V. Kapitulua
Genero edo sexu indarkeriaren biktima diren mutualistak
[Apirila 2026]Estaldura hauen xedea eta ezaugarriak
124. artikulua
V. Kapitulu honetan sartutako neurrien xedea da babes berezia eskaintzea genero edo sexu indarkeriaren biktima diren LagunAro, EPSVko emakume mutualistei, horrelako indarkeria legez edo behar bezala berretsitako nazioarteko tresnen bidez definitutako terminoetan sufritzen badute. Genero edo sexu indarkeriaren biktima diren emakume mutualistek LagunAro, EPSVko gainerako mutualisten eskubide eta betebehar berberak izango dituzte, kapitulu honetan ezarritako alderdi espezifikoetan izan ezik.
Genero edo sexu indarkeriaren biktimaren izaera genero edo sexu indarkeriari buruz indarrean dagoen legediak eta Gizarte Segurantzari dagokionez indarrean dagoen legediak aurreikusitako irizpideen arabera egiaztatu beharko da. Edonola ere, V. Kapitulu honetan aurreikusitakoaren ondorioetarako, azken batean LagunAro, EPSVri egokituko zaio mutualista bati genero edo sexu indarkeriaren biktima izaera aitortzea.
LagunAro, EPSVk genero edo sexu indarkeriaren biktima diren emakume mutualistei emandako estaldura espezifikoak hauek dira:
- Genero edo sexu indarkeriaren biktimentzako prestazioa.
- Neurri espezifikoak Alarguntasun prestazioari dagokionez.
- Beste neurri osagarri batzuk.
Genero edo sexu indarkeriaren biktimentzako prestazioa
125. artikulua
Genero edo sexu indarkeriaren biktimentzako prestazioa emakume mutualistarentzako zenbateko ekonomiko bat izango da, aldi baterako edo behin betiko, Kooperatiban lan egiteari utzi edo lanaldia murriztu behar izatearen ondorioz, genero edo edo sexu indarkeriaren biktima delako.
Aldi baterako etenaldiak Kooperatibarekin duen lan harreman sozietarioa etetea esan nahi du, eta hileko zenbateko ekonomiko baterako eskubidea emango du.
Behin betiko etenaldiari dagokionez, berriz, Kooperatibarekin duen lan harreman sozietarioa amaitzea esan nahi du, eta oroharreko indemnizazio baterako eskubidea emango du.
Eta lanaldi murrizketak, emakume mutualistak bere Kooperatiban duen lanaldia egiazki murriztea dakarrelarik, hileko zenbateko ekonomiko bat jasotzeko eskubidea emango du, lanaldi murrizketa horren ondorioz lan egin gabeko denbora konpentsatuko duena.
126. artikulua
Prestazio honetarako eskubidea eragingo dute eta onuradun izango dira aktibo, Aldi Baterako Ezintasunean, Haurdunaldiko arriskuan, Berezko Edoskitzeko arriskuan, Jaiotza eta adingabearen zaintzan, Minbizia edo beste gaixotasun larri bat duten adingabeak zaintzen eta Langabezian dauden emakume mutualista guztiak.
Genero edo sexu indarkeriaren biktimentzako prestazio hori bateraezina izango da aurreko paragrafoan adierazitako prestazioak eta Prestazioen Erregelamendu honen 30. eta 62. artikuluetan aurreikusitako kalte ordainak aldi berean jasotzearekin.
Aldi Baterako Ezintasun, Haurdunaldiko arrisku, Edoskitze naturaleko arrisku, Jaiotza eta adingabearen zaintza kasuetan, genero edo sexu indarkeriaren biktimentzako Prestazioa emakume mutualista jasotzen ari zen prestazioa amaitu eta gero hasiko da.
Minbizia edo beste gaixotasun larri bat duten adingabeak zaintzeari eta Langabeziari dagokienez, emakume mutualistak aukeratu ahal izango du genero edo sexu indarkeriaren biktimentzako prestazioa jasotzen hasteko unea.
Emakume mutualista genero edo sexu indarkeriaren biktimentzako aldi baterako prestazioa jasotzen ari bada, eta Jaiotza eta adingabearen zaintzagatiko prestazioaren kausatzaile bada, genero edo sexu indarkeriaren biktimentzako prestazioa eten egingo da, eta ondoren hasi ahal izango da berriro, kontsumitzeko geratzen den aldirako.
127. artikulua
Genero edo sexu indarkeriaren biktimentzako Prestazioan sartzeko arrazoia baldin bada mutualistak bere Kooperatiban jarduera aldi baterako etetea, prestazioa kotizazio indizearen hileko kontsumo aurrerakinaren %80koa izango da (bi aparteko pagaren prorrata ere gehituta), gehi hornidura aurrerakinaren %100.
Kasu horretan, prestazioak berez sei hilabeteko gehieneko iraupena izango du, babes judizialaren eginbideen ondorioz biktima babesteko eskubidearen eraginak etenaldiak jarraitzea eskatzen duenean izan ezik. Agintari judizialak etenaldia hiru hilabeteko epeetan luzatzeko beharra egiaztatu ahal izango du, gehienez ere hemezortzi hilabete.
Mutualista berak lehendabizi genero edo sexu indarkeriaren biktimentzako aldi baterako uztearen prestazioa eta, ondoren, hurrengo 129. artikuluan aurreikusitako lanaldi murrizketaren prestazioa eskatzen baditu jarraian, aldi baterako uztearen prestazioa jasotzen aritu den denborak murriztu egingo du lanaldi murrizketaren prestazioa ordaintzeko hilekoen kopurua.
128. artikulua
Genero edo sexu indarkeriaren biktimentzako Prestazioan sartzeko arrazoia baldin bada mutualistak Kooperatibarekin duen harremana behin betiko amaitzea, Prestazioa oroharreko kalte ordain bat izango da, aurreko artikuluan araututako prestazioaren hileko kopuru jakin baten baliokidea.
Emakume mutualistari dagokion hilekoen kopurua honela kalkulatuko da:
- Kotizazioko bi urtera arte, sei hileko.
- Hortik gorako kotizazio urte oso bakoitzeko, hileko bat gehiago.
- Gehienez ere hemezortzi hileko.
Emakume mutualista berak lehendabizi genero edo sexu indarkeriaren biktimentzako aldi baterako prestazioa eta ondoren behin betiko amaitzeagatiko prestazioa eskatzen baditu jarraian, aldi baterako prestazioa jasotzen aritu den aldiak murriztu egingo du behin betiko amaitzeagatiko indemnizazioa kalkulatzeko kontuan hartu beharreko hilekoen kopurua.
129. artikulua
Genero edo sexu indarkeriaren biktimentzako prestazioan sartzeko arrazoia baldin bada emakume mutualistak bere Kooperatiban jarduera aldi baterako etetea erabaki duela, gutxienez egunean ordu bat eta gehienez lanaldiaren erdia, prestazioa lan egiteari utzitako denboraren kotizazio indizearen hileko kontsumo aurrerakinaren %80koa izango da (bi aparteko pagaren prorrata ere gehituta), gehi denbora tarte horri dagokion hornidura aurrerakinaren %100.
Prestazioak gehienez ere sei hilabeteko iraupena izango du hasieran, eta hiru hilabeteko aldietan luzatu ahal izango da, gehienez hemezortzi hilabeteraino, betiere agintaritza judizialak emakume mutualistaren babesa eta segurtasuna bermatzeko lanaldi murrizketa luzatzeko beharra egiaztatzen badu.
Emakume mutualista batek genero edo sexu indarkeriaren biktima izateagatik bere lanaldia murriztu badu eta, ondoren, Erregelamendu honen 127. eta 128. artikuluetan jasotako prestazioetakoren bati atxikitzen bazaio, prestazioak emakume mutualistak lanaldia murriztu ez balu bezala kalkulatuko dira.
Emakume mutualista berak, lehendabizi, genero edo sexu indarkeriaren biktimentzako lanaldi murrizketaren prestazioa eta, ondoren, Prestazioen Erregelamendu honen 127. artikuluko aldi baterako uztearen prestazioa eskatzen baditu jarraian, lanaldi murrizketaren prestazioa jasotzen aritu den aldiak murriztu egingo du aldi baterako uztearen prestazioa ordaintzeko hilekoen kopurua.
Emakume mutualista batek, lehendabizi, genero edo sexu indarkeriaren biktimentzako lanaldi murrizketaren prestazioa eta, ondoren, Prestazio Erregelamendu honen 128. artikuluko behin betiko uztearen prestazioa eskatzen baditu jarraian, lanaldi murrizketaren prestazio gisa ordaindutako zenbatekoek 128. artikuluaren arabera kalkulatutako kalte ordainaren zenbatekoa murriztuko dute.
130. artikulua
127. artikuluan araututako genero edo sexu indarkeriaren biktimentzako aldi baterako prestazioa, baita 129. artikuluan araututako lanaldi murrizketaren prestazioa ere, kausa hauengatik amaituko dira:
- Erregelamendu honetako 127. eta 129. artikuluetan aurreikusitako epeak betetzea.
- Lan harremana amaitzeagatik 128. artikuluan jasotako genero indarkeriaren biktimentzako Prestazioan sartzea.
- Emakume mutualista lanean berriro hastea, norberaren edo besteren kontura, Erregelamendu honen 127. artikuluan aurreikusitako estalduraren kasuan.
- Bere kooperatiban lanaldi osoko lanera itzultzea, Erregelamendu honen 129. artikuluan aurreikusitako estalduraren kasuan.
- LagunAro, EPSVko Erretiro eta Ezintasun Iraunkorreko pentsioetan sartzea.
- LagunAro, EPSVren Enplegurako Laguntzaren aurre-erretirora sartzea.
- Emakume mutualista hiltzea..
Neurri espezifikoak Alarguntasuneko prestazioari dagokionez
131. artikulua
Genero indarkeriaren biktima den emakume mutualistari lesioak edo heriotza eragiteagatik epai irmoa jaso duenak galdu egingo du mutualista horrek sortutako alarguntasun pentsioaren onuradun izaera, salbu eta haien artean behar bezala egiaztatutako errekontziliazioa dagoenean.
Kasu horretan, mutualistak eta kondenatuak elkarrekin dituzten seme-alabak umezurtz absolututzat hartuko dira Erregelamendu honetan aurreikusitakoaren ondorioetarako.
Seme-alabak adingabeak edo desgaituak badira, LagunAro, EPSVko Zurztasun Absolutuko pentsioaren onuradunak badira, inola ere ez zaio hori kondenatuari ordainduko, baizik eta seme-alaba onuradunen zaintza esleitua duen pertsona fisikoari edo erakundeari.
Kondenatu duten pertsonak LagunAro, EPSVri itzuli beharko dio horrek alarguntasun pentsioaren kontzeptuan ordaindu dizkion zenbatekoak, dagokionean.
Gainera, LagunAro, EPSVk kautelaz eten ahal izango du alarguntasun pentsioaren ordainketa, hipotesi horietan eta Gizarte Segurantzaren araudian aurreikusitako irizpide berekin bat eginda.
Emakume mutualista genero indarkeriaz hil duena ez bada, heriotzaren unean, haren ezkontidea edo izatezko bikotekidea, Kontseilu Errektoreak erabaki ahal izango du alarguntasun pentsioa ezkontide edo izatezko bikotekide horren eta heriotzaren eragileak eta hildako mutualistak izan ditzaketen seme-alaben artean banatzea.
Mutualista batek genero indarkeriaz emakume bat hiltzen badu, Kontseilu Errektoreak, Erakundearen gizarte aurreikuspeneko sistemarekiko koherentzian oinarrituta, umezurtz absolutuko prestazioa aitortu ahal izango die seme-alaba horiei. Hala, prestazio horrengatik ordaindu beharreko zenbatekoak, hala badagokio, genero indarkeria eragin duen mutualistak sor litzakeen etenaldiko mutualistaren eskubidetik deskontatuko dira.
Beste neurri osagarri batzuk
132. artikulua
Genero indarkeriaren biktima izan den emakume mutualista bati lesioak edo heriotza eragiteagatik epai irmo baten bidez kondenatu duten pertsona ezingo da izan aipatu mutualistak eragindako Desgaituentzako Laguntza, Osasun Laguntza, Heriotzagatiko Laguntza eta Etenaldiko Laguntzako prestazioen onuraduna edo hartzailea, salbu eta, dagokionean, haien arteko errekontziliazioa badago, behar bezala egiaztatuta.