I. Kapitulua
Arau orokorrak
[Apirila 2022]1. artikulua. Izaera, kolektiboa eta arau aplikagarriak
LagunAro, Entidad de Previsión Social Voluntaria de Empleo Preferente deituraz (aurrerantzean LagunAro, EPSV), laguntza eta aurreikuspeneko erakunde bat dago eratuta mutualisten —Aurreikuspen Erakundeko Kooperatiba bazkide babesleetako bazkideen— eta horien senitarteko onuradunen mesedetan; aurrerantzean, Estatutu Sozial hauek, Prestazio Erregelamenduak eta bere gobernu-organoek hartutako erabakiek arautuko dute Erakundea, baita 5/2012 Legeak ─otsailaren 23koa, Borondatezko Gizarte Aurreikuspenerako Erakundeei buruzkoa─ eta hori garatzeko gainerako arauek ere, eta, aplikagarri diren neurrian, Aseguru Pribatuen Ordenamendu eta Ikuskatze Legeak, hori garatzen duten erregelamenduek, xedapen osagarriek eta gerora emango diren arauek edo orain arte aipatutakoen ordezkoek.
2. artikulua. Helburu soziala
Erakunde honen helburu soziala gizarte-laguntza eta aurreikuspenerako sistema ezartzea da, Gizarte Segurantzako Sistema Publikoaren osagarria, mutualistentzat egokia, betiere horien Kooperatiba bazkide babesleen eskakizunekin koherentzia gordez.
3. artikulua. Izaera, erantzukizuna eta ezaugarri bereziak
LagunAro, EPSVren izaera mutuala da. Prestazioen kudeaketan erantzukizun maila egokia lortzeko, zuzentzaile ekonomikoak ezarriko dira Komunitate Mutualista mailan, horrela berorien jardueran elkartasuna kontuan hartu eta gastuaren kontrola eraginkorra izan dadin.
LagunAro, EPSV irabazi-asmorik gabeko erakundea da. Bere helburuak betetze aldera, gaitasun juridikoa osoa izango du era guztietako egintza eta kontratuak egiteko.
4. artikulua. Jarduketa-eremua, iraupena eta helbide soziala
Jarduketa-eremua erregionala izango du eta iraupena mugagabea. Egoitza soziala Gipuzkoako Arrasaten, Jose Mª Arizmendiarrieta pasealekua, 1-ean izango du, eta beste lekuren batera alda daiteke Batzar Nagusiak horrela erabakiz gero, aldaketaren berri dagokion Erakunde Publikoari eman behar zaiolarik.