III. Kapitulua
Prestazioak
[Apirila 2024]13. artikulua. Prestazioen zerrenda
LagunAro, EPSVk, bere helburu sozialarekin ados etorriz, emandako prestazioak Prestazio Erregelamenduan garatzen dira eta honako hauek dira:
- Desgaitasuna duten Pertsonentzat Laguntza.
- Osasun Laguntza.
- Aldi baterako Ezintasuna.
- Haurdunaldiko Arriskua.
- Edoskitzaroko Arriskua.
- Jaiotza eta Adingabearen Zaintza.
- Minbizia edo beste gaixotasun larriren bat duten adin txikikoen zainketa.
- Enplegu Laguntza.
- Heriotzagatiko Laguntza.
- Erretiroa.
- Alarguntasuna, Zurztasuna eta Zurztasun absolutua.
- Etenaldiko mutualista.
- Ezintasun Iraunkorra.
- Genero indarkeriaren biktimak diren mutualistak.
Prestazio guztiak Prestazio Erregelamenduan arautuko dira, eta honek Batzar Nagusiaren eta Erakunde Publiko eskudunaren onespena beharko du.
14. artikulua. Prestazio berriak
Aurreko artikuluan aipaturiko prestazioez gain, Erakundeak beste edozein prestazio ezarri ahal izango du, betiere gizarte-laguntza eta -aurreikuspenekoen barne baldin badago eta Batzar Nagusiak eta Erakunde Publiko eskudunak onespena eman ondoren.
15. artikulua. Prestazioen izaera
Erakundeak ematen dituen prestazioak pertsonalak eta eskualdaezinezkoak izango dira eta, beraz, ezin dira enbargatu edo utzi, ezta mutualistek edo onuradunek beren gain hartutako inolako betebeharren aurrean berme edo garantiatzat erabili ere.
LagunAro, EPSVko prestazioak, beste erakunde pribatu edo publikoren baten edo GizarteSegurantzaren bidez mutualistek jaso ditzaketenekin bateragarriak dira, Estatutu hauetan edo Prestazio Erregelamenduan espresuki aipaturiko salbuespenetan izan ezik.
16. artikulua. Prestazioak osatzea
Osasun Laguntzako prestazioa eta Aldi baterako Ezintasuna ezingo dira osatu Kooperatiba bazkide babesleek beren mutualisten onurarako edo hauek pribatuki ezar lezaketen antzerako beste edozein prestaziorekin, Komunitateko Batzorde Delegatuaren proposamenez Kontseilu Errektoreak espresuki baimentzen ez badu behintzat.
17. artikulua. Estaldura hirugarrengoen erantzukizun kasuan
Osasun Laguntzako prestazioan LagunAro, EPSVren estaldura dagoen kasuetan, eta hirugarren bat erantzule denean, mutualistak edo onuradunak dagokion aseguru-etxera jo behar du.
LagunAro, EPSVren estaldura honetara mugatuko da soilik: zirkunstantzia espezifiko hau egon ez balitz hartuko litzatekeen prestazioaren eta mutualistak edo bere onuradunek hartzen dituzten kalte-ordain global edo zehatzen arteko diferentziara.
LagunAro, EPSVk subrogatu egingo du eskubideetan ukituriko mutualista edo onuraduna, bere kasuan aurreratutako kopuruen zenbatekoa konpentsatu arte; eta eskubide hau egikaritzeko, subrogatuaren ahalduntze-ahalmen osoa izango du kalte-ordaina lortzeko prozedura penal edo zibilean agertu ahal izateko, baita zuzenean eragiteko ere, bere burua hirugarrengo kaltetutzat joko duelarik.
18. artikulua. Prestazioak eskuratzeko betebeharrak
Erakundeko mutualistek eta Kooperatiba bazkide babesleek Estatutu Sozialetan ezarritako prestazioetarako eskubidea izango dute Prestazio Erregelamenduan garatutako arauketaren arabera, betiere kuoten ordainketa eguneratua izan eta Prestazio Erregelamenduan eta indarrean dauden gainerako arauetan ezarritako beste betebeharrak betetzen badituzte.