II. Kapitulua
Bazkideak
[Apirila 2008]5. artikulua. Bazkide eta onuradun-motak
LagunAro, EPSVren bazkideak bi motakoak dira: babesleak eta numerarioak.
Bazkide babesleak Kooperatiba modura eratutako erakundeak dira, Erakundearen sostenimendu eta garapenean esku hartzen dutenak, zuzen- zuzenean laguntzen dutelarik bere kudeaketa eta administrazioan, betiere aurrez eskatu eta Kontseilu Errektoreak espresuki onartzen baditu.
Bazkide numerario edo mutualista –aurrerantzean, mutualista– dira LagunAro, EPSVko bazkide babesle diren Kooperatibetako bazkide langileak eta laneko bazkideak, Erakundeak horrela onartu baldin baditu.
Mutualistak iraunaldi jakinekoak izango dira Kooperatiba bazkide babeslearekin duten sozietate-lotura izaera berekoa denean. Mutualista hauei LagunAro, EPSVren arauketan ezarritako berariazko arauketa aplikatuko zaie.
Mutualisten senitartekoak, Estatutu Sozial hauen eta Prestazio Erregelamenduaren arabera prestazioetarako eskubidea dutenak, onuradunak izango dira.
6. artikulua. Kooperatiba bazkide babesleen, mutualisten eta onuradunen erregistroa
Mutualista-kopurua mugagabea da, eta honen nolakotasuna ez da eskualdagarria; hortik sorturiko eskubideak estatutu eta erregelamenduzko arauen arabera izango dira egikarituak.
LagunAro, EPSVk Kooperatiba bazkide babesleen, mutualisten eta onuradunen erregistroa izango du.
7. artikulua. Onarpenerako betebeharrak
Kooperatiba bazkide babesleen —beren mutualistekin— onarpen eta inskripzioa Kontseilu Errektoreak onartuko ditu, ondorioz Estatutu Sozial hauetan eta beste aplikazio-arauetan ezarritako eskubide eta betebeharrak aitortuko zaizkielarik.
Kooperatiba bazkide babesleen eta mutualisten onarpenerako, ondorengo baldintzak beteko dira:
Kooperatiba bazkide babesleentzat:
- LagunAro, EPSVko Estatutu Sozialak eta gainerako aplikazio-arauak onartzea.
- Indarrean dauden xedapenek eskaturiko gaitasun-baldintzak betetzea.
- Ondorengo dokumentazioa aurkeztea:
- Estatutu Sozialen kopia, non ezarriko baita Kooperatiba bazkide babesleak Gizarte Segurantzaren arloan egindako aukera Langile Autonomoen Erregimen Bereziaren eta LagunAro, EPSVren alde, Kooperatiba bazkide babesleak bere burua behartzen duelarik dagozkion kuotak ordaintzera.
- Bazkideen izen-zerrenda, dagozkien datuekin, Erakundean indarrean dauden Arauek eskaturikoaren arabera.
- Batzar Nagusiaren erabakiaren ziurtagiria non LagunAro, EPSVn sartzea eskatzen baitu, berariaz onartuz Erakundean indarrean dagoen arauketa, baita dagozkion konpromiso ekonomikoak ere.
- Dagokion Komunitate Mutualistaren jarreraren ziurtagiria.
- Kooperatiba bazkide babeslearen erabakiaren agiria, LagunAro, EPSVrekiko loturatik eratorritako administrazio-funtzioak edo zuzemenak bere bizkarretik egitera behartzen dela ziurtatuz.
- Kontseilu Errektoreari beharrezko iruditzen zaizkion txosten osagarriak.
Mutualistentzat:
- Bazkide babesle den Kooperatiba bateko bazkide langile edo laneko bazkide izatea.
- LagunAro, EPSVko Estatutu Sozialak onartzea, baita indarrean dagoen gainerako arauketa ere.
- Indarrean dauden xedapenek eskaturiko gaitasun-baldintzak betetzea.
- Sartu ahal izateko, Kontseilu Errektoreak ezarri dituen gainerako betebeharrak ere betetzea.
Mutualista-gaiei, betiere artikulu honetan ezartzen zaizkien baldintzak betetzen badituzte, dagokien Kooperatiba bazkide babeslearen bidez emango zaie alta LagunAro, EPSVn, eta Kooperatiba izango da sartzeko proposatutako mutualista berrien altak tramitatuko dituena.
8. artikulua. Bazkideen baja
Ondorengo kasu hauetan emango zaie baja Kooperatiba bazkide babesleei:
- Kooperatiba izaera galtzean.
- Kooperatibako Batzar Nagusiak erabakitzen duenean LagunAro, EPSVko bazkide babesle gisa baja kausatzea.
- LagunAro, EPSVko Kontseilu Errektorearen erabaki zigortzailez, Estatutu Sozial hauetan ezarritako arau-hausteetan oinarritu beharko duelarik. Kontseilu Errektoreak onartutako kanporatze-erabakien aurka Batzar Nagusiaren aurrean jar daiteke helegite edo errekurtsoa.
Nolanahi ere, Kooperatiba bazkide babeslearen bajak bertako bazkide diren mutualista guztiengan izango du eragina, hala balegokio, Estatutu Sozial hauetan 37. artikuluan xedatutakoaren aplikazioa gorabehera.
Mutualistei, berriz, beste kasu hauetan emango zaie baja:
- Heriotza-kasuan.
- LagunAro, EPSVko bazkide babesle den Kooperatiba batekoa izateari uztean, izaera bereko beste batean sartzen ez bada.
- Bere Kooperatibak bazkide babeslearen izaera galtzean.
- LagunAro, EPSVko Kontseilu Errektoreak kanporatzea erabakitzean, Estatutu Sozial hauetan ezarritako arau-hausteetan oinarritu beharko duelarik. Kontseilu Errektoreak onartutako kanporatze-erabakien aurka Batzar Nagusiaren aurrean jar daiteke helegite edo errekurtsoa.
9. artikulua. Bazkideen eskubide eta betebeharrak
Mutualisten eta Kooperatiba bazkide babesleen eskubide eta betebeharrak Estatutu Sozial hauetan eta gainerako arau aplikagarrietan ezartzen direnak dira.
Mutualista eta Kooperatiba bazkide babesle guztiek eskubide eta betebehar berberak izango dituzte bakoitzari dagokion aplikazio-eremuan, nahiz eta ekarpenak eta prestazioak estatutu eta erregelamenduetan ezarritakoarekin bat etorriko diren, bakoitzaren zirkunstantzien arabera.
10. artikulua. Mutualisten eta kooperatiba bazkide babesleen eskubideak
Mutualista eta Kooperatiba bazkide babesleen eskubideak, Erakundearekiko betebeharrak ere eguneratuak baldin badituzte behintzat, honako hauek dira:
Eskubide politikoak, berdintasun-printzipioaren arabera:
- Erakundeko gobernu-organoetako kargudunak aukeratzekoa eta besteek bera aukera dezaten.
- Batzar Nagusietara pertsonalki edo eskuordetze bidez joatekoa, eta proposamenak formulatu eta hango eztabaida eta botazioetan parte hartzekoa.
Eskubide ekonomikoak:
- Estatutu Sozialetan eta Prestazio Erregelamenduan ezarritako prestazioak hartzea.
- Erakundea desegitea gertatuz gero, ondarearen banaketan partehartzea.
Informazio-eskubidea:
- Erakundearen jarduera ekonomiko, administratibo eta soziala ezagutzekoa, Kontseilu Errektoreak emandako txosten, oroitidazki edo memoria, balantze, kontabilitateko egoera-orri eta aurrekontuen bidez.
- Komenigarri iruditzen zaizkion kontsulta, iradokizun, kexu eta erreklamazioak aurkeztu eta argibide edo txostenak idatziz eskatzekoa, Erakundearen funtzionamendu edo emaitzen edozein alderdiri buruz; eskaera hau idatziz egin behar da, eskaera eragiten duen egitate edo zergatiaren datatik zenbatzen hasi eta gehienez ere 30 egun naturaleko epearen barruan. Kontseilu Errektorearen iritziz, informazioa emateak arrisku larrian jarriko balitu Erakundearen bidezko interesak, orduan bakarrik uka liezaioke informazioa; ukapen horri epaitegien bidez aurka egin dakioke indarrean dagoen legeriaren arabera.
- Eguneko Aztergai-Zerrendan ekitaldi ekonomikoko kontuei buruz edo beste edozein proposamen ekonomikori buruz Batzarrari onespena eskatzea ezarria dagoenean, horien berri ematen duten oinarrizko dokumentuak mutualisten eta Kooperatiba bazkide babesleen eskura egon beharko dute Erakundearen egoitza sozialean, deia egiten denetik Batzarra egiten denera arte.
Epe horretan, mutualistek eta Kooperatiba bazkide babesleek komenigarri iruditzen zaizkien argibideak eskatu ahal izango dizkiote idatziz Kontseilu Errektoreari, eta egiten den lehenengo Batzar Nagusian emango dira erantzunak. - Legez ezarritako kontabilitate-egiaztapena eskatu ahal izango dute mutualistek, eta hori egin egin beharko da azken ekitaldiko abenduaren 31n leudekeen mutualisten %5ek idatziz eskatzen badute.
11. artikulua. Mutualisten eta kooperatiba bazkide babesleen betebeharrak
Honako hauek dira mutualisten eta Kooperatiba bazkide babesleen betebeharrak:
- Estatutu Sozial hauek, Prestazio Erregelamendua eta Erakundeak balioz hartutako erabakiak betetzea.
- Aukeratuak izanez gero, organo sozialetako karguak betetzea, ez betetzeko bidezko kausarik izan ezik.
- Erakundeko gobernu-organoek eskatutako laguntza eta lankidetza ematea.
- Prestazioei buruz, Erakundeak ezarritako eginbehar eta izapideak betetzea.
- Batzar Nagusiak erabakitako kuotak ordaintzea Kooperatiba bazkide babesleek.
- Egiten dituzten helbide-aldaketen berri Erakundeari ematea.
- Orokorki edo espezifikoki, Estatutu Sozialetan, Prestazio Erregelamenduan eta Erakundeak balioz hartutako erabakietan ezarriko diren beste guztiak.
Mutualistek eta onuradunek, baita Kooperatiba bazkide babesleek ere, beren eskubideen defentsarako, edozein jarduera baino lehen, Kontseilu Errektorearen aurrean erreklamazioa aurkeztu behar dute, eta honek dagokion erantzuna eman beharko du.
12. artikulua. Erantzukizunaren mugatzea
Mutualisten eta Kooperatiba bazkide babesleen erantzukizun ekonomikoa zor sozialengatik, Fondo edo Funts Mutualera egindako ekarpenera mugatuko da.
Baja kausatzen duten mutualistak eta Kooperatiba bazkide babesleak, baja hori ondorioak izaten hasi arte Erakundearekin harturiko betebeharren erantzule izango dira.