela-eta, jaioberriak zazpi egunetik gora ospitaleratuta egon behar badu, jaioberria ospitalean dagoen bezainbeste egunez luzatuko da atseden eta baimenaldia, beste hamahiru astez gehienez ere.
Prestazio horretaz baliatzeko eskubidea soilik mutualistarena da, eta ezin zaio beste gurasoari eskualdatu.
45. artikulua
Adopzio, adopzio helburuko zaintza eta harrera kasuetan, Erregelamendu honetako 42. artikuluan xedatutakoaren arabera, atseden eta baimenaldiak hamasei asteko iraupena izango du adoptatzaile, zaintzaile edo harreragile bakoitzarentzat. Sei aste nahitaez eta etenik gabe hartu beharko dira adopzioa eratzen duen ebazpen judiziala eman edo adopzio helburuko zaintzari edo harrerari buruzko erabaki administratiboa eman eta berehala.
Gainerako hamar asteak asteka har daitezke, metatuta edo etenak eginda, adopzioa eratzen duen ebazpen judizialaren edo adopzio helburuko zaintzari edo harrerari buruzko erabaki administratiboaren osteko hamabi hilabeteen barruan. Adingabe berak ez du, inola ere, mutualista beraren prestazioaren atseden eta baimenaldi bat baino gehiago hartzeko eskubiderik emango.
Nazioarteko adopzio kasuetan, gurasoek adoptatutako haurraren jatorrizko herrialdera aldez aurretik joan behar dutenean, prestazioaren atseden eta baimenaldia adopzioa eratzen duen ebazpena eman baino lau aste lehenago has daiteke.
Prestazio horretaz baliatzeko eskubidea soilik mutualistarena da, eta ezin zaio beste adoptatzaileari, adopzio helburua duen zaintzaileari edo harreragileari eskualdatu.
46. artikulua
Baldin eta semeak edo alabak desgaitasunen bat badu (jaiotza, adopzioa, adopzio aurreko zaintza edo harrera kasuetan), prestazioaren atseden eta baimenaldia beste bi astez luzatuko da, guraso, adoptatzaile, adopzio helburuko zaintzaile edo harreragile bakoitzarentzat bat.
Luzapen bera egingo da jaiotza, adopzio, adopzio helburuko zaintza edo harrera anizkoitzaren kasuan, lehenengoaren ondorengo seme edo alaba bakoitzeko.
47. artikulua
Jaiotza eta adingabearen zaintzagatiko prestazioa egoera hauetan iraungiko da:
- 44., 45. eta 46. artikuluetan ezarritako epeak igarotzean.
- Mutualista 44., 45. eta 46. artikuluetan ezarritako gehieneko epeak bete aurretik bere borondatez lanera itzultzean.
- Mutualistak Baliaezintasun Handiko, Ezintasun Iraunkor Absolutuko, Desgaitasun Iraunkor Oso Kualifikatuko edo Erretiroko prestazioak eskuratzean.
- Mutualista hiltzean.
- Mutualistak iruzurra egitean prestazioa lortzeko, eta baita prestazioaz baliatzen den aldian zehar bere kontura edo besteren kontura lan egitean ere.
Prestazioaren zenbatekoa eta kuotaren kalkulua
48. artikulua
Prestazio ekonomikoa Gizarte Segurantzak aitortzen duen egunean sortuko da, eta aurreko artikuluan ezarritako iraungitze kausengatik bukatuko da.
Jaiotza eta adingabearen zaintzagatiko diru kopurua arrazoi beragatik Gizarte Segurantzak ordaintzen dituen zenbatekoen beharrezko osagarria izango da, azken sei hilabeteetako batez besteko kotizazio indizearen hileko Kontsumo Aurrerakinaren %100era iristeraino, gehi batez besteko indize horren Hornidura Aurrerakinaren %100, eta dagokion ordainketa osorik zenbatuko da, estaldura aldiaren arabera.
Azken sei hilabeteetakoren batean ezin izan bada kotizatu, aurreko paragrafoan adierazitako batez besteko indizeak aipatutako sei hilabeteko aldiaren barruan egiazki kotizatutako hilabeteen erreferentzia izango du.
49. artikulua
Jaiotza eta adingabearen zaintzagatiko prestazioa finantzatzeko oinarrizko kuota partziala, mutualista bakoitzaren kotizazio indizearen kontsumo aurrerakinarekiko proportzionala dena, hau izango da: dagokion ekitaldirako kalkulatutako gastuaren eta mutualistek aldi horretan jasoko dituzten kontsumo aurrerakin guztien arteko zatiketatik ateratzen den ehunekoa.
Kuota hori prestaziorako kotizatzen ari diren mutualista guztiek ordainduko dute, bakoitzari dagokion kontsumo aurrerakinaren arabera, bakoitzaren dagokion kotizazio indizearen arabera.
Kuota hori kalkulatzeko alderdi hauek hartuko dira kontuan:
- Hurrengo ekitaldian ordainduko diren lan aurrerakinen maila.
- Prestazioan aurreikusitako gastua.
- Aurreko ekitaldian gerta zitezkeen desbiderapenak.
Zazpigarren sekzioa: Minbizia edo beste gaixotasun larriren bat duten adingabeen zainketa
[Apirila 2024]Prestazioaren definizioa eta ezaugarriak
50. artikulua
Minbizia edo beste gaixotasun larriren bat duten adingabeen zainketarako prestazioa adingabe horien aita/ama, adopzio aurreko zaintzailea edo harreragile iraunkorra den pertsona mutualistari aitortuko zaio, minbizia (tumore gaiztoak, melanomak eta kartzinomak) edo beste gaixotasun larriren bat eduki eta ospitalean denbora luzez egon behar duen adingabe bat bere kargu izateagatik berori ospitalean dagoen bitartean eta gaixotasuna dela-eta behar duen etengabeko tratamendua ematen zaion bitartean zaintzeko lanaldia murriztu badu, ospitaleratzea edo etengabeko tratamendua dagokion Osasun Zerbitzu Publikoak emandako txostenak egiaztatuta.
Banantze edo dibortzio kasuetan, gaixoarekin bizi den guraso, zaintzaile edo hartzaileari aitortuko zaio prestazioa jasotzeko eskubidea.
Ezinbesteko baldintza izango da prestazio honetaz baliatzen den mutualistak bere lanaldia murriztea, gutxienez, iraupenaren %50, adingabearen zainketa berak zuzenean, jarraian eta beti egin dezan.
Halaber, ezinbesteko baldintza izango da, familia gurasobakarren kasuan izan ezik, mutualistaz gain, beste gurasoa, adopzio aurreko zaintzailea edo harreragile iraunkorra ere lanean aritzea eta, arrazoi beragatik, Gizarte Segurantzak eman diezaiokeen prestazioa ez jasotzea.
51. artikulua
Prestazio ekonomikoa sortuko da Gizarte Segurantzarena ere aitortzen den egun berean, horren osagarri izango baita, eta iraupena ere horrenari lotua geratuko da; beraz, bukatuko da adingabea zuzenean, etengabe eta iraunkorki zaindu beharra amaitzen denean, Osasun Zerbitzu Publikoak aurrez txostena eginda edo adingabeak 18 urte betetzen dituenean.
Gaixoa adin nagusitasunera iristen denean, adin nagusitasunera iritsi aurretik diagnostikatutako minbiziak edo gaixotasun larriak jarraitzen badu, eta ospitaleratu, tratatu eta zaintzeko beharrak jarraitzen badu, dagokion Osasun Zerbitzu Publikoaren txostenak egiaztatuta, prestazio ekonomikoa mantendu ahal izango da, gehienez ere gaixoak 23 urte bete arte.
Aurreko paragrafoan aurreikusitako egoeran dagoen gaixoa ezkontzen bada edo izatezko bikotea osatzen badu, ezkontideak edo izatezko bikotekideak izango du prestaziorako eskubidea, betiere aurreko 50. artikuluan onuradun izateko adierazitako baldintzak betetzen baditu.
Kasuotan ere iraungiko da prestazioa:
- Lanaldiaren murrizketari buruzko baldintza ez betetzeagatik.
- Baliaezintasun Handiko, Ezintasun Iraunkor Absolutuko, Desgaitasun Iraunkor Oso Kualifikatuko edo Erretiroko prestazioak eskuratzean.
- Prestazioa kobratzearekin bateraezinak diren edo kontraesanean dauden jarduerak egitean.
- Mutualista hiltzean.
Prestazioaren zenbatekoa eta kuotaren kalkulua
52. artikulua
Minbizia edo beste gaixotasun larriren bat duten adingabeak zaintzeko diru kopurua arrazoi beragatik Gizarte Segurantzak ordaintzen dituen zenbatekoen beharrezko osagarria izango da, lanaldi murrizketaren ehunekoaren arabera hilean dagokion Kontsumo Aurrerakinaren %100era iristeraino, gehi murrizketa horri berorri dagokion Hornidura Aurrerakinaren %100, eta dagokion ordainketa osorik zenbatuko da, estaldura aldiaren arabera.
53. artikulua
Minbizia edo beste gaixotasun larriren bat duten adingabeak zaintzea finantzatzeko oinarrizko kuota partziala, mutualista bakoitzaren kotizazio indizearen kontsumo aurrerakinarekiko proportzionala dena, hau izango da: dagokion ekitaldirako kalkulatutako gastuaren eta mutualistek aldi horretan jasoko dituzten kontsumo aurrerakin guztien arteko zatiketatik ateratzen den ehunekoa.
Kuota hori prestaziorako kotizatzen ari diren mutualista guztiek ordainduko dute, bakoitzari dagokion kontsumo aurrerakinaren arabera eta dagokion kotizazio indizearen arabera.
Kuota hori kalkulatzeko alderdi hauek hartuko dira kontuan:
- Hurrengo ekitaldian ordainduko diren lan aurrerakinen maila.
- Prestazioan aurreikusitako gastua.
- Aurreko ekitaldian gerta zitezkeen desbiderapenak.
Zortzigarren sekzioa: Enplegurako Laguntza
[Apirila 2024]Prestazioaren definizioa eta ezaugarriak
54. artikulua
Enplegurako Laguntza prestazioan langileak Birkokatzeko Zerbitzua erabiltzea sartzen da, baita birkokatze gastuak konpentsatzeko, langabeziaren ondorioak arindu edo zeharo ezabatzeko eta beste zenbait prestazio ekonomiko ere.
Enplegurako Laguntzaren barruan sartzen diren prestazio ekonomikoak hauek dira:
- Birkokapena.
- Langabezia.
- Aurre-erretiroa.
- Kalte ordaina.
- Lanbide birmoldaketa.
- Baja Mugatua.
Langabezian deklaratutako bazkideak langileak behar dituzten beste kooperatiba kide babesle batzuetan birkokatzearen kudeaketa da gure Enpleguko Laguntza prestazioaren elementu bereizgarri nagusia, eta horrek eragin behar du enplegua hobeto defendatzea eta langabezia egoerei lotutako kostuak murriztea.
Birkokapenen kudeaketa hori eraginkorra izan dadin, beharrezkoa da inplikaturiko eragileen konpromiso irmoa, bereziki hartzaile izan daitezkeen kooperatibena, aktiboki kolaboratu beharko baitute langabezian deklaratutako bazkideak birkokatzen; baita dagokien bazkideen konpromisoa ere, prest egon beharko baitute euren enplegagarritasuna hobetzeko, lanbide prestakuntza eta birziklapen planen bitartez, euren profila eta kooperatiba hartzaileek eskatzen dutena hobeto egokitzeko.
Baja Mugatuaren prestazioa iraupen mugatuko mutualisten prestazio espezifikoa da, eta Prestazio Erregelamendu honen IV. Kapituluan garatzen da, zeinean halaber arautzen baitira horrelako mutualisten ezaugarri bereziak Enplegu Laguntzaren gainerako prestazioak eskuratzeari dagokionez.
Enplegura Laguntza prestazioaren edozein modalitate eskuratzeko, Baja Mugatua izan ezki, nahitaezko baldintza izango da Kooperatiba bazkide babeslearen aurrerakin maila LagunAro, EPSVko Banaketa Tarifaren %95en azpitik egotea, eta baldintza hori bete beharko da, bai lehenengo edo hasierako unean bai gero edozein unetan, eta prestazioa etenda geratuko da baldintza hori betetzeari utziz gero.
55. artikulua
Birkokapenak esan nahi du, hain zuzen, Kooperatiba bazkide babesleetan soberan dauden langileak pertsonala kontratatu beharrean dauden beste batzuetan behinbehinean edo betiko sartzea.
Birkokapena bi mailatan egingo da: Lehen mailan, Kooperatiba bazkide babesleek osatzen dituzten Kooperatiba Taldeen esparruan eta, bigarrenean, LagunAro, EPSVn elkarturik dauden guztien mailan. Administrazio egokirako beharrezko koordinazioa behar da bi maila horien artean.
Maila hauetako bakoitzean, egiturazko langabezia duten Kooperatibetan sobera dauden langileen birkokapenak izango du lehentasuna, postuak eskatzen duena betetzen badu betiere.
Kooperatiba bazkide babesleetan, oro har, behin-behineko birkokapenak gehienez ere 24 hilabetez erabil daitezke lanpostu berean.
Epe hori igaro eta gero birkokapena mantentzea aurreikusten duen Kooperatibak, birkokatutako mutualistari ez badio bazkide izaera lortzeko aukera eman, LagunAro, EPSVko Prestazioen Batzordeari jakinarazi beharko dizkio erabaki hori oinarritzen duten arrazoiak eta sozietatean finkatu ahal izateko dauden aurreikuspenak.
Kooperatiba bazkide babesleak helarazitako arrazoi eta aurreikuspenetan oinarrituta, LagunAro, EPSVko Prestazioen Batzordeak erabaki ahal izango du birkokapena amaitzea edo mantentzea. Azken kasu horretan, azkenean kontsolidazioa gertatzen bada, beherantz berrikusi beharko du behin betiko birkokapenagatik kooperatibari emandako laguntza ekonomikoa, behin-behineko birkokapena hasi zenetik igarotako denboraren arabera, araudian araututakoaren arabera.
56. artikulua
Behin-behineko birkokapena nahitaezkoa izango da langabezia duten Kooperatibetako bazkideentzat, betiere beren lantokitik –edo beren bizilekutik, hurbilago badago– 50 km baino gutxiagora dauden lanpostuak eskaintzen bazaizkie LagunAro, EPSVri loturiko enpresetan edo LagunAro, EPSVren Kooperatiba bazkide babesleetan.
50 km baino gehiagoko distantziara behin-behineko birkokapenak egin ahal izango dira, Prestazio Batzordearen irizpidearen arabera.
Halaber, Kooperatiba bazkide babesleek aktiboki kolaboratzeko betebeharra izango dute LagunAro, EPSVrekin langabezian deklaratutako mutualistak birkokatzeko, eta betebeharra izango dute aipatu bazkideak birkokatzeko euren ahalmenen arabera (dimentsioa, egoera ekonomiko-finantzarioa, aurrerakin maila, sarrera sozietarioen fluxua, kokapen geografikoa, aldi baterako langileen kopurua eta horien profila…), araudian xedatutakoaren arabera.
LagunAro, EPSVko Prestazioen Batzordeak aldizkako jarraipena egingo du birkokapenen kudeaketari buruz eta kudeaketa horretan Kooperatiba bazkide babesleek erakutsitako lankidetzari buruz.
Kudeaketa horretan behar besteko lankidetza ez erakusteak eragin dezake LagunAro, EPSVko Kontseilu Errektoreak, Prestazioen Batzordeak proposatuta, Kooperatiba bazkide babesleari zigor espediente bat irekitzea, Estatutu Sozialetako 96. artikuluan araututako terminoetan eta irismenarekin.
Halaber, langabezian deklaratutako bazkideek arlo horretan lankidetzarik ez erakusteak (birkokatzeari buruzko jarrerari eta bertan mantendu ahal izateko eskatutako lanbide prestakuntza edo birziklapenari dagokienez), eta, bereziki, birkokapena ez onartzeak, izan behin-behinekoa zein behin betikoa, zigor espediente bat irekitzea eragin dezake LagunAro, EPSVko Kontseilu Errektorearen aldetik, Prestazioen Batzordeak proposatuta, Prestazioen Erregelamenduko Zortzigarren Atalean eta Estatutu Sozialetako 96. artikuluan araututako terminoetan eta irismenarekin.
57. artikulua
Behin-behineko birkokapenetan, konpentsagarriak izango dira bidaia gastuak, dietak eta lan indizeen diferentziak. Behin betiko birkokapenetan, arauz erregulaturiko pizgarri ekonomikoen ordainketa.
58. artikulua
Langabeziako prestazioan, langabezia egoeran egoteagatik hartu gabeko aurrerakinen ordezko diru kopurua emango zaio mutualistari, Kooperatiba bazkide babeslearen bidez.
Egutegi Mugikorra aplikatzen den kasuetan, lan egin gabeko orduak berreskuratzeko ezarritako epea igaro ondoren gelditzen dena hartuko da benetako langabeziatzat.
Langabezia prestazioa eta Aldi baterako Ezintasunarena batera egokituz gero, hura eragingo da. Langabezia prestazioa eta Jaiotza eta adingabearen zaintzagatikoa batera egokituz gero, bigarren hau eragingo da.
59. artikulua
Langabezia prestazioa ezingo du kooperatibista bakoitzak hamabi hilabete baino gehiagoz hartu bi urteren barruan. Eraginpeko Kooperatiba bazkide babeslearen plantillako kideen %25 baino gehiago baldin badaude benetako langabezian, salbuetsi egin ahal izango da finkaturiko denbora mugapen hori.
Langabezia prestazioa bukatu ondorengo Aldi baterako Ezintasun, Haurdunaldiko Arrisku, Berezko Edoskitzaroko Arrisku eta Jaiotza eta adingabearen zaintza aldiak ez dira konputagarriak izango hamabi hileko gabealdia osatzeko.
Langabezia prestaziorako eskubidea izateko, edonola ere, aurrez birkokapen aukerak eta egutegi mugikorren kudeaketa agortu beharko dira guztiz.
Kooperatiba bazkide babeslea desegiten den kasuetan, hogeita lau hilabetez Langabezia prestazioa hartzeko eskubidea izango dute mutualistek. Besteren edo norberaren kontura lan egiteak eten egingo du prestazioa eta, edonola ere, Kooperatiba bazkide babeslea desegiten denetik hiru urtera iraungi edo amaituko da. Kasu hauetan, behin-behineko birkokapenak ez du hiru urteko epe hori kontsumitzen, eta kalte ordaina dagokio berorren bukaeran, benetan kontsumituriko langabezia aldiak kenduko direlarik.
Geratzen den langabezia aldia sei hilabete baino gutxiago bada, aldi hori ondorengo behin-behineko birkokapen baten bidez handitu ahal izango da, benetako birkokapeneko hiru orduko, gehienez ere geratzen den langabeziaren 6 hilabeteko topera iritsi arte.
60. artikulua
Langabezia prestazioa arrazoi hauengatik iraungiko da:
- Norberaren edo besteren kontura lanera itzultzeagatik, behin-behineko birkokapen kasuetan izan ezik.
- Behin-behineko edo betiko birkokapenari uko egiteagatik.
- Mutualistaren bajagatik, Kooperatiba bazkide babeslea desegiten denean izan ezik.
- Ezintasun Iraunkor Absolutu edo Baliaezintasun Handiko egoerara iristeagatik, LagunAro, EPSVri dagokionez.
- Enplegurako Laguntzaren beste edozein modalitate eskuratzeagatik.
- 57. artikuluan ezarritako epeak betetzeagatik.
61. artikulua
Aurre-erretiroko prestazioa Kooperatiba bazkide babesleetako mutualistek har dezakete, aldi berean honako baldintza hauek betetzen badituzte:
- Salbu egiturazko langabezian dauden kooperatibetako soberako mutualisten behin betiko birkokapenen ordez onarturiko aurre-erretiroak direnean, osatzen duten Kooperatiba bazkide babeslea egiturazko langabezian deklaraturik egotea, soberako edo gaindikinen zerrenda nominalean sartuta egotea eta birkokapen zailekoak izatea.
- 59 urte beterik izatea, edo salbuespen gisa 56 urte, espezifikoki horrela onartzen badu LagunAro, EPSVko Kontseilu Errektoreak, Prestazio Batzordeak aurretiaz irizpena emanda, bere Kooperatiba bazkide babeslea jasaten ari den zailtasun bereziak kontuan izanda.
Aurre-erretiroko prestazioa honako arrazoi hauengatik amaituko da:
- Kooperatiban berriro jardunean hasteagatik.
- Heriotza.
- Ezintasun Iraunkor Absolutu edo Baliaezintasun Handiagatik.
- Norberaren edo besteren kontu lanak egiteagatik, LagunAro, EPSVk berariaz baimenduta izan ezik.
- 62 urte betetzeagatik edo onartu zen unean kasu bakoitzean ezarritako prestazioaren gehienezko iraunaldia igaro izanagatik.
Aurre-erretiroko prestazioa bateraezina da Aldi Baterako Ezintasunarekin. Biak batera gertatzen badira, ez dira eragingo azken egoera honi dagozkion prestazioak.
Aurre-erretiroko prestazioan sartu eta gero, Langabezia prestazioa ez da eragingo.
62. artikulua
Kalte ordainaren prestazioa Kooperatiba bazkide babesleetako mutualistek har dezakete, aldi berean honako baldintza hauek betetzen badituzte:
- Osatzen duten Kooperatiba bazkide babeslea egiturazko langabezian deklaraturik egotea, eta mutualistak soberakinen zerrenda nominalean sarturik egotea.
- 58 urte bete gabe izatea.
- LagunAro, EPSVn gutxienez 2 urte kotizatuta izatea.
- Birkokatzen zaila izatea.
- Langabezia agortu gabe izatea.
Kalte ordainaren prestazioa hartzeak sozietate kontratua deuseztatzea ekarriko du eta LagunAro, EPSVn baja izatea, Estatutuetako 37. artikuluaren lehenengo paragrafoan ezarritakoa izan ezik.
Prestazio hau jaso duen mutualistak, bajaren ondoren urtebete igaro baino lehen LagunAro, EPSVra itzultzen bada, hartutako diru kopuru guztia itzuli beharko du. Bajaz geroztik igarotzen den urtebete bakoitzeko, itzuli beharreko kopurua %25ean murriztuko da eta, beraz, lau urtera guztiz amaituko da itzultzeko betebeharra.
Kooperatiba bazkide babesleak kalte ordainaren prestazioa jaso duten mutualista ohiei baja ondorengo lau urteetan besteren konturako aldi baterako kontraturen bat egiten badie, beharturik egongo da bazkideek harturiko zenbatekoaren %2ri dagokion kopurua itzultzera, kontratazio hilabete bakoitzeko.
63. artikulua
Lanbide Birmoldaketak esan nahi du une honetan dauden langabezia arazoak edo/eta sor litezkeenak konpontzeko Kooperatiba bazkide babesleek aurkezturiko lanbide birmoldaketarako proiektu zehatzen finantza estaldura ezartzen dela, Administrazio Publiko edo beste Erakunde batzuetatik etortzen diren dirulaguntzen osagarri edo gehigarri izango dena.
Interesa duten Kooperatiba bazkide babesleak beharturik daude dirulaguntza horiek lortzeko kudeaketak egitera, eta LagunAro, EPSVri jakinarazi beharko diote kudeaketen hasiera nahiz emaitza.
64. artikulua
Prestazio ekonomikoetarako eskubidea eragiteko, birkokapen gastuen konpentsazioa barne, beharrezkoa izango da 18 hilabete igarotzea, langabezia duen Kooperatiba bazkide babeslea LagunAro, EPSVn sartzen den unetik aurrera.
Salbuetsirik gelditzen dira aurretiaz zeudenen banantze edo elkartze bidez sorturiko Kooperatiba bazkide babesleak.
65. artikulua
Enplegurako Laguntza eskubidea eragingo dute eta prestazioaren onuradun izango dira Kooperatiba bazkide babesleak LagunAro, EPSVn dituzten mutualistengatik, kasu bakoitzean eskaturiko baldintzak betetzen badituzte.
Desegin edo likidatzeko egoeran deklaratutako kooperatiben Aurrerakin Maila berbera izango da guztientzat, eta edonola ere une bakoitzean indarrean dagoen LagunAro, EPSVko Banaketa Tarifako %80 eta %85 artean kokatuko da. Aipatu Aurrerakin Maila Kooperatiba bazkide babesle aktiboen batez besteko Aurrerakin Mailaren arabera zehaztuko da, urtero LagunAro, EPSVko kotizazio tarifa indarrean jartzen den unean, honako taula honen arabera:
Aurrerakin Mailaren % (AM) | |
---|---|
Kooperatiba Aktiboak | Desegiten ari diren Kooperatibak |
AM > 99 | 85 |
98 < AM < 99 | 84 |
97 < AM < 98 | 83 |
96 < AM < 97 | 82 |
95 < AM < 96 | 81 |
AM < 95 | 80 |
Prestazioaren zenbatekoa eta kuotaren kalkulua
66. artikulua
Langabezia prestazioari dagokion diru kopurua horrela osatuko da: kotizazio indizearen hileko kontsumo aurrerakinaren %80koarekin 14 hileko, gehi hornidura aurrerakinaren %100ekoarekin 12 hileko, langabe dagoen mutualista bakoitzeko eta urteko.
67. artikulua
Aurre-erretiroko egoeran kotizazio indizearen hileko kontsumo aurrerakinaren %60 ordainduko da, gehi hornidura aurrerakinaren %100, urteko hamabi hilekoren arabera.
68. artikulua
Kalte ordainaren kopurua, oroharreko kopuru bat izango dena, kasu bakoitzean erabakiko da, honako arau hauen arabera:
- LagunAro, EPSVn bost urte arte kotizatu bada, hamabi hilekori dagokien Langabezia Prestazioa.
- Bost urte horiez gaineko kotizazio urte oso bakoitzeko, Langabezia prestazioaren beste hileko bat, gehienez hogeita lau hileko izan daitezkeelarik, edota hogeita hamasei, desegiten ari diren Kooperatiben kasuan.
- Azken kasu horretan (desegiten ari den kooperatiba), kalte ordaina ezingo da izan hogeita lau hileko langabezia prestaziotik beherakoa.
- Baina inola ere kalte ordainaren azken zenbatekoa ez da izango bere Kooperatiba bazkide babesleko 3,0 kotizazio indizeko Langabezia prestazioaren hogeita hamasei hilekori legokiokeena baino handiagoa.
- Ateratzen den kopurutik, Kontseilu Errektoreak kasu bakoitzean hala erabakitzen badu, langabezia kontzeptuan hartutakoak kendu ahal izango dira. Langabezia agortu bada, ezinezkoa izango da kalte ordaina eskuratzea.
69. artikulua
Langabezian dagoen Kooperatiba bazkide babesleak aipaturiko prestazio ekonomikoak osatu ahal izango ditu, honako arau hauen arabera:
- Birkokapen gastuak, askatasun osoz.
- Langabezia prestazioa, Kooperatiba bazkide babeslean aktiboan daudenen kotizazio indizeari dagokion hileko kontsumo aurrerakinaren %90eraino, aparteko paga eta antzeko kontzeptuen ordainketa barne, hala balegokio. Aipaturiko mugapen horren zenbaketarako ez dira kontuan izango Erabateko Ezintasun Iraunkorragatik harturiko kopuruak.
- Aurre-erretiroko prestazioa, Kooperatiba bazkide babesleko aktiboen kotizazio indizearen hileko kontsumo aurrerakinaren %80raino, aparteko paga eta antzeko kontzeptuen ordainketa barne, hala balegokio. Aipaturiko mugapen horren zenbaketarako ez dira kontuan izango Kooperatiba bazkide babeslea ez den beste instantzia batzuetatik etorritako kopuruak.
- Kalte ordaina, askatasun osoz.
LagunAro, EPSVk Kontsumo Aurrerakinaren %80raino osatuko du Aurre-erretiroa behin betiko birkokapenen ordez onarturiko aurre-erretiroen kasuetan, desegite prozesuan edo egiturazko langabezian dauden Kooperatiba bazkide babesleetako mutualista soberakinak baldin badira eta birkokaturikoak berrogeita hamar urte baino gehiago baldin baditu ordezkapena egiten denean.
Halaber, Kooperatiba bazkide babeslea desegiten edo likidatzen den kasuetarako, LagunAro, EPSVk Aurre-erretiroa osatuko du kotizazio indizearen hileko Kontsumo Aurrerakinaren %80raino, urteko 12 hilekotan, betiere aurre-erretirorako sarbidea gehienez ere hiru hilabeteko epean gauzatzen bada LagunAro, EPSVk osatutako aurreerretiroko prestazioa eskuratzeko baldintzak betetzen dituen unetik hasita.
70. artikulua
Laguntza honetan sarturiko prestazio ekonomikoak jaso eta gozatu ahal izateko, inplikaturiko Kooperatiba bazkide babesleek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
- Mutualista guztiengatiko kuoten ordainketa eguneratua izatea.
- Itzulkinen erabateko kapitalizazioa.
- Aparteko ordurik eta inoizkako edo aldi baterako langilerik ez izatea, gaur egun indarrean dagoen legeriak uzten duen neurrian, Kooperatiba bazkide babeslearen martxa onerako beharrezkoa ez bada behintzat.
- Kontsumo aurrerakinaren maila LagunAro, EPSVko Talde Elkartuak izan duen batez besteko gehikuntzaren gainetik ez igotzea, baldin eta, Kontseilu Errektoreak, aurrez galdutakoa berreskuratu beharra dagoela pentsatzen ez badu, behintzat.
- Kooperatiba bazkide babeslearen egoera ekonomikoa eta bilakaera ezagutzeko LagunAro, EPSVk ezar litzakeen ikuskapen edo auditoretzak onartzea.
71. artikulua
Kooperatiba bazkide babesleek, desegintzat deklaraturik ez badaude behintzat, Langabezia eta Aurre-erretiroko prestazioen kostua —hileko kalkuluan— eta Kalte ordainarena —urteko kalkuluan— beren gain hartuko dituzte frankizia gisa, jarraian agertzen den taularen arabera dagokion frankizia ehunekoan beren Lan Aurrerakinei buruz.
Aurreko paragrafoan ezarritakoa aplikatu ondoren, Laguntza honetako prestazio ekonomikoen kostuaren gainerako zenbatekoa elkarrekin finantzatuko dute LagunAro, EPSVk eta Kooperatiba bazkide babesleko mutualistek, jarraian agertzen den taularen arabera dagokion kofinantzaketa ehunekoari jarraituz.
Aurrerakinen maila (%) (AM) | Frankizia (%) | Mutualisten kofinantzaketa (%) |
---|---|---|
94 < AM < 95 | 0,70 | 20 |
93 < AM < 94 | 0,65 | 18 |
92 < AM < 93 | 0,60 | 16 |
91 < AM < 92 | 0,55 | 14 |
90 < AM < 91 | 0,50 | 12 |
89 < AM < 90 | 0,45 | 10 |
88 < AM < 89 | 0,40 | 8 |
87 < AM < 88 | 0,35 | 6 |
86 < AM < 87 | 0,30 | 4 |
85 < AM < 86 | 0,25 | 2 |
AM < 85 | 0,20 | 0 |
Frankiziaren eta kofinantzaketaren ehunekoak kalkulatzeko ondorioetarako, Kooperatiba bazkide babeslearen aurrerakin mailaren ehunekoa kalkulatzeko 100 oinarria, LagunAro, EPSVn une bakoitzean indarrean dagoen Banaketa Tarifari dagokiona izango da.
Frankiziaren aplikazioan oreka egokia lortze aldera, LagunAro, EPSVren Kontseilu Errektoreak, dagokion arau garapenaren bidez, aplikazio bereizia ezarriko du kooperatiba handientzat (500 mutualista baino gehiago), eta, hala, nahiz eta frankiziaren zenbateko osoa gero eta handiagoa izaten jarraitu kooperatibaren dimentsioa handitzen den neurrian, haren pisu portzentuala murriztu egingo da lan aurrerakinen guztizkoarekiko.
Desegiteko prozesuan edo egiturazko langabezian dauden Kooperatiba bazkide babesleetan soberako mutualisten behin betiko birkokapenen ordez onarturiko Aurreerretiroetan ez da kofinantzaketarik ez frankiziarik izango.
Benetako langabeziako prestazioaren kofinantzaketa, dagokion Kooperatiba bazkide babesleko mutualistei zorduntzekoa, gutxienez %5ekoa izango da.
Prestazioak une jakin batean oroharreko kopuru bat ordaintzea eskatzen badu, hau hurrengo artikuluan arauturiko Funtsaren kargura aurreratuko da. Kofinantzaketak bakoitzari dagokion zatia sartuta egingo dira, prestazioa jasotzen den unean.
Kooperatiba Taldeen kasuan, inplikaturiko Kooperatiba bazkide babesleari (edo babesleei) dagokion ekarpena Taldea osatzen duten gainerakoekin elkartasunean egin daiteke.
72. artikulua
Enplegurako Laguntza finantzatzeko oinarrizko kuota partziala mutualista bakoitzaren kotizazio indizearen kontsumo aurrerakinarekiko proportzionala izango da, eta prestazio horretarako kotizatzen ari diren mutualista guztiek ordainduko dute.
Kuota hau finkatzerakoan ziklo ekonomikoaren eragina murriztu ahal izateko, Enplegurako Laguntza Funtsa eratuko da, honela osatua: sartutako kuoten eta egindako prestazioen arteko aldea; metaturiko Funtsari dagozkion etekinak; Herri Administraziotik eta beste Erakunde batzuetatik zuzenean LagunAro, EPSVra etortzen diren baliabideak; eta, hala dagokionean, jartzen diren zigorren zenbatekoak.
Enplegurako Laguntza Funts honen inbertsio irizpideak Kontseilu Errektoreak finkatuko ditu.
Kuota finkatzerakoan ziklo ekonomikoaren eragina murrizteko helburu berarekin, Kontseilu Errektoreak berraseguru partzialeko poliza bat izenpetu ahal izango du prestazioari lotutako arrisku jakin batzuetarako.
Beraz, Enplegurako Laguntza kuota partziala kalkulatzeko honako aldagai hauek izango dira kontuan:
- Dagokion ekitaldiko lan aurrerakinen maila.
- Ekitaldi horretako gastuaren aurreikuspena, Kooperatiba bazkide babesleetan egon litekeen langabezia mailaren eta barneratutako konpromisoen arabera.
- Enplegurako Laguntza Funtsak sor ditzakeen etekinen aurreikuspena.
- Enplegurako Laguntza Funtsak lorturiko maila.
- Langabeziaren zikloa: epe ertainera espero dena.
Enplegurako Laguntza Funtsak lortutako mailaren eta kuota partzialaren arteko harremana indartzeko xedearekin, kuota ezingo da bi aldagaiak erlazionatzen dituen jarraiko koadroa aplikatzetik ateratzen dena baino txikiagoa izan, aurreko urtearen itxieran Enplegurako Laguntza Funtsak lortutako zenbateko absolutua erlatibizatu eta gero, eta prestazio horregatik kotizatzen duten mutualisten ehunekoaren terminoetan, zeinak, Funts horrekin, urteko zenbateko oso batekin estalita geratuko liratekeen langabezia prestazioaren bitartez.
Enplegurako laguntza-funtsa eta kuota partziala | |
---|---|
Enplegurako laguntza-funtsa (urteko langabeziarekin estalitako kolektiboaren %tan) | Gutxieneko kuotaren % |
%1,0 baino txikiagoa | %5,0 |
%1,0 eta %3,0 artean | %4,5 |
%3,0 eta %5,0 artean | %4,0 |
%5,0 eta %7,0 artean | %3,5 |
%7,0 eta %9,0 artean | %3,0 |
%9,0 eta %11,0 artean | %2,5 |
%11,0 eta %13,0 artean | %2,0 |
%13,0 eta %15,0 artean | %1,5 |
%15,0 baino handiagoa | %1,0 |
Kuota partziala ezingo da koadro horren aplikazioaren emaitza baino txikiagoa izan, lehen adierazitako gainerako aldagaien arabera, bertan nabarmentzen delarik gastuaren aurreikuspena, ekitaldian bertan zein epe ertainera.
Edonola ere, aurreikusiko balitz indarrean dagoen araudiaren arabera hartutako konpromisoei aurre egiteko beharrezkoa dela, metatutako Enplegurako Laguntza Funtsa kontsumitzeaz gain, hileko kontsumo aurrerakinaren %8,0 baino gehiagoko kuota partzial bat ezartzea, Kontseilu Errektoreak Enplegurako Laguntza Berrantolatzeko Plan bat aurkeztu beharko dio Batzar Nagusiari. Plan horrek neurriak plantea ditzake sarrerei buruz zein prestazioei buruz, azken kasu horretan lehentasuna emanez langabezian aitortutako mutualisten aldeko prestazioak mantentzeari behin betiko birkokapenengatik kooperatiba hartzaileei ematen zaizkien laguntza ekonomikoen aurretik; horien likidazioa atzeratu edo bertan behera geratu egin ahal izango da, dagoen erabilgarritasun finantzarioaren arabera.
Bederatzigarren sekzioa: Heriotzagatiko Laguntza
[Apirila 2024]Prestazioaren definizioa eta ezaugarriak
73. artikulua
Heriotzagatiko Laguntza emateko, zenbateko bakarra eman behar zaie mutualistaren ezkontide edo izatezko bikotekideari, baldin eta erregistro ofizial eskudunean inskribatuta badago; halakorik ezean, seme-alabei, haien gurasoei, halakorik ezean anai-arrebei eta, halakorik ezean, oinordekoei, baldin eta heriotza erretiroa hartzeko eskubidea sortu aurretik gertatzen bada.
Prestazio honetan onuradun bat baino gehiago badago, zati berdinetan banatuko da horien artean.
74. artikulua
Prestazio honetarako eskubidea izango dute honako egoera hauetan dauden mutualistek:
- Aktiboan, Aldi baterako Ezintasunean, Haurdunaldiko Arriskuan, Berezko Edoskitzaroko Arriskuan, Jaiotza eta adingabearen zaintzan, Minbizia edo beste gaixotasun larriren bat duten adingabeen zainketan, Langabezian edo Aurreerretiroan.
- LagunAro, EPSVko Ezintasun Iraunkorreko pentsiodun egoeran, 65 urte bete arte.
- Aldi baterako lan utzialdi edo eszedentzian bere Kooperatiba bazkide babeslean, baina LagunAro, EPSVri kotizatzeari utzi gabe.
75. artikulua
Mutualistak LagunAro, EPSVn alta ematen duen egunetik aurrera izango du prestazio honetarako eskubidea, eta LagunAro, EPSVn baja ematen duen egunean amaituko da.
Prestazioaren zenbatekoa eta kuotaren kalkulua
76. artikulua
Prestazio honen zenbatekoa Batzar Nagusiak ezarriko du, Batzarrean bertan erabakiko den denboraldirako.
77. artikulua
Heriotzagatiko laguntza finantzatzeko oinarrizko kuota partziala, mutualista bakoitzaren kotizazio indizearen kontsumo aurrerakinarekiko proportzionala dena, hau izango da: ekitaldi baterako kalkulatutako gastua mutualistek aldi horretan jasoko dituzten kontsumo aurrerakin guztien artean zatituta ateratzen den ehunekoa.
Kalkulua ateratzeko, aurrez honako aldagai hauek hartuko dira kontuan:
- Prestazioaren zenbatekoa, aurreko artikuluaren arabera kalkulatua.
- Hilkortasun estatistika, LagunAro, EPSVko demografia zentsuari aplika dakiokeena.
- Aurreko urtean gerta zitezkeen desbideratzeak.