Bazkide kooperatibistentzat
sortutako gizarte babeserako sistema
  • Albisteak
  • Kontaktua
  • FAQS
  • Batu LagunArora

Partikularrak

Saioa hasi

Oraindik ez duzu pasahitzik? Alta emateko minutu bakar bat beharko duzu.

Alta eman Ikusi abantailak

Kooperatibak eta Hornitzaileak

Saioa hasi

Kooperatibako edo Prestazio Medikoen Fakturazioko Kudeatzaile moduan sartzeko zalantzak badituzu, jarri gurekin harremanetan eta nola egin adieraziko dizugu.

Hautatu hizkuntza

  • ES
  • Nor gara?
    • Ezagutu gaitzazu
    • Balioak
    • Historia
    • Zifratan
    • Jasangarritasuna
  • LagunAro, EPSV
    • Ezagutu LagunAro
    • Inbertsio printzipioak
    • Erabaki organoak
    • Erregulazioa eta kudeaketa
  • Prestazioak
    • LagunAro prestazioak
    • Aldi baterako ezintasuna
    • Enplegu laguntza
    • Familia prestazioak
    • Genero indarkeria
    • Osasun laguntza
    • Pentsioak
  • Arogestion, EPSV
    • Ezagutu Arogestion
    • Aurreikuspen planak
    • Erabaki organoak
    • Erregulazioa eta kudeaketa
Lagunaro Bazkide kooperatibistentzat
sortutako gizarte
babeserako sistema

Partikularrak

Saioa hasi

Oraindik ez duzu pasahitzik? Alta emateko minutu bakar bat beharko duzu.

Alta eman Ikusi abantailak

Kooperatibak eta Hornitzaileak

Saioa hasi

Kooperatibako edo Prestazio Medikoen Fakturazioko Kudeatzaile moduan sartzeko zalantzak badituzu, jarri gurekin harremanetan eta nola egin adieraziko dizugu.

Hautatu hizkuntza

  • ES

  • Nor gara?
    • Ezagutu gaitzazu
    • Balioak
    • Historia
    • Zifratan
    • Jasangarritasuna
  • LagunAro, EPSV
    • Ezagutu LagunAro
    • Inbertsio printzipioak
    • Erabaki organoak
    • Erregulazioa eta kudeaketa
  • Prestazioak
    • LagunAro prestazioak
    • Aldi baterako ezintasuna
    • Enplegu laguntza
    • Familia prestazioak
    • Genero indarkeria
    • Osasun laguntza
    • Pentsioak
  • Arogestion, EPSV
    • Ezagutu Arogestion
    • Aurreikuspen planak
    • Erabaki organoak
    • Erregulazioa eta kudeaketa

  • Albisteak
  • Kontaktua
  • FAQS
  • Batu LagunArora

LagunAro, EPSV

  • Ezagutu LagunAro
    • Ezaugarri orokorrak
    • Finantzaketa
  • Inbertsio printzipioak
  • Erabaki organoak
    • Antolaketa egitura
    • Gobernantza korporatiboa
    • Batzarrak
      • Informazio orokorra
      • Batzar Nagusia 2025
      • Batzar Nagusia 2024
  • Erregulazioa eta kudeaketa
    • Barne erregulazioa
      • Araudia
      • Estatutu sozialak
        • Aurkibidea
        • I. Kapitulua: Arau orokorrak
        • II. Kapitulua: Bazkideak
        • III. Kapitulua: Prestazioak
        • IV. Kapitulua: Araubide ekonomikoa
        • V. Kapitulua: Gobernu organoak
        • VI. Kapitulua: Organo delegatuak
        • VII. Kapitulua: Diziplina-araubidea
        • VIII. Kapitulua: Elkartzea, berrasegurua, eraldaketa soziala, desegitea eta likidazioa
        • Xedapenak
      • Prestazioen erregelamendua
        • Aurkibidea
        • Aurretiko xedapena
        • I. Kapitulua: Xedapen orokorrak
        • II. Kapitulua: Banaketa prestazioak
        • III. Kapitulua: Kapitalizazio prestazioak
        • IV. Kapitulua: Iraupen mugatuko mutualistak
        • V. Kapitulua: Genero indarkeriaren biktima diren mutualistak
        • Xedapen iragankorrak
    • Kudeaketa txostenak
      • Kudeaketa txostenak
      • Memoriak
      • Auditoriak

Estatutu Sozialak

Hasi saioa

Atal hau zure gogokoenetan gehitzeko edo kentzeko, saioa hasi behar duzu.

Hasi saioa

Akatsa

Arazo bat egon da eta ezin izan da atala zure gogokoenetan gehitu edo kendu.

Estatutu Sozialak Inprimatze-data: 2025/10/02

Aurkibidea

I. Kapitulua

Arau orokorrak

II. Kapitulua

Bazkideak

III. Kapitulua

Prestazioak

IV. Kapitulua

Araubide ekonomikoa

V. Kapitulua

Gobernu-organoak

Lehen sekzioa: Batzar Nagusia

Bigarren sekzioa: Kontseilu Errektorea

Hirugarren sekzioa: Zaintza kontseilua

Laugarren sekzioa: Zuzendaritza

VI. Kapitulua

Organo delegatuak

Lehen sekzioa: Komunitate mutualistak

Bigarren sekzioa: Betetzea Batzordea

Hirugarren sekzioa: Prestazio Batzordea

Laugarren sekzioa: Inbertsio Batzordea

VII. Kapitulua

Diziplina-araubidea

VIII. Kapitulua

Elkartzea, berrasegurua, eraldaketa soziala, desegitea eta likidazioa

Xedapenak

Xedapen iragankorra

Azken xedapena

I. Kapitulua

Arau orokorrak [Apirila 2022]

1. artikulua. Izaera, kolektiboa eta arau aplikagarriak

LagunAro, Entidad de Previsión Social Voluntaria de Empleo Preferente deituraz (aurrerantzean LagunAro, EPSV), laguntza eta aurreikuspeneko erakunde bat dago eratuta mutualisten —Aurreikuspen Erakundeko Kooperatiba bazkide babesleetako bazkideen— eta horien senitarteko onuradunen mesedetan; aurrerantzean, Estatutu Sozial hauek, Prestazio Erregelamenduak eta bere gobernu-organoek hartutako erabakiek arautuko dute Erakundea, baita 5/2012 Legeak ─otsailaren 23koa, Borondatezko Gizarte Aurreikuspenerako Erakundeei buruzkoa─ eta hori garatzeko gainerako arauek ere, eta, aplikagarri diren neurrian, Aseguru Pribatuen Ordenamendu eta Ikuskatze Legeak, hori garatzen duten erregelamenduek, xedapen osagarriek eta gerora emango diren arauek edo orain arte aipatutakoen ordezkoek.

2. artikulua. Helburu soziala

Erakunde honen helburu soziala gizarte-laguntza eta aurreikuspenerako sistema ezartzea da, Gizarte Segurantzako Sistema Publikoaren osagarria, mutualistentzat egokia, betiere horien Kooperatiba bazkide babesleen eskakizunekin koherentzia gordez.

3. artikulua. Izaera, erantzukizuna eta ezaugarri bereziak

LagunAro, EPSVren izaera mutuala da. Prestazioen kudeaketan erantzukizun maila egokia lortzeko, zuzentzaile ekonomikoak ezarriko dira Komunitate Mutualista mailan, horrela berorien jardueran elkartasuna kontuan hartu eta gastuaren kontrola eraginkorra izan dadin.

LagunAro, EPSV irabazi-asmorik gabeko erakundea da. Bere helburuak betetze aldera, gaitasun juridikoa osoa izango du era guztietako egintza eta kontratuak egiteko.

4. artikulua. Jarduketa-eremua, iraupena eta helbide soziala

Jarduketa-eremua erregionala izango du eta iraupena mugagabea. Egoitza soziala Gipuzkoako Arrasaten, Jose Mª Arizmendiarrieta pasealekua, 1-ean izango du, eta beste lekuren batera alda daiteke Batzar Nagusiak horrela erabakiz gero, aldaketaren berri dagokion Erakunde Publikoari eman behar zaiolarik.

II. Kapitulua

Bazkideak [Apirila 2008]

5. artikulua. Bazkide eta onuradun-motak

LagunAro, EPSVren bazkideak bi motakoak dira: babesleak eta numerarioak.

Bazkide babesleak Kooperatiba modura eratutako erakundeak dira, Erakundearen sostenimendu eta garapenean esku hartzen dutenak, zuzen- zuzenean laguntzen dutelarik bere kudeaketa eta administrazioan, betiere aurrez eskatu eta Kontseilu Errektoreak espresuki onartzen baditu.

Bazkide numerario edo mutualista –aurrerantzean, mutualista– dira LagunAro, EPSVko bazkide babesle diren Kooperatibetako bazkide langileak eta laneko bazkideak, Erakundeak horrela onartu baldin baditu.

Mutualistak iraunaldi jakinekoak izango dira Kooperatiba bazkide babeslearekin duten sozietate-lotura izaera berekoa denean. Mutualista hauei LagunAro, EPSVren arauketan ezarritako berariazko arauketa aplikatuko zaie.

Mutualisten senitartekoak, Estatutu Sozial hauen eta Prestazio Erregelamenduaren arabera prestazioetarako eskubidea dutenak, onuradunak izango dira.

6. artikulua. Kooperatiba bazkide babesleen, mutualisten eta onuradunen erregistroa

Mutualista-kopurua mugagabea da, eta honen nolakotasuna ez da eskualdagarria; hortik sorturiko eskubideak estatutu eta erregelamenduzko arauen arabera izango dira egikarituak.

LagunAro, EPSVk Kooperatiba bazkide babesleen, mutualisten eta onuradunen erregistroa izango du.

7. artikulua. Onarpenerako betebeharrak

Kooperatiba bazkide babesleen —beren mutualistekin— onarpen eta inskripzioa Kontseilu Errektoreak onartuko ditu, ondorioz Estatutu Sozial hauetan eta beste aplikazio-arauetan ezarritako eskubide eta betebeharrak aitortuko zaizkielarik.

Kooperatiba bazkide babesleen eta mutualisten onarpenerako, ondorengo baldintzak beteko dira:

Kooperatiba bazkide babesleentzat:

  1. LagunAro, EPSVko Estatutu Sozialak eta gainerako aplikazio-arauak onartzea.
  2. Indarrean dauden xedapenek eskaturiko gaitasun-baldintzak betetzea.
  3. Ondorengo dokumentazioa aurkeztea:
    • Estatutu Sozialen kopia, non ezarriko baita Kooperatiba bazkide babesleak Gizarte Segurantzaren arloan egindako aukera Langile Autonomoen Erregimen Bereziaren eta LagunAro, EPSVren alde, Kooperatiba bazkide babesleak bere burua behartzen duelarik dagozkion kuotak ordaintzera.
    • Bazkideen izen-zerrenda, dagozkien datuekin, Erakundean indarrean dauden Arauek eskaturikoaren arabera.
    • Batzar Nagusiaren erabakiaren ziurtagiria non LagunAro, EPSVn sartzea eskatzen baitu, berariaz onartuz Erakundean indarrean dagoen arauketa, baita dagozkion konpromiso ekonomikoak ere.
    • Dagokion Komunitate Mutualistaren jarreraren ziurtagiria.
    • Kooperatiba bazkide babeslearen erabakiaren agiria, LagunAro, EPSVrekiko loturatik eratorritako administrazio-funtzioak edo zuzemenak bere bizkarretik egitera behartzen dela ziurtatuz.
    • Kontseilu Errektoreari beharrezko iruditzen zaizkion txosten osagarriak.

Mutualistentzat:

  1. Bazkide babesle den Kooperatiba bateko bazkide langile edo laneko bazkide izatea.
  2. LagunAro, EPSVko Estatutu Sozialak onartzea, baita indarrean dagoen gainerako arauketa ere.
  3. Indarrean dauden xedapenek eskaturiko gaitasun-baldintzak betetzea.
  4. Sartu ahal izateko, Kontseilu Errektoreak ezarri dituen gainerako betebeharrak ere betetzea.

Mutualista-gaiei, betiere artikulu honetan ezartzen zaizkien baldintzak betetzen badituzte, dagokien Kooperatiba bazkide babeslearen bidez emango zaie alta LagunAro, EPSVn, eta Kooperatiba izango da sartzeko proposatutako mutualista berrien altak tramitatuko dituena.

8. artikulua. Bazkideen baja

Ondorengo kasu hauetan emango zaie baja Kooperatiba bazkide babesleei:

  1. Kooperatiba izaera galtzean.
  2. Kooperatibako Batzar Nagusiak erabakitzen duenean LagunAro, EPSVko bazkide babesle gisa baja kausatzea.
  3. LagunAro, EPSVko Kontseilu Errektorearen erabaki zigortzailez, Estatutu Sozial hauetan ezarritako arau-hausteetan oinarritu beharko duelarik. Kontseilu Errektoreak onartutako kanporatze-erabakien aurka Batzar Nagusiaren aurrean jar daiteke helegite edo errekurtsoa.
    Nolanahi ere, Kooperatiba bazkide babeslearen bajak bertako bazkide diren mutualista guztiengan izango du eragina, hala balegokio, Estatutu Sozial hauetan 37. artikuluan xedatutakoaren aplikazioa gorabehera.

Mutualistei, berriz, beste kasu hauetan emango zaie baja:

  1. Heriotza-kasuan.
  2. LagunAro, EPSVko bazkide babesle den Kooperatiba batekoa izateari uztean, izaera bereko beste batean sartzen ez bada.
  3. Bere Kooperatibak bazkide babeslearen izaera galtzean.
  4. LagunAro, EPSVko Kontseilu Errektoreak kanporatzea erabakitzean, Estatutu Sozial hauetan ezarritako arau-hausteetan oinarritu beharko duelarik. Kontseilu Errektoreak onartutako kanporatze-erabakien aurka Batzar Nagusiaren aurrean jar daiteke helegite edo errekurtsoa.

9. artikulua. Bazkideen eskubide eta betebeharrak

Mutualisten eta Kooperatiba bazkide babesleen eskubide eta betebeharrak Estatutu Sozial hauetan eta gainerako arau aplikagarrietan ezartzen direnak dira.

Mutualista eta Kooperatiba bazkide babesle guztiek eskubide eta betebehar berberak izango dituzte bakoitzari dagokion aplikazio-eremuan, nahiz eta ekarpenak eta prestazioak estatutu eta erregelamenduetan ezarritakoarekin bat etorriko diren, bakoitzaren zirkunstantzien arabera.

10. artikulua. Mutualisten eta kooperatiba bazkide babesleen eskubideak

Mutualista eta Kooperatiba bazkide babesleen eskubideak, Erakundearekiko betebeharrak ere eguneratuak baldin badituzte behintzat, honako hauek dira:

Eskubide politikoak, berdintasun-printzipioaren arabera:

  1. Erakundeko gobernu-organoetako kargudunak aukeratzekoa eta besteek bera aukera dezaten.
  2. Batzar Nagusietara pertsonalki edo eskuordetze bidez joatekoa, eta proposamenak formulatu eta hango eztabaida eta botazioetan parte hartzekoa.

Eskubide ekonomikoak:

  1. Estatutu Sozialetan eta Prestazio Erregelamenduan ezarritako prestazioak hartzea.
  2. Erakundea desegitea gertatuz gero, ondarearen banaketan partehartzea.

Informazio-eskubidea:

  1. Erakundearen jarduera ekonomiko, administratibo eta soziala ezagutzekoa, Kontseilu Errektoreak emandako txosten, oroitidazki edo memoria, balantze, kontabilitateko egoera-orri eta aurrekontuen bidez.
  2. Komenigarri iruditzen zaizkion kontsulta, iradokizun, kexu eta erreklamazioak aurkeztu eta argibide edo txostenak idatziz eskatzekoa, Erakundearen funtzionamendu edo emaitzen edozein alderdiri buruz; eskaera hau idatziz egin behar da, eskaera eragiten duen egitate edo zergatiaren datatik zenbatzen hasi eta gehienez ere 30 egun naturaleko epearen barruan. Kontseilu Errektorearen iritziz, informazioa emateak arrisku larrian jarriko balitu Erakundearen bidezko interesak, orduan bakarrik uka liezaioke informazioa; ukapen horri epaitegien bidez aurka egin dakioke indarrean dagoen legeriaren arabera.
  3. Eguneko Aztergai-Zerrendan ekitaldi ekonomikoko kontuei buruz edo beste edozein proposamen ekonomikori buruz Batzarrari onespena eskatzea ezarria dagoenean, horien berri ematen duten oinarrizko dokumentuak mutualisten eta Kooperatiba bazkide babesleen eskura egon beharko dute Erakundearen egoitza sozialean, deia egiten denetik Batzarra egiten denera arte.
    Epe horretan, mutualistek eta Kooperatiba bazkide babesleek komenigarri iruditzen zaizkien argibideak eskatu ahal izango dizkiote idatziz Kontseilu Errektoreari, eta egiten den lehenengo Batzar Nagusian emango dira erantzunak.
  4. Legez ezarritako kontabilitate-egiaztapena eskatu ahal izango dute mutualistek, eta hori egin egin beharko da azken ekitaldiko abenduaren 31n leudekeen mutualisten %5ek idatziz eskatzen badute.

11. artikulua. Mutualisten eta kooperatiba bazkide babesleen betebeharrak

Honako hauek dira mutualisten eta Kooperatiba bazkide babesleen betebeharrak:

  1. Estatutu Sozial hauek, Prestazio Erregelamendua eta Erakundeak balioz hartutako erabakiak betetzea.
  2. Aukeratuak izanez gero, organo sozialetako karguak betetzea, ez betetzeko bidezko kausarik izan ezik.
  3. Erakundeko gobernu-organoek eskatutako laguntza eta lankidetza ematea.
  4. Prestazioei buruz, Erakundeak ezarritako eginbehar eta izapideak betetzea.
  5. Batzar Nagusiak erabakitako kuotak ordaintzea Kooperatiba bazkide babesleek.
  6. Egiten dituzten helbide-aldaketen berri Erakundeari ematea.
  7. Orokorki edo espezifikoki, Estatutu Sozialetan, Prestazio Erregelamenduan eta Erakundeak balioz hartutako erabakietan ezarriko diren beste guztiak.

Mutualistek eta onuradunek, baita Kooperatiba bazkide babesleek ere, beren eskubideen defentsarako, edozein jarduera baino lehen, Kontseilu Errektorearen aurrean erreklamazioa aurkeztu behar dute, eta honek dagokion erantzuna eman beharko du.

12. artikulua. Erantzukizunaren mugatzea

Mutualisten eta Kooperatiba bazkide babesleen erantzukizun ekonomikoa zor sozialengatik, Fondo edo Funts Mutualera egindako ekarpenera mugatuko da.

Baja kausatzen duten mutualistak eta Kooperatiba bazkide babesleak, baja hori ondorioak izaten hasi arte Erakundearekin harturiko betebeharren erantzule izango dira.

III. Kapitulua

Prestazioak [Apirila 2024]

13. artikulua. Prestazioen zerrenda

LagunAro, EPSVk, bere helburu sozialarekin ados etorriz, emandako prestazioak Prestazio Erregelamenduan garatzen dira eta honako hauek dira:

  • Desgaitasuna duten Pertsonentzat Laguntza.
  • Osasun Laguntza.
  • Aldi baterako Ezintasuna.
  • Haurdunaldiko Arriskua.
  • Edoskitzaroko Arriskua.
  • Jaiotza eta Adingabearen Zaintza.
  • Minbizia edo beste gaixotasun larriren bat duten adin txikikoen zainketa.
  • Enplegu Laguntza.
  • Heriotzagatiko Laguntza.
  • Erretiroa.
  • Alarguntasuna, Zurztasuna eta Zurztasun absolutua.
  • Etenaldiko mutualista.
  • Ezintasun Iraunkorra.
  • Genero indarkeriaren biktimak diren mutualistak.

Prestazio guztiak Prestazio Erregelamenduan arautuko dira, eta honek Batzar Nagusiaren eta Erakunde Publiko eskudunaren onespena beharko du.

14. artikulua. Prestazio berriak

Aurreko artikuluan aipaturiko prestazioez gain, Erakundeak beste edozein prestazio ezarri ahal izango du, betiere gizarte-laguntza eta -aurreikuspenekoen barne baldin badago eta Batzar Nagusiak eta Erakunde Publiko eskudunak onespena eman ondoren.

15. artikulua. Prestazioen izaera

Erakundeak ematen dituen prestazioak pertsonalak eta eskualdaezinezkoak izango dira eta, beraz, ezin dira enbargatu edo utzi, ezta mutualistek edo onuradunek beren gain hartutako inolako betebeharren aurrean berme edo garantiatzat erabili ere.

LagunAro, EPSVko prestazioak, beste erakunde pribatu edo publikoren baten edo GizarteSegurantzaren bidez mutualistek jaso ditzaketenekin bateragarriak dira, Estatutu hauetan edo Prestazio Erregelamenduan espresuki aipaturiko salbuespenetan izan ezik.

16. artikulua. Prestazioak osatzea

Osasun Laguntzako prestazioa eta Aldi baterako Ezintasuna ezingo dira osatu Kooperatiba bazkide babesleek beren mutualisten onurarako edo hauek pribatuki ezar lezaketen antzerako beste edozein prestaziorekin, Komunitateko Batzorde Delegatuaren proposamenez Kontseilu Errektoreak espresuki baimentzen ez badu behintzat.

17. artikulua. Estaldura hirugarrengoen erantzukizun kasuan

Osasun Laguntzako prestazioan LagunAro, EPSVren estaldura dagoen kasuetan, eta hirugarren bat erantzule denean, mutualistak edo onuradunak dagokion aseguru-etxera jo behar du.

LagunAro, EPSVren estaldura honetara mugatuko da soilik: zirkunstantzia espezifiko hau egon ez balitz hartuko litzatekeen prestazioaren eta mutualistak edo bere onuradunek hartzen dituzten kalte-ordain global edo zehatzen arteko diferentziara.

LagunAro, EPSVk subrogatu egingo du eskubideetan ukituriko mutualista edo onuraduna, bere kasuan aurreratutako kopuruen zenbatekoa konpentsatu arte; eta eskubide hau egikaritzeko, subrogatuaren ahalduntze-ahalmen osoa izango du kalte-ordaina lortzeko prozedura penal edo zibilean agertu ahal izateko, baita zuzenean eragiteko ere, bere burua hirugarrengo kaltetutzat joko duelarik.

18. artikulua. Prestazioak eskuratzeko betebeharrak

Erakundeko mutualistek eta Kooperatiba bazkide babesleek Estatutu Sozialetan ezarritako prestazioetarako eskubidea izango dute Prestazio Erregelamenduan garatutako arauketaren arabera, betiere kuoten ordainketa eguneratua izan eta Prestazio Erregelamenduan eta indarrean dauden gainerako arauetan ezarritako beste betebeharrak betetzen badituzte.

IV. Kapitulua

Araubide ekonomikoa [Apirila 2025]

19. artikulua. Finantza-baliabideak

LagunAroren finantza-baliabideak, oso-osorik bere helburuak betetzeko direlarik, honako hauek izango dira:

  • Aldizkako Kuotak, Kooperatiba bazkide babesleek ordaindu beharrekoak mutualisten onurarako, Batzar Nagusian urtero erabakiko diren zenbatekoen arabera.
  • Bere ondarearen inbertsioan lorturiko etekinak.
  • Salbuespen gisa, egoera berezietan mutualistek eurek ordaindutako kuotak.
  • Har litzakeen subentzio, konpentsazio, emari, legatu eta gainerako ondasunak.

20. artikulua. Funts mutuala

Funts Mutuala Erakundearen fondo propioek osatuko dute, legezko kopuruetaraino Emaitzen kargura jarriak, eta, beraz, ez mutualistek eta ez Kooperatiba bazkide babesleek ez dute berreskuratzeko inolako eskubiderik izango.

21. artikulua. Prestazio eta kuotei buruzko eskuduntza

Prestazioen maila eta dagokien kuota finkatzea, baita prestazioak ezarri edo kentzea ere, Batzar Nagusiaren eskuduntza da, Kontseilu Errektorearen proposamenari jarraituz.

Prestazioak Prestazio Erregelamenduan daude jasota eta kuotak Batzar Nagusian onartuko dira urtero.

Halaber, Batzar Nagusia eskudun izango da Gizarte Segurantzan Langile Autonomoen Araubide Bereziari kotizatzeko erreferentzia finkatzeko.

22. artikulua. Kotizazio tarifak eta oinarriak

LagunAro, EPSVko Kotizazioen Tarifak hileko aurrerakinen eta Kotizazio Oinarrien (LagunAro, EPSVra eta Gizarte Segurantzako Langile Autonomoen Araubide Berezira) arteko lotura ezartzen du, baita kooperatiba bazkide babesleek Kotizazio Oinarri horiei dagokienez ordaindu beharreko kuotak ere.

Tarifa hori mutualista bakoitza atxikita dagoen kotizazio ereduaren ezaugarrietara egokituko da, eta kontsumo aurrerakinen balioaren arabera finkatuko da, eta urtero eguneratuko da, kontsumoko prezioen indizearen eta kooperatiba bazkide babesleen ordainsarien dinamikaren bilakaeraren arabera.

Oro har, LagunAro, EPSVren prestazioetarako eta Gizarte Segurantzako Langile Autonomoen Araubide Berezirako Kotizazio Oinarriak zehazteko, mutualistak bere lan indizeari bere kooperatiba bazkide babeslean esleitutako balioan oinarrituta jasotzen duen hileko kontsumo aurrerakina hartuko da kontuan.

Nolanahi ere, kooperatiba bazkide babeslearen aurrerakinen maila LagunAro, EPSVren Kotizazio Tarifarena baino txikiagoa denean, Kooperatibak aukeratu ahal izango du LagunAro, EPSVren pentsioetarako (Erretiroa, Alarguntasuna, Zurztasuna, Zurztasun Absolutua eta Ezintasun Iraunkorra) eta Gizarte Segurantzako Langile Autonomoen Araubide Berezirako Kotizazio Oinarriak mutualistak LagunAro, EPSVren Kotizazio Tarifan duen lan indizeari dagozkionak izatea.

Aurreko paragrafoan adierazitako kasuan, LagunAro, EPSVren pentsioetarako eta Gizarte Segurantzako Langile Autonomoen Araubide Berezirako erreferentziazko kotizazioari buruzko erabakia kooperatiba bazkide babesle bakoitzaren Kontseilu Errektoreak hartuko du, eta kooperatibako bazkide guztiei aplikatuko zaie. Kooperatiba bazkide babesle bakoitzak erabaki horren berri eman beharko dio LagunAro, EPSVri, eta, jakinarazpen hori egiten ez den bitartean, kooperatiba bazkide babesleari mutualista bakoitzak LagunAro, EPSVren Kotizazio Tarifan duen lan indizeari dagozkion Kotizazio Oinarriak aplikatuko zaizkio LagunAro, EPSVren pentsioetarako eta Gizarte Segurantzako Langile Autonomoen Araubide Berezirako.

Pentsioetarako kotizatzeko ezartzen den gehieneko muga une bakoitzean LagunAro, EPSVn indarrean dagoen Kotizazio Tarifako sei indizeari dagokiona da.

Kotizazioa urtean hamabi aldiz egingo da kuota guztietarako.

Kotizazio indizeak, mutualistak kooperatiba bazkide babeslean izan ditzakeen mugimenduetatik aparte, hil natural bakoitzaren hasieran bakarrik aldatu ahal izango dira.

23. artikulua. Prestazioen oinarri arautzailea

Oinarri erregulatzaile batetik abiatuta kalkulatzen diren prestazioetarako, prestazio bakoitzerako zehaztu egin beharko dira oinarri arautzailea kalkulatzeko kontuan hartu beharreko kotizazio aldia, aipatu kalkuluaren oinarrian dauden kotizazio oinarriak eta, dagokionean, aipatu kotizazio oinarriak eguneratzeko ezarri beharreko irizpideak.

Prestazio bakoitzaren oinarri erregulatzailea kalkulatzeko berezitasun horiek Erakundearen Prestazio Erregelamenduan garatuko dira.

24. artikulua. Kuoten deiturak

Katalogazio administratiboaren ondorioetarako, LagunArori ordaindu beharreko kuotak honela deituko dira:

  1. “Kuota Partziala”: prestazio bakoitzarengatik edo administrazio-gastuak estaltzeko Kooperatiba bazkide babesleek beren bazkide mutualista bakoitzaren izenean hilero ordaintzen duten zenbatekoa, gehi administrazio-kuota.
  2. “Guztizko Kuota”: prestazio guztiengatik Kooperatiba bazkide babesleek beren bazkide mutualista bakoitzaren izenean hilero ordaintzen duten zenbatekoa, gehi administrazio-kuota.

25. artikulua. Kuoten proportzionaltasuna

Oinarrizko kuota partzialak ─LagunAro, EPSVk ematen dituen prestazioak, baita administrazio-gastuak ere, ordaintzeko direnak─ prestazio bakoitzerako mutualista bakoitzari dagokion Kotizazio Oinarriaren proportzionalak izango dira.

26. artikulua. Banaketako kuotak

Desgaitasuna duten Pertsonentzat Laguntza, Osasun Laguntza, Aldi baterako Ezintasun, Haurdunaldiko Arrisku, Edoskitzaroko Arriskua, Jaiotza eta Adingabearen Zaintza, Minbizia edo beste gaixotasun larriren bat duten adin txikikoen zainketa, Enplegu Laguntza eta Heriotzagatiko Laguntzako prestazioak estaltzeko kuotak, urtero denboraldi horretan emaniko prestazioen mailara iritsiko dira. Mutualistei emango zaizkien Zigor eta Hobarien bidez eta hurrengo ekitaldirako kuotak aldatuz erregularizatuko dira diferentziak, hala balegokio.

Dena dela, denboran zehar portaera irregularra izan dezaketen prestazioetan funts edo fondoak sortu ahal izango dira.

Administrazio-kuota ekitaldirako kalkulatutako eta kuotaren kontura finantzaturiko Administrazio-gastuen arabera finkatuko da. Alde edo diferentziak hurrengo ekitaldiko kuota aldatuz erregularizatuko dira.

27. artikulua. Kapitalizazioko kuotak

Erretiro, Alarguntasun, Zurztasuna, Zurztasun Absolutua eta Ezintasun Iraunkorreko prestazioak estaltzeko kuotek azterketa aktuariala behar dute kotizazio-tasa finkatzeko, Estatutu Sozial hauetan eta Prestazio Erregelamenduan ezarritako oinarrien arabera.

28. artikulua. Prestazioak etetea

Prestazioen eskubideaz baliatzeko, Kooperatiba bazkide babesleak eguneratua beharko du izan bere mutualistengatik dagozkion kuoten ordainketa, eta L agunAro, EPSVk automatikoki eten ahal izango dizkie bere prestazioak mutualistei, horien onuradunei eta Kooperatiba bazkide babesleei, baldin eta ez bada betetzen baldintza hau.

29. artikulua. Gastuaren autokonpentsazioa

Onuradun bakoitzeko gastu-mailak kolektibo behar hainbat zabaletan autokonpentsatuak gerta daitezen, Kooperatiba bazkide babesleen artean Komunitate Mutualistak eratuko dira, Komunitate hauen definizioa, ezaugarriak eta eskuduntzak Estatutu Sozial hauen VI. Kapituluan zehaztuko direlarik.

Osasun Laguntza eta Aldi Bateko Ezintasun prestazioetan Komunitate Mutualistei aplikatuko zaien hobari- eta zigor-sistema Prestazio Erregelamenduan garatuko dira.

30. artikulua. Gastuaren kontrola

LagunAro, EPSV prestazio bakoitzeko gastu-kontrola eramango du, bertan komunitate mutualista, Kooperatiba bazkide babesle, mutualista eta onuradun bakoitzeko kontsumoa zehaztuko delarik.

31. artikulua. Erantzukizuna kuoten ordainketa

Kooperatiba bazkide babesleak izango dira bere mutualista bakoitzak sorturiko kuoten zenbatekoaren erantzule LagunAro, EPSVren aurrean.

32. artikulua. Administrazio gastuak

Kapitalizazio-prestazioen administrazio-gastuak inbertsio-kudeaketako kontuaren etekin gordinen kargura finantzatuko dira, eta ezingo dute gainditu azken ekitaldiaren itxierako hornidura teknikoen %0,30.

Banaketako prestazioen administrazio-gastuak kuota espezifiko baten kargura finantzatuko dira eta ezingo dute gainditu prestazio hauen finantzaketarako azken ekitaldian bildutako kuoten %10.

33. artikulua. Kontabilitatea

Aplikatu beharreko legezko xedapenetan ezarritakoaren arabera eramango du Erakundeak bere kontabilitatea, une oroz bere egoera ekonomikoa zehazki islatzeko moduan.

Urteko kontuak kanpoko kontu-ikuskatzaile batek ikuskatuko ditu.

34. artikulua. Kapitalizazio-prestazioen oinarri teknikoak

Urtero, ekitaldi ekonomikoa ixtean, Kontseilu Errektoreak izendaturiko Aktuario batek kalkulatuko ditu hornidura teknikoak, ezarritako interes teknikoaren eta gainerako hipotesi aktuarialen arabera.

Kontseilu Errektoreak egiaztatu beharko du kapitalizazio-prestazioen estaldurara loturiko ondarearen inbertsioa lege-xedapenetara egokitzen dela, baita, ondorio horietarako, aipaturiko inbertsioen balorazioa ere.

35. artikulua. Etekinen zertarakoa

Lorturiko etekinek ekitaldiko premia aktuarialak gainditzen badituzte, aldea lehenik Prestazio Erregelamenduan araututako pentsio-eskubideak eguneratzeko konpromisoak betetzeko erabiliko da eta, gero, kaudimena sendotzeko, beste ekitaldi batzuetan gerta litekeen errentagarritasun urriegia estali ahal izateko.

Kapitalizazio-prestazioen estaldurara loturiko ondarearen inbertsioak sorturiko etekina ezingo da inola ere beste helburu batzuetarako erabili, kapitalizazio-prestazioetatik eratorritako horietarakoxe izan ezik.

36. artikulua. Kotizazioa jardunean eta lan-utzialdian

  1. Kooperatiba bazkide babesleak behartuta daude kuota guztiak ordaintzera aktibo dauden mutualisten alde, egoera hauek barne direla: Aldi Baterako Ezintasuna, Haurdunaldiko Arriskua, Edoskitzaroko Arriskua, Jaiotza eta Adingabearen Zaintza, Minbizia edo beste gaixotasun larriren bat duten adin txikikoen zaintza, Langabezia edo Aurretiazko erretiroa.
  2. Beren kooperatiba bazkide babeslean aldi baterako eszedentzian egonik beren borondatez LagunAro, EPSVren prestazioak jasotzen jarraitzea erabaki duten mutualistek pertsonalki ordaindu beharko dituzte dagozkien kuotak, baina mutualistak aurrez eskatu eta LagunAro, EPSVko Kontseilu Errektoreak onetsi behar du. LagunAro, EPSVko Kontseilu Errektoreak kasu horietarako kotizazio sistema espezifiko bat arautuko du.

Salbuespen gisa eta Kooperatiba bazkide babeslearen berariazko akordio bidez, aldi baterako eszedentzian dagoen mutualistaren kuotak Kooperatibak ordaindu ahal izango ditu.

37. artikulua. Mutualisten baja

Erretirorako kotizatzeari uzten dioten eta LagunAro, EPSVko Erretiro Aurreratuko prestazioaz baliatu ezin diren mutualistak etenaldiko mutualista bihurtuko dira, eta egoera horretarako Erregelamenduan araututako prestazioetarako eskubidea izango dute. Mutualistak ezingo dira etenaldiko mutualistaren figuran sartu baldin eta LagunAro, EPSVko Ezintasun Iraunkorreko pentsioa kausatu badute, Desgaitasun Iraunkor Oso eta Kualifikatu, Ezintasun Iraunkor Absolutu edo Baliaezintasun Handiko mailetan, edo mutualistak hil badira.

Kooperatiba bazkide babesleetako edozeinetakoa izateari uzten diotenean edota horietan lan-utzialdian sartzen direnean 36.2 artikuluan araututakoari atxiki gabe, Erretiroko prestaziorako hamar urte baino gehiago kotizatu dutela egiaztatzen badute eta halaber aktibo izaera izan badute baja aurre-aurreko hamabi hilabeteetan, LagunAro, EPSVko bazkide izaten jarraitzeko aukera egin dezakete eta Erretiroko, Alarguntasuneko, Zurztasuneko eta Zurztasun Absolutuko prestazioen hartzekodun izan, eta hala badagokie baita Ezintasun Iraunkorreko prestazioaren hartzekodun ere, idatziz eskatzen badute eta dagozkien kuotak ordaintzera konprometitzen badira.

Etenaldiko mutualistek, kooperatiba bazkide babesleetakoak izateari behin betiko utzi diotenek, etenaldiko mutualista gisa aitorturiko eskubide ekonomikoak beste enpleguko aurreikuspen-plan preferente batera mugitu ahal izango dituzte, Prestazio Erregelamenduan ezarritako baldintzak betetzen badira betiere.

LagunAro, EPSVn eskubide ekonomikoen mugimendua aurreko paragrafoan aipaturiko etenaldiko mutualista horiengana mugatuko da.

38. artikulua. Kotizazioetan berandutze-errekargua

Kooperatiba bazkide babesleek bere mutualisten alde ordaindu beharreko kuotak mugaeguneratutako hilabeteengatik egingo dira LagunAro, EPSVn, dagokion hilaren hurrengoan, ordaindutako hileko azken eguneko balioaz.

Orokorki, aipatu epean ordaintzen ez diren kuotek berandutzagatiko errekargua izango dute, zenbatekoaren % 5i dagokiona hilabete edo frakzioko.

39. artikulua. Kotizazio-sistema bereziak

Kotizazio-sistema berezia erabaki lezake Kontseilu Errektoreak, prestazio- sistema paraleloa egokituko zaiolarik, mutualisten egoera bereziei erantzun ahal izateko: adibidez, kontratuen iraupen jakinari, Erakundean sartzerakoan duten adinari, Langile Autonomoen Araubide Bereziko Kotizazio Oinarriaren zenbatekoa edo gehikuntza zehazteko dauden mugei, oinarrizkoak diren nahiz ez diren arautzeetan ezarritako muga edo baldintzatzaileekiko mendetasunari edo antzeko beste egoera batzuei.

V. Kapitulua

Gobernu-organoak [Apirila 2016]

40. artikulua. Gobernu-organoak zehaztea

LagunAro, EPSVko gobernua ondorengo organo hauek zertuko dute: Batzar Nagusiak, Kontseilu Errektoreak, Zuzendaritzak eta Zaintza Kontseiluak.

Lehen sekzioa: Batzar Nagusia [Apirila 2016]

41. artikulua. Gobernu-organo nagusia

Batzar Nagusia, mutualisten borondatearen adierazpide gisa, LagunAro, EPSVko gobernu-organo nagusia izango da.

42. artikulua. Osaera

Kooperatiba bazkide babesle bakoitzean, beren arauen arabera eta indarrean dagoen legerian ezarritakoa errespetatuz, izendaturiko konpromisarioek (mutualisten ordezkariek) osatuko dute Batzar Nagusia.

Bazkide babesle den Kooperatiba bakoitzak gutxienez konpromisario bat izendatzeko eskubidea izango du. Halaber, beste konpromisario bat izendatzeko eskubidea izango du hogeita hamar mutualistako multiplo oso bakoitzeko, baina konpromisarioak ezingo dira izan gehienez ere Batzar Nagusia osatzen duten konpromisa rio guztien herena baino gehiago. Konpromisarioen izendatzea izenduna izango da.

Honela kalkulaturiko konpromisarioak 1.200 baino gehiago badira, konpromisarioen guztizkoa kopuru horretara egokituko da, eta proportzionalki gehituko da konpromisario erantsi bakoitza izendatzeko behar den mutualista kopurua, kopuru hori gorabehera, Kooperatiba bazkide babesle bakoitzari eskubidez dagozkion neurrian.

Artikulu honekin zerikusia duen ondorio guztietarako, Batzar Nagusirako Deialdia egiten den unean dagoen Kooperatiba bazkide babesleen eta mutualisten errolda hartuko da kontuan.

43. artikulua. Deialdia

Batzar Nagusiaren bileretara Kontseilu Errektoreak deituko du, gutxienez hamar laneguneko eta gehienez hogeita hamar egun naturaleko aurrerapenez, Erakundearen egoitzan, baita web orrian ere, jarritako iragarki bidez, eta konpromisario guztiei jakinaraziko zaie, lekua, data, ordua eta Aztergai Zerrenda zehaztuko dituen txartelaren bidez.

44. artikulua. Eraketa, quoruma eta aurkaketa

Batzar Nagusia bertaratzen diren konpromisarioek osatuko dute; Kontseilu Errektoreko lehendakaria, edo bere ordezko dena, mahaiburu dela eratuko da, idazkari-lanak Kontseilu Errektorean zeregin hori duenak, edo bere ordezkoak, egingo dituelarik.

Batzar Nagusia eratzeko, lehenik konpromisarioen zerrenda egingo da eta beraiek dakartzaten ordezkapenak egiaztatuko dira. Kontuan hartuko dira asistentzi eta ordezkapen-eskubideari buruz formulatzen diren protestak, eta Lehendakariak erabakiko du horietaz.

Baita ere Batzar Nagusira etorri ahal izango dira, gonbidatu gisa eta, beraz, boto - eskubiderik gabe, Erakundearen kudeaketaz arduratzen diren pertsonak.

Batzar Nagusiak, Ohikoak nahiz Bereziak, erabakiak hartu ahal izateko, beharrezkoa izango da lehen deialdian, gutxienez, konpromisarioen erdiak eta bat gehiago bertan egotea. Kopuru hau ez balitz lortuko, bigarren deialdian egingo litzateke, ordu erdi geroago, leku berean, eta baliozko erabakiak hartu ahal izango dira, edonolakoa izanik ere bildutakoen kopurua.

Lehendakariak moderatuko ditu eztabaidak, eta desbiderapenik egon ez dadin edo Aztergaien Zerrendan sartu gabeko arazoei buruz Batzar Nagusiak erabakirik har ez dezan arduratuko da bere erantzukizun pean.

Mutualistek Batzar Nagusiaren erabakiak aurkatu ahal izango dituzte legearen edo estatutuen aurkakoak baldin badira, edo mutualista baten edo gehiagoren, bazkide babesleen edo hirugarrengoen onurarako, Erakundearen edo bere mutualisten, bazkide babesleen edo onuradunen interesak urratzen badituzte.

45. artikulua. Batzarrak: ohikoa eta ezohikoa

Ohikoa eta Ezohikoa izan daiteke Batzar Nagusia. Ohikoa, ekitaldia itxi ondorengo lehen lau hilabetekoan egingo da.

Ezohiko Batzar Nagusia Kontseilu Errektorearen deialdia abiapuntu dela egingo da, organo honen ekimenez.

Baita ere, eging da aurreko ekitaldiko abenduaren 31n leudekeen mutualisten %5ek edo Batzarreko kideen edo konpromisarioen 55ek eskaturik ere.

Batzar Nagusiaren bilerak, ohikoak zein ezohikoak izan, aurrez aurre, telematikoki edo modu mistoan egin ahal izango dira.

46. artikulua. Batzar Nagusiaren ahalmenak

Ohiko Batzar Nagusiaren ahalmenak honako hauek izango dira:

  1. Burututako ekitaldiko Urteko Kontuak eta Kudeaketa Txostena aztertu eta onestea.
  2. Hurrengo ekitaldirako prestazioak eta kuotak onartzea, Langile Autonomoen Araubide Bereziko Kotizazio Oinarria zehaztea barne.
  3. Estatutu Sozialak aldatzea.
  4. Prestazio Erregelamendua aldatzea.
  5. Indarrean dauden xedapenen eta Estatutu Sozial hauen arabera, Kontseilu Errektorea eta Zaintza Kontseilua osatu behar dituzten pertsonen izendapena eta kargutik kentzea.
  6. Kontseilu Errektorearen proposamenari jarraituz, urtean urteko Kudeaketa Planaren onespena.
  7. Batzarraren aurrean mutualistek planteatzen dituzten helegite edo errekurtsoei buruz erabakitzea.
  8. Inor kanporatzeko zigor-espedienteei buruz erabakitzea.
  9. Egoitza soziala beste herri batera aldatzeko erabakia.
  10. Erakundearen bat-egitea, batzea, zatitzea edo eraldatzea.
  11. Erakundea desegitea eta kitatzaileak izendatzea.
  12. Estatutu Sozial hauetatik eta beste arau aplikagarrietatik sortzen diren gainerako ahalmenak.

Gai hauek Ohiko Batzar Nagusian aztertuko dira, salbu, beren izaera berezi eta larriagatik, ezin direnean utzi hurrengo Ohiko Batzar Nagusira arte, kasu hauetan horretarakoxe deitutako Batzar Nagusi Berezian aztertuko baitira.

47. artikulua. Gehiengoen araubidea

Konpromisario bakoitzak boto bat izango du Batzarrean.

Batzarra balioz eratu ondoren, emandako botoen bi hereneko gehiengoak beharko dira Estatutuen aldaketari eta erakundearen bat-egite, zatitze eta desegiteari buruzko erabakiak hartzeko. Gainerako erabakiak emandako botoen erdien gehi baten aldeko boto baliozkoaz hartuko dira.

48. artikulua. Gai-zerrendan puntuak sartzea

Eguneko Gai Zerrendan punturen bat sartzea aurreko ekitaldiko abenduaren 31n leudekeen mutualisten %5en edo Batzarreko kideen edo konpromisarioen %5en eskariz egin ahal izango da.

Batzarreko formalitateak, beren izaeragatik, organo eskudunek emandako legeek eta arauek ezartzen dituztenak izango dira.

49. artikulua. Hartutako erabakien nahitaezkotasuna

Balioz hartutako erabakiek LagunAro, EPSVko mutualista eta Kooperatiba bazkide babesle guztiak behartzen dituzte, horien konpromisarioak egon badira nahiz ez badira egon Batzarrean, baita ordezkari horiek desadostasuna agertu badute edo botoa ematerakoan abstenitu egin badira ere. Erabaki hauek betebeharrekoak izango dira eta erabakitako terminoetan beteko dira, Akta onesteko zain egon beharrik gabe, eta alde batera utzirik indarrean dagoen legeriaren eta barne-arau aplikagarrien arabera beharrezko diren gainerako onespen eta betebeharrak.

50. artikulua. Aktak

Beharrezkoa da Batzar Nagusiko Akta-liburua izatea, indarrean dauden xedapenen arabera behar bezala eginbidetu edo diligentziatua, bertan bilkura bakoitzeko Akta sartuko delarik, hartutako erabakiekin.

Aktak Lehendakariaren, Idazkariaren eta Batzarrean izan diren Zaintza Kontseiluko kideen sinadurez zilegituko dira.

Bigarren sekzioa: Kontseilu Errektorea [Apirila 2025]

51. artikulua. Ordezkaritza, gobernu eta kudeaketako organoa

Erakundea ordezkatu, gobernatu eta kudeatzeko talde organoa da Gobernu Batzorde edo Kontseilu Errektorea (aurrerantzean Kontseilu Errektorea).

52. artikulua. Osaera

Hamabi kidek —LagunAro, EPSVko mutualistak guztiak, Batzar Nagusiak izendatuak— osatuko dute Kontseilu Errektorea.

Kontseilu Errektoreak lehendakaria —Batzar Nagusiak izendatua—, lehendakariordea eta idazkaria izango ditu, azken bi horiek Kontseilu Errektoreak bere kideen artetik izendatuak. Kontseilu Errektoreko gainerakoak Kontseilukideak izango dira.

Lehendakaria bertan ez dagoenean, lehendakariordeak ordeztuko du, eta hau ere ez badago, adinik handieneko kontseilukideak. Idazkaria falta denean, adinik gutxieneko kontseilukideak ordeztuko du.

53. artikulua. Karguen iraupena

Kontseilu Errektoreko karguak hiru urterako izango dira, nahiz eta berrautatu ere egin litezkeen. Kontseilu Errektorearen heren bat berrituko da urtero. Kontseilu Errektoreko karguak eta Erakunde barruan eginkizun ordainduak izatea bateraezinak dira.

54. artikulua. Izendapena

Kontseilu Errektoreko kideen izendapena konpromisarioek egingo dute, isilpeko botazioz, Batzar Nagusian.

55. artikulua. Hutsik dauden karguak

Bi Batzar Nagusien artean hutsik gelditzen diren karguak behin-behinean Kontseilu Errektoreak berak beteko ditu, eta, behin betiko, lehen Batzar Nagusiak.

Hutsik gelditutako postuok betetzeko izendatuek, ordezkatuei falta zitzaien denboraldirako bakarrik hartuko dute kargua, nahiz eta gero horiek berrautatu litezkeen.

56. artikulua. Deialdia, maiztasuna eta funtzionamendua

LagunAro, EPSVko funtzionamenduak eskatzen duen maiztasunaz bilduko da Kontseilu Errektorea, aurrez aurre, telematikoki edo modu mistoan eta, printzipioz, gutxienez hilean behin bilduko da. Halaber, Lehendakariak erabaki edo hiru kidek eskatutakoan ere bilduko da.

Kontseilu Errektorera pertsonalki edo ordezkatuta joan ahal izango da. Kontseilukide bakoitzak saio bakoitzean beste kontseilukide bat baino ezingo du ordezkatu.

Gutxienez kontseilu kideen erdiak eta bat gehiago bileran bertan edo ordezkatuta egonez gero bakarrik geratuko da balioz eratuta.

Bertan edo eskuordetuta dauden botoen gehiengo soilez hartuko ditu bere erabakiak Kontseilu Errektoreak.

Botoa espresuki eta idatziz eskuordetu beharko da, eta bilera zehatz eta jakin baterako izango da. Botoa eskuordetzeko idazkiak aditzera eman beharko ditu kontseilukide eskuordetzailearen eta eskuordetuaren datuak. Gainera, eskuordetze idazkian zehaztu ahal izango da gai zerrendako puntu guztietarako edo batzuetarako botoaren nolakoa.

Botoa eskuordetzea noiznahi ezeztatu ahal izango da. Eskuordetzailea gobernu organoaren bilerara joaten bada, eskuordetza bertan behera geratuko da.

Kontseilu Errektoreko kideak beharturik daude beren bileretara joatera, Lehendakariari arrazoizko kausaren bat agertuz desenkusa daitezkeelarik.

Berdinketa kasuan, Lehendakariak erabakiko du kalitate botoaz.

Kontseilu Errektorearen bilerak Akta Liburuan jasoko dira.

57. artikulua. Batzorde iraunkorra

Kontseilu Errektorearen Batzorde Iraunkor bat eratu ahal izango da, bere eraketa-erabakian ezarriko diren eskuduntza eta araubidearekin.

58. artikulua. Erantzukizuna

Errektoreek arduraz beteko dute beren kargua, eta dolo, ahalmen-abusu edo zabarkeria larriz egindako kalteez erantzun beharko dute LagunAro, EPSVren eta mutualisten aurrean.

Erantzun beharrean jartzen diren errektoreen aurkako ekintza LagunAro, EPSVk gauzatuko du, aurrez Batzar Nagusiak horretarako erabakia hartzen badu, erabaki hau har daitekeelarik nahiz eta Gai Zerrendan ez agertu.

Kontseilu Errektorekoak beren kudeaketaren erantzule dira Batzar Nagusiaren aurrean, honi eman behar dizkiotelarik kontuak. Zaintza Kontseiluaren jarduketa ere erraztu beharko dute. Beren karguetatik kendu egin litzake Batzar Nagusiak.

Halaber, beren karguarengatik beharturik daude sekretu profesionala gordetzera, Kontseiluaren iritziz isilpekoak diren arazoetan, behintzat. Baldintza hori betetzen ez duten errektoreei kargua utzarazi ahal izango zaie, aurrez Kontseilu Errektoreak espedientea formulatuko dielarik.

59. artikulua. Ahalmenak

Batzar Nagusiaren delegazioz Kontseilu Errektoreari dagozkion ahalmenak, oro har, honako hauek dira:

  1. Batzar Nagusiak, Ohikoak nahiz Bereziak, deitzea.
  2. Kooperatiba bazkide babesleak beren mutualistekin onartu eta inskribatzea.
  3. Zuzendaritza izendatu eta kargutik kentzea.
  4. Estatutu Sozialen eta Prestazio Erregelamenduaren aldaketak proposatzea, Batzar Nagusiari aurkeztuko zaizkiolarik onets ditzan.
  5. Erakundearen ondarearen inbertsio-politika erabaki eta horren jarraipena egitea, horretan laguntza emateko behar dituen Batzorde edo Lantalde Teknikoak sortu ahal izango dituelarik.
  6. Jarduketa eta garapenerako plan orokorren azterketa eta onespena.
  7. Jarduketa judizialei buruzko erabakiak.
  8. Estatutu Sozialen eta Prestazio Erregelamenduaren interpretazioari buruzko zalantzak argitzea eta horietan egon litezkeen hutsuneak betetzea, guzti honen berri hurrengo Batzar Nagusiari emanez.
  9. Urteko Kuota eta Prestazioak ezartzea, baita LagunAro, EPSVk ematen dituen zerbitzuen oinarrizko kostua ere, nahiz eta gero Batzar Nagusiak onetsi beharko dituen.
  10. Batzar Nagusiaren erabakiak betearaztea.
  11. Gordailuak eratu eta ateratzea onartzea; kontu korronteak ireki eta ixtea eta fondoak erabiltzea.
  12. Ondasun higigarri eta higiezinen salerosketa onartzea.
  13. Kredituen kontratazioa eta hirugarren batzuen aurrean bermeak ezartzea, baita hipotekazkoak ere, onartzea.
  14. Estatutu Sozial hauek esleituriko kasuetan, hutsegite sozialengatiko espedientea ebaztea. Zigorragatiko kanporatze-erabakiek indar betearazlea izateko, Batzar Nagusiak berretsi beharko ditu.
  15. Estatutu Sozial hauetan ematen zaizkion gainerako ahalmenak eta Batzar Nagusiari edo Zuzendaritzari espresuki ez dagozkion beste guztiak.

60. artikulua. Lehendakariaren ahalmenak eta egitekoak

Lehendakariaren ahalmen eta egitekoak honako hauek izango dira:

  1. LagunAro, EPSVk parte hartzen duen ekitaldietan, Erakundearen ordezkari izatea.
  2. Batzar Nagusiaren eta Kontseilu Errektorearen bileretan mahaiburu izatea.
  3. Legeak edo Estatutu Sozialek ematen edota dagozkien Organoek espresuki delegatzen dizkiotenak.

61. artikulua. Lehendakariordearen ahalmenak eta egitekoak

Lehendakaria falta denean, Lehendakariordearen ahalmen eta egitekoak izango dira hura ordezteko egin beharrekoak, baita Kontseilu Errektoreak bere esku uzten dituen jarduerak ere.

62. artikulua. Idazkaria

Idazkariari dagozkio:

  1. Akta-liburuak zaintzea.
  2. Batzar Nagusiko eta Kontseilu Errektoreko aktak idaztea.
  3. Liburu eta dokumentuetan oinarrituz ziurtagiriak egitea, Lehendakariak Ontzat Emanda.
  4. Mutualista Erregistroaz eta elkarteko posta-trukeaz arduratzea, eta memoriak eta gainerako txosten eta jakinarazpenak idaztea.
  5. Erakundeko liburuak, agiriak eta zigiluak zaintzea.
  6. Kooperatiba bazkide babesleen Erregistroa eraman edo horretaz arduratzea.

Ahalmen hauek, hirugarrena izan ezik, eskuordetu edo delegatu egin ditzake.

63. artikulua. Kontseilukideak

Kontseilukideei dagozkie:

  1. Kontseilu Errektorearen bilkuretara joatea.
  2. Planteatutako arazoei buruz eztabaidatu eta botoa ematea, hala dagokionean.
  3. Kontseilu Errektoreak eskuordetuta, beren ardurapean utzitako gestioak burutzea.

64. artikulua. Karguen doakotasuna

Kontseilu Errektorean betetzen diren eginkizunak ez dira ordainduko, baina deituriko bileretara joateagatik bidai gastuak konpentsa ditzake Erakundeak.

Hirugarren sekzioa: Zaintza kontseilua [Apirila 2016]

65. artikulua. Definizioa

Zaintza Kontseilua talde-organoa da; honen eginkizuna Erakundeak zertutako eragiketa ekonomikoak fiskalizatzea da, hauen ezagupen zehatza izan eta, betiere bere erantzukizunpean, Batzar Nagusiari, mutualistei, Kooperatiba bazkide babesleei eta dagokien goragoko Erakundeei kontuen berri eman ahal izateko, indarreko xedapenen eta bere arauen arabera jardunez.

66. artikulua. Karguen osaera eta iraupena

Kontseilu Errektoreko kide ez diren hiru mutualistak osatuko dute Zaintza Kontseilua, Komunitate Delegatuen proposamenari jarraituz Batzar Nagusiak izendatuko dituelarik, beren ordezkoekin batera. Kargu hauen iraupena hiru urtekoa izango da.

67. artikulua. Egitekoak

Zaintza Kontseiluaren egitekoak honako hauek izango dira:

  1. Erakundearen eragiketa ekonomikoak fiskalizatzea, Kontseilu Errektoreari argitasunak eskatuz, beharrezko iruditzen zaion guztian.
  2. Batzar Nagusiaren funtzionamendu onaz arduratzea, batez ere quorumaren eta botazio-prozesuen kontrolari dagokionean.

Jarduketa bakoitza betetzeko ardura Kontseiluko kide bat edo biren esku utz daiteke.

Zaintza Kontseiluaren erabakiaz ados ez dagoen kideak bere arrazoiekin txosten bat egin ahal izango du bere aldetik.

Kanpoko adituen aholkularitza ere eskatu ahal izango du Zaintza Kontseiluak.

Laugarren sekzioa: Zuzendaritza [Apirila 2016]

68. artikulua. Kargu-mota eta iraupena

LagunAro, EPSVko organo betearazlea da Zuzendaritza, eta pertsona bakarra ala talde bat izan daiteke, Kontseilu Errektorearen esku dagoelarik hori erabakitzea; halaber, Kontseilu Errektoreari dagokio osatuko duenaren edo dutenaren izendapena, eta berak delegatutako ahalmenez jardungo du Zuzendaritzak.

Horretarako, Ahalordetze-eskritura egiletsiko da Zuzendaritzaren alde, enpresatrafikorako ahalorde bereziak eta ohikoak konstaraziz.

Zuzendaria edo Zuzendariak ezingo dira Kontseilu Errektoreko kide izan, baina beronek onirizten dion neurrian, joan ahal izango dira bileretara, hitz egiteko eskubidearekin baina botorik gabe. Izendapena, orokorrean, lau urterako izango da, eta Kontseilu Errektoreak berak berritu ahal izango du.

69. artikulua. Aholkularitza-organoak

Bere aholkularitza-organoak ere eduki ahal izango ditu Zuzendaritzak, horrela eskatuko balu Erakundearen garapenak eta arazoen konplexutasunak. Aholkularitza-organo hauen eraketa eta antolamenduak beti hartu behar du kontuan inplikazio sozial eta ekonomikoa mantentzea Kooperatiba bazkide babesleekin eta hauen mutualistekin.

Aholkularitza-organo hauek orokorrak edo partzialak izan litezke, arazoen eremua edo lurralde-esparruaren mugak kontuan izanda, eta, ezartzen badira, mutualista-kopuruak arreta handiena eskatzen duen lekuetan jarriko dira.

70. artikulua. Egitekoak

Enpresa-kudeaketari, plan eta erabakiak betearazteari, langileen izendapen eta sail edo departamentuen arteko koordinazioari buruzko guztia dagokio Zuzendaritzari, betiere Kontseilu Errektorearen erabakien arabera.

Gainera, ezarri zaizkion plan eta helburuen garapenarekin zerikusia duen guztiaren berri emango dio Kontseilu Errektoreari hilero.

71. artikulua. Ekonomia-baldintzak

Kontseilu Errektoreak ahalmen zabalak izango ditu Zuzendaritza osatzen dutenen eta bere eginkizuna betetzeko behar dituen langileen baldintza ekonomikoak erabakitzeko, baita egoera pertsonalak eta lankidetza-erak finkatzeko ere.

VI. Kapitulua

Organo delegatuak [Apirila 2024]

72. artikulua. Definizioa

Organo Delegatuak, mutualisten ordezkariek edo aholkulari teknikoek, edo bietakoek, osatzen dituztenak dira, beren funtzionamenduarekin Erakundearen martxa egokiagoari laguntzen diotelarik, betiere, Kontseilu Errektorearen eskuordetze edo delegazioz jardunez.

Geroago gehi litezkeen arren, oraingoz hauek izango dira Organo Delegatuak:

  • Komunitate Mutualistak.
  • Betetze Batzordea.
  • Prestazio Batzordea.
  • Inbertsio Batzordea.

Lehen sekzioa: Komunitate mutualistak [Apirila 2024]

73. artikulua. Helburua

Komunitate Mutualistak bi helburuz eratutako mutualista-taldeak dira:

  • Lehena, onuradun edo mutualista bakoitzeko gastu-mailak behar hainbateko kolektibo zabaletan autokonpentsatuak izan daitezela lortzea, eta
  • Bigarrena, Estatutu Sozial hauetan jasorik dauden LagunAro, EPSVko alderdi operatiboak kudeatzea, baita Kontseilu Errektoreak espresuki delegaturikoak ere.

74. artikulua. Ezaugarriak

Kooperatiba bazkide babesleetako kide diren mutualistek osatuko dituzte Komunitateak, enpresa-integrazioaren, hurbiltasun geografikoaren, mutualisten jarduera eta kopuruaren irizpideen arabera taldekatuta.

Komunitate bakoitzeko mutualista-kopurua gutxienez 500ekoa izango da, eta gehienez 2.000koa, behintzat, Kontseilu Errektorearen iritziz, zirkunstantziaren batzuek ez badute muga horiek aldatzea aholkatzen.

75. artikulua. Eskuduntza

Komunitate Mutualisten eskuduntza bere esparrura mugatuko da, bai ondorengo artikuluetan adierazitako ahalmenei dagokienean, baita Kontseilu Errektoreak delegaturiko beste edozein arazori dagokionean ere, delegatze honetan sarturiko ahalmenekin.

76. artikulua. Eginkizunak

Komunitate Mutualistek erabakiko dituzte Osasun Laguntza eta Aldi Baterako Ezintasun prestazioetan hobariak eta zigorrak beren baitan aplikatzeko irizpideak.

Estatutu, Erregelamendu eta hauen aplikaziozko arazoei buruz Kontseilu Errektorea aholkatzeko eginkizuna izango dute Komunitate Mutualistek.

Esate baterako, honelako arazoez emango die aholku:

  • Kontseilu Errektorerako hautagaien proposamenaz.
  • Komunitatean sartu nahi duten Kooperatiba bazkide babesle berriez.
  • Desgaitasuna duten Pertsonentzat Laguntza eta Osasun Laguntzako onuradunen onarpenaz.
  • Mutualisten onarpenaz, hauen sarrera LagunAro, EPSVk baldintzatu duenean.
  • Aldi baterako Ezintasun edo Lanerako Desgaitasun egoeratan Komunitate Mutualistan dauden mutualisten kasu bereziez.

77. artikulua. Batzorde delegatua

Komunitate Mutualista bakoitzaren kudeaketa-organoa berari dagokion Batzorde Delegatua izango da; Osoko Bilkuren edo batzorde espezializatuen bidez jardungo du, azken hauek iragankor edo iraunkorrak izan litezkeelarik, berak ongien iritzi bezala.

78. artikulua. Osaera

Batzorde Delegatu bakoitzeko kideak honako hauek izango dira:

  • LagunAro, EPSVko errektore bat, eskuarki Komunitate berekoa, lehendakari izango dena, delegazio-ahalmenekin.
  • Zenbait kide, Komunitatean sartutako Kooperatiba bazkide babesle bakoitzak duen mutualista-kopuruaren araberakoa, normalean bere barruan aukeratuak, ondorengo eskalaren arabera:
    • Kooperatiba bazkide babesleak: 100 mutualista arte baditu: ordezkari 1.
    • Kooperatiba bazkide babesleak: 101-500 mutualista bitartean: 2 ordezkari.
    • Kooperatiba bazkide babesleak: 501-1.500 mutualista bitartean: 4-6 ordezkari.

Aipaturiko eskala hori gorabehera, Komunitateak berak ere aldatu ahal izango du Batzorde Delegatuaren osaketa, betiere, ekitate- eta funtzionaltasun-irizpideen arabera.

Batzorde Delegatuko kideek beren artetik Idazkaria izendatuko dute.

Halaber, aholkulari tekniko gisa, LagunAro, EPSVko langileen edota, edukitzen baditu, bere medikuen laguntza izango dute Batzorde Delegatuek.

79. artikulua. Karguen iraupena

Batzorde Delegatua osatzen duten guztiek gutxienez bi urte egingo dituzte beren karguetan. Edonola ere, kontuz ibili beharko da ondorengo berriztapenetan batzordekide guztiak aldi berean alda ez daitezen.

80. artikulua. Deialdia eta funtzionamendua

Batzorde Delegatuek, orokorrean, ohiko bilera bat izango dute bi hilero, eta lehendakariaren edo batzordekideen heren baten ustez komenigarri izan litezkeen berezi guztiak.

Botoen gehiengo soilez hartuko dira erabakiak, eta baliozkoak izan daitezen, beharrezkoa izango da kideen erdiak eta bat gehiago bileran izatea. Lehendakariaren kalitate-botoak erabakiko du berdinketa-kasuetan.

81. artikulua. Errekurtso edo helegiteak

Batzorde Delegatuak hartutako erabakien aurka —LagunAro, EPSVko Kontseilu Errektoreari era fede-emailean jakinarazi behar zaizkielarik— afektatuek birjarpeneko errekurtsoa jarri ahal izango dute Batzordearen aurrean, jakinarazpena hartzen duten unetik hogei laneguneko epea dagoelarik horretarako. Bigarren erabaki honen aurka Kontseilu Errektorearen aurrean jarri ahal izango da errekurtsoa, interesatuari jakinarazten zaion unetik hogeita hamar laneguneko epearen barruan. Kontseilu Errektorearen epaia apelaezina izango da.

Bigarren sekzioa: Betetzea Batzordea [Apirila 2024]

82. artikulua. Definizioa

Betetze Batzordea LagunAro, EPSVn, esparru desberdinetan, araudia betetzearekin zerikusia duen guztia kudeatzeko ardura duen organoa da.

83. artikulua. Osaera

Betetze Batzordea Entitateko teknikariek eta Zuzendaritzako kideek osatuko dute, Kontseilu Errektoreak zehazten dituen irizpideen arabera.

Halaber, Kontseilu Errektoreak bere kideen artean izendatu ahal izango ditu Betetze Batzorde horretan parte hartzeko egokitzat jotzen dituen pertsonak.

84. artikulua. Deialdia

Organo delegatu gisa, Betetze Batzordea Kontseilu Errektorearen mende dago organikoki, eta bere bilerak, eztabaidak eta erabakiak Akta gisa dokumentatu beharko dira, bere kideen artean idazkari gisa izendatutako pertsonak idatzita.

85. artikulua. Errekurtso edo helegiteak

Betetze Batzordearen funtzionamendua, besteak beste, organo horren erregelamendu batean garatuko da, zeina LagunAro, EPSVren Kontseilu Errektoreak onartu beharko baitu.

Hirugarren sekzioa: Prestazio Batzordea [Apirila 2016]

86. artikulua. Egitekoak, osaera eta funtzionatzeko metodoa

Prestazio Batzordearen egiteko propio eta berariazkoak izango dira Kontseilu Errektoreak eskuordetzen dizkionak eta, besteak beste, hauek: egiturazko langabezia deklaratzea, Enplegu Laguntzako prestazioaren ekonomia-prestazioei buruzko eskaerak aztertu, balioetsi eta ebaztea, eta birkokatzeak gainbegiratzea.

Kontseilu Errektoreak erabakiko ditu Prestazio Batzordearen osaera eta funtzionamendu-arauak.

Laugarren sekzioa: Inbertsio Batzordea [Apirila 2016]

87. artikulua. Egitekoak, osaera eta funtzionatzeko metodoa

Inbertsio Batzordearen funtzio edo egitekoa Kontseilu Errektoreari aholku ematea da Aurreikuspen Erakundearen inbertsio-politikak ezartzeko eta politika horiek inplementatzeko, betetzen direla ziurtatuz eta epe laburrerako jarduera-ildoak zehaztuz finantza-merkatuen bilakaeraren arabera.

Kontseilu Errektoreak erabakiko ditu Inbertsio Batzordearen osaera eta eginkizun eskuordetuak. Inbertsio Batzordeak berak finkatuko ditu bere funtzionamendu-arauak.

VII. Kapitulua

Diziplina-araubidea [Apirila 2014]

88. artikulua. Aplikazioa

Diziplina-araubidea, nola Kooperatiba bazkide babesleei hala mutualistei aplikatu ahal izango zaie.

Kooperatiba bazkide babesleak beren bazkide diren mutualistei ezarritako zigorren ordainketaren erantzule solidario izango dira.

89. artikulua. Hutsegiteen kalifikazioa

Hutsegite sozialak arinak, larriak eta oso larriak izan litezke.

1. Hutsegite arinak honako hauek izango dira:

  1. Mutualistenak:
    • Helbide aldaketaren berri ez ematea bazkide babesle den Kooperatibari.
    • Aldi baterako Ezintasun egoeratan, diagnostiko medikoaren araberako bizimodua ez eramatea.
    • Identifikazio-agiria galdu delakoaren berri, ohartu bezain bizkor ez ematea LagunAro, EPSVri.
    • Dauzkaten kargu sozialetan arduraz ez jokatzea.
  2. Kooperatiba bazkide babesleenak:
    • Mutualista-erroldaren aldaketak puntualtasunez ez bidaltzea.
    • Aldi baterako Ezintasunagatiko bajen berri behar den garaian ez ematea.
  3. Bienak:
    • LagunAro, EPSVren ordena onerako eta helburuen garapenerako Organo eskudunek emandako arauak ez betetzea.
    • Desenkusaezinezko ezjakintasunez estatutu eta araudietako aginduak edo funtzionamendu-arauak ez betetzea.
    • Arrazoizko kausarik gabe, deituriko ekitaldi sozialetara eta partaide direneko organo sozialen bileretara ez joatea, Batzar Nagusietara, batez ere.

2. Hutsegite larriak beste hauek izango dira:

  1. Mutualistenak:
    • Sarrerako miaketa medikoan, berak duen edozein gaixotasun edo lesio ez aitortzea.
    • Kooperatiba bazkide babesleari aurrez jakinarazi gabe, enpleguaniztasunean jardutea.
    • Aldi baterako Ezintasuneko egoerak bidegabeki luzatzea, edo Lagun- Aro, EPSVk gaixondorako ezarritako diziplina ez betetzea.
    • Onuradunei dagozkien aldaketak ez jakinaraztea.
    • LagunAro, EPSVko Kontseilu Errektorearen iritziz, bidezko arrazoirik gabe, ez onartzea edo dimisioa ematea izendaturiko kargu sozialetan.
  2. Kooperatiba Bazkide babesleenak:
    • Ekitaldian, hilabete bateko kuoten ordainketa egin gabe izatea.
    • Bertako mutualistak enpleguaniztasunean ari direnik ez jakinaraztea LagunAro, EPSVri, beraiek jakinaren gainean egonda.
    • LagunAro, EPSVn mutualistei alta emateko dauden arauak ez betetzea.
    • LagunAro, EPSVko Kontseilu Errektoreari dagozkion egitekoak beren gain hartzea.
    • Laneko Osasun arloan zabarkeria handiz jokatzea.
  3. Bienak:
    • Hutsegite arinetan berrerortzea.
    • Egindako edo ikusitako hutsegiteak maltzurkeriaz edo zabarkeriaz ezkutatzea, edo aitorpenak faltsutzea, ekintza hauek kalte larriak sortzen badituzte edo faltsifikazioa nabarmenki aldarrikatzen bada.
    • Alta baldintzatuaz mutualista lanera itzultzeari buruz Prestazio Erregelamenduko artikulu aplikagarrietan ezartzen dena onartzeari uko egitea.
    • Estatutu Sozial hauetako 16. artikuluan ezarritakoaren aurka, Osasun Laguntza edo Aldi baterako Ezintasuneko prestazioak antzerako beste edozeinez osatzea, norberaren borondatez.

3. Oso hutsegite larriak izango dira:

  1. Mutualistenak:
    • Erakunde hau ukitzen duten prozedura zibil edo penalak daudela LagunAro, EPSVri ezkutatzea, edo noiz izango diren ez jakinaraztea.
    • Eskubideei uko egitea edo hirugarren erantzuleekin, edo hauen konpainia aseguratzaileekin, tratua egitea, LagunAro, EPSVren baimenik gabe.
    • Kalte-ordaina finkatu ondoren, LagunAro, EPSVri ez itzuli nahi izatea aurreratutako diru-kopuruei dagokien zatia.
    • Jasandako gaixotasun edo lesioen eragile izan diren kausak ezkutatu edo faltsutzea.
    • Edozein motatako gaixotasun edo istripuri buruz, itxura egin edo nork bere borondatez edo maltzurkeriaz eragitea edo gaizkoatzea.
    • Bajan egonik lan egitea, alta baldintzatuko egoerarako ezarritakoa betetzeagatik egiten duenean izan ezik.
    • Identifikazio-agiria hirugarren pertsonei eskualdatu edo uztea maulazko erabilera emateko edo mutualista eta onuradun ez direnek bolantea eskuratzeko.
  2. Kooperatiba bazkide babesleenak:
    • Hiru hilabetez kuoten ordainketa egin gabe izatea.
    • Bajan dagoen mutualistari lanera itzularazi edo lan eragitea, alta baldintzaturako ezarritakoa betetzeagatik egiten badu izan ezik.
    • Zabarkeria sistematikoa Laneko Osasunaren arloan.
    • LagunAro, EPSVko funtzionamendua arautzen duten xedapenak ez betetzera zirikatzea, nahiz eta hutsegiterik ez burutu.
    • Organo eskudunek balioz onartutako erabaki sozialak ez betetzea.
  3. Bienak:
    • Jakinaren gainean iruzur egitea, edo horretarako baliabideak jartzea norberaren borondatez, LagunAro, EPSVren interesen kaltetan.
    • Hutsegite larrietan berrerortzea.

90. artikulua. Zigorrak

Aurreko artikuluan adierazitako hutsegiteengatik ezarri ahal izango diren zigorrak ondorengo hauetako bat edo gehiago izan daitezke:

1. Mutualistentzako zigorrak:

  1. Hutsegite arinengatik:
    • Ahozko edo idatzizko ohartarazpena.
  2. Hutsegite larriengatik:
    • Ohartarazpen publikoa, zigorra ereduzkoa izan dadin beharrezko zabalkundea emanez.
    • Bidegabeki jasotako diru-kopuruen itzulketa eta, gainera, Kontseilu Errektorearen erabakiz aplikatuko zaion zigorra, beronen zenbatekoa — hutsegitearen larritasunaren arabera— haiek halako hamarrekoa izan daitekeelarik.
    • Prestazioak partzialki kentzea, baina ez hilabete baino luzaroagorako.
  3. Hutsegite oso larriengatik:
    • Partzial edo osoki prestazioak kentzea, baina inola ere ez sei hilabete baino luzaroagorako.
    • Aurreratutako diru-kopuru guztien edo bidegabeki jasotakoen itzulketa eta, gainera, Kontseilu Errektorearen erabakiz aplikatuko zaion zigorra, beronen zenbatekoa —hutsegitearen larritasunaren arabera— haiek halako hamarrekoa izan daitekeelarik.
    • Kanporaketa.

2. Kooperatiba bazkide babesleentzako zigorrak:

  1. Hutsegite arinengatik:
    • Ahozko edo idatzizko ohartarazpena.
  2. Hutsegite larriengatik:
    • Ekitaldi sozialetan parte hartzeko gaitasunik gabe uztea.
    • Ohartarazpen publikoa, zigorra ereduzkoa izan dadin beharrezko zabalkundea emanez.
    • Bidegabeki jasotako diru-kopuruaren itzulketa eta, gainera, Kontseilu Errektorearen erabakiz aplikatuko zaion zigorra, beronen zenbatekoa —hutsegitearen larritasunaren arabera— haiek halako hamarrekoa izan daitekeelarik.
    • LagunAro, EPSVko zerbitzuak kentzea, baina ez hilabete baino luzaroagorako.
  3. Hutsegite oso larriengatik:
    • Estatutu Sozial hauetan ezarritako eskubide guztien edo batzuen galera.
    • Kooperatiba bazkide babeslearen errolda mutualistaren hilabeteko lan - aurrerakin guztien zenbatekorainoko zigorra.
    • Kanporaketa.

91. artikulua. Zigorra neurtzea

Zigorra erabaki aurretik, hutsegitearen larritasuna izan beharko da kontuan, baita egindako edo egin nahi zen kaltea eta inguruabar astungarri edo aringarriak ere; esate baterako, berrerorketa edo hutsegitearen garrantzia eta zentzua argitzen dituzten beste batzuk.

92.artikulua. Prozedura

Hutsegite-espedientea bi aletan zertuko da bere dokumentu guztietan, bat LagunAro, EPSVKo artxibategian geldituko delarik, Kooperatiba bazkide babesle edo mutualista bakoitzaren espedienteari atxikia. Mutualisten hutsegiteak larriak edo oso larriak izan litezkeela uste denean, dagokien espedientea formulatu aurretik, beraren Kooperatiba bazkide babesleari entzun beharko zaio.

Hutsegite arinetan, lehen kalifikazioa LagunAro, EPSVko Zuzendaritzaren esku egongo da, honek idatziz jakinaraziko diolarik interesatuari, baita dagokion zigorproposamena ere; errudunduak bere deskargua egin ahal izango du LagunAro, EPSVko Zuzendaritzaren aurrean, azken instantzian honek berretsi edo aldatuko dituelarik behin betiko kalifikazioa eta zigorra.

Hutsegite larrietan, LagunAro, EPSVko Zuzendaritzak bideratuko du espedientea, honek idatziz jakinaraziko dizkiolarik interesatuari hutsegitearen behin-behineko kalifikazioa eta dagokion zigor-proposamena; errudunduak bere deskargua egin eta LagunAro, EPSVko Kontseilu Errektoreari aurkeztu ahal izango dio, azken instantzian honek berretsi edo aldatuko dituelarik kalifikazioa eta zigorra.

Hutsegite oso larrietan, karguen orria LagunAro, EPSVko Kontseilu Errektoreak formulatuko du, honek idatziz jakinaraziko dizkiolarik interesatuari hutsegitearen behinbehineko kalifikazioa eta dagokion zigor-proposamena. Errudunduak egin lezakeen deskargua ere LagunAro, EPSVko Kontseilu Errektoreari aurkeztuko zaio; honen epaia apelaezina izango da, ezarritako zigorra kanporaketa ez baldin bada behintzat, zeren eta, kasu honetan Kooperatiba bazkide babesleak —edo mutualistak, hau izanez gero zigortua— azken instantzian Batzar Nagusiaren aurrean jarri ahal izango baitu errekurtsoa.

93. artikulua. Epeak

Aurreko artikuluan ezarritako deskarguak aurkezteko epeak honako hauek izango dira, betiere dagozkien behin-behineko kalifikazioak jakinarazten diren egunetik aurrera:

  • Hamabost lanegun, hutsegite arinetan.
  • Hemezortzi lanegun, hutsegite larrietan.
  • Hogeita bat lanegun, hutsegite oso larrietan.

Hutsegite arinak, zertu eta lau hilabetera preskribituko dira; larriak, seira; eta oso larriak, hogeita lau hilabetera.

94. artikulua. Zigorren bete beharra

Espedientatua ez bada helegiteko eskubideaz baliatzen, helegiteko epe hori amaitu eta biharamunetik izango dira betebeharrekoak zigor guztiak, edota apelaezinezko epaia eman eta jakinarazitako egunaren biharamunetik aurrera.

95. artikulua. Zigorrak deuseztatzea

Ezarritako zigorrak urtero deuseztatu ahal izango dira, Kooperatiba bazkide babesleei ezarritako zigorren oharpenak baliogabetuz eta LagunAro, EPSVrekiko harremanetarako birgaituz.

96. artikulua. Enplegu laguntza

Enplegu Laguntzari buruz, Estatutu Sozial hauetako eta Prestazio Erregelamenduko aginduen eta horiek garatu eta gauzatzeko emango diren aginduen ondoriozko betebeharrei iruzur egitea edo ez betetzea suposatzen duten ekintzak eta omisioak, Kontseilu Errektoreak zigortu litzakeen arau- hausteak izango dira, betiere Prestazio Batzordearen proposamenari jarraituz; hutsegitearen larritasunaren arabera, ondorengo zigorrak ezarri ahal izango dira:

  1. Ohartarazpen publikoa.
  2. Bidegabeki jasotako diru-kopuruen itzulketa eta, gainera, erabakiko den zigor ekonomikoa, larritasunaren arabera haiek halako hamarrekoa izan daitekeelarik.
  3. Langabeziako prestazioak partzial edo osoki kentzea, baina ez urtebete baino luzaroagorako.
  4. Kooperatiba bazkide babeslearen kooperatibista-erroldaren hilabeteko lanaurrerakin guztien zenbaterainoko zigor ekonomikoa.
  5. Kanporaketa.

Zigor hauen ezarpena, Estatutu Sozial hauetan araututako betebehar, garantia eta errekurtsoak kontuan izanda egingo da.

VIII. Kapitulua

Elkartzea, berrasegurua, eraldaketa soziala, desegitea eta likidazioa [Apirila 2007]

97. artikulua. Federazioa eta konfederazioa

Gizarte Aurreikuspenerako Erakundeen Federazioetan sartu ahal izango da Erakundea, nahiz probintzi nahiz Autonomi Elkarte mailakoetan, jadanik dauden edo etorkizunean eratu litezkeenetan.

Halaber, Aurreikuspenerako Erakundeen Konfederazio Nazionalean ere sartu ahal izango da, behintzat ez baldin badago Konfederazioa osatzen duen Federazioren batean sarturik eta, betiere, horrelako Federazioren batean sartu arte.

Federazioan edo Konfederazioan sartzeko edota baja emateko, beharrezkoa izango da Kontseilu Errektorearen erabakia, erabaki honek lehen Batzar Nagusian izan beharko duelarik berretsia, bertan pertsonalki eta ordezkaturik dauden botoen gehiengo soilaz.

98. artikulua. Berrasegurua

Besteak beste, bera barne duen Gizarte Aurreikuspenerako Erakundeen Federazioarekin, edo Konfederazio Nazionalarekin, koaseguru eta berrasegurueragiketak hitzartu ahal izango ditu Erakundeak. Honetarako, Kontseilu Errektorearen erabakia behar izango da, erabaki honek lehen Batzar Nagusian izan beharko duelarik berretsia, bertan pertsonalki eta ordezkaturik dauden botoen gehiengo soilaz.

99. artikulua. Bategitea, zatiketa eta eraldaketa

Bidezko iruditzen zaizkion bategiteak zertu ahal izango ditu Erakundeak, baita izaera juridiko eta klase bereko bi erakunde edo gehiagotan zatitu, edo beste mota bateko erakunde bihurtu ere, betiere Batzar Nagusiaren erabakiz eta eskatzen diren legezko eta estatutuzko baldintzak betez.

100. artikulua. Desegiteko arrazoiak eta kitatzeko prozedura

LagunAro, EPSV, aplikagarri diren Legezko Xedapenetan aurreikusitako kausaren bat gertatzean desegingo da, eta batez ere:

  • Erakunde eskudunen erabakiz.
  • Erakundeak sortzeko izan zuen helburu soziala amaitzeagatik.
  • Batzar Nagusiaren erabakiz, eskatzen diren legezko eta estatutuzko baldintzak betez.

Desegitea erabaki ondoren, Kontseilu Errektoreak Batzorde Kitatzaile bihurtua Erakundea kitatzeari ekingo dio, bere zeregina batez ere Erakundearen ondarea administratzea izango delarik, baita une horretara arte hartutako obligazioak bete daitezen ziurtatzea ere.

Indarrean dagoen legerian ezarritako betebehar eta izapideetara egokituko da kitapena.

Xedapenak

Xedapen iragankorra [Apirila 2010]

2010eko martxoan Batzar Nagusiak aldaketa onartu zuen bai kotizazio-sisteman eta bai LagunAro, EPSVko kapitalizazioko prestazioen araudian, eta data hartan barruan zeuden mutualista eta pentsiodunekiko jarduera-irizpide espezifikoak ezarri zituen.

Prestazio Erregelamenduko Xedapen Iragankorretan jasotako irizpide haien arabera, 1961.1. baino lehen jaio eta 2010.3.31n barruan zeuden mutualistek urte hartara arte indarrean izandako kotizazio-sistemarekin jarrai dezakete, hau da, Langile Autonomoen Araubide Bereziari gutxieneko oinarrien arabera kotizatzea eta LagunAro, EPSVri 2010.4.1etik aurrera, orain indarrean den sisteman baino gehiago kotizatzea kapitalizazioko prestazioetarako, eta beraz desberdina izango da Estatutu hauen IV. Kapituluan araututakoarekiko, bai Kotizazio Oinarrien kalkuluari eta bai prestazioen Oinarri Erregulatzailearen kalkuluari dagokionez.

Aipaturiko aldaketaren arabera, 2010.4.1etik aurrera Erretiroagatik kotizatzeari utzitako mutualista guztiak etenaldiko mutualista bihurtzea erabaki zen, aparte utzita prestazio honengatik aurrez kotizaturiko denboraldia. Arauketa hau ez zaie aplikatuko data hori baino lehen baja kausatutako mutualistei, horien hasierako eskubideak eta betebeharrak baja unean indarrean zeuden Estatutuen eta Erregelamenduaren arabera geratu baitziren araututa, eta geroztikako arauketak hasieran onartutako eskubideen geroko bilakaerari soilik eragingo dio.

Azken xedapena [Apirila 2010]

Estatutu Sozial hauen menpe gelditzen dira Erakundeko mutualistak eta bazkide babesleak, baita onuradunak ere, oraingoak edo gerokoak.

© LagunAro, EPSV
Jose Maria Arizmendiarrieta, 1
20500 Arrasate (Gipuzkoa)
943 790 100 Kontaktua eta kokapena
  • Lege oharra
  • Cookie politika
  • Pribatutasun politika
  • Web mapa
  • Barne informazio sistema

LagunAroko APPa

Deskargatu doan.