Bosgarren sekzioa: Berezko edoskitzaroko arriskua
[Apirila 2024]Prestazioaren definizioa eta ezaugarriak
37. artikulua
Berezko edoskitzaroko prestazio ekonomikoaren ondorioetarako, egoera babestutzat jotzen da honako etenaldi hau: azaroaren 8ko 31/1995 Legeak —Laneko Arriskuen Prebentziokoak— 26. artikuluan ezartzen duenaren arabera, mutualistak edoskitzaro naturaleko egoerarekin bateragarri den beste lanpostu batera aldatu beharra izanik, postu aldaketa hori teknikoki edo objektiboki posible ez denean, edota justifikaturiko zioengatik arrazoiz eskatzea ezinezkoa denean.
38. artikulua
Mutualistak prestazio hori jasotzeko eskubidea izango du LagunAro, EPSVn alta ematen den egunetik, eta prestazio horretarako LagunAro, EPSVn kotizatzen duen bitartean.
39. artikulua
Berezko edoskitzaroko arriskua kasu hauetan iraungiko da:
- Bularra hartzen ari den haurrak bederatzi hilabete betetzean.
- Mutualista lanera itzultzean, bere lehengo postura edo bere egoerarekin bateragarri den beste batera, aurreko letran aipaturiko aldia baino lehen.
- Aldi Baterako Ezintasunaren prestazioa eskuratzean.
- Baliaezintasun Handiko, Ezintasun Iraunkor Absolutuko edo Desgaitasun Iraunkor Oso Kualifikatuko prestazioak eskuratzean.
- Prestazioa kobratzearekin bateraezinak diren edo debekaturik dauden jarduerak egitean.
- Mutualista edo bularreko haurra hiltzean.
- Berezko edoskitzaroa bukatzean.
Prestazioaren zenbatekoa eta kuotaren kalkulua
40. artikulua
Prestazio ekonomikoa hori Gizarte Segurantzak aitortzen duen egunean sortuko da, eta aurreko artikuluan ezarritako iraungitze arrazoiengatik bukatuko da.
Prestazio ekonomikoa arrazoi beragatik Gizarte Segurantzak ordaintzen dituen zenbatekoen beharrezko osagarria izango da, Kontsumo Aurrerakinaren %100era iristeraino, gehi Hornidura Aurrerakinaren %100, eta dagokion ordainketa osorik zenbatuko da, estaldura aldiaren arabera.
41. artikulua
Berezko edoskitzaroa finantzatzeko oinarrizko kuota partziala, mutualista bakoitzaren kotizazio indizearen kontsumo aurrerakinarekiko proportzionala dena, hau izango da: dagokion ekitaldirako kalkulatutako gastuaren eta mutualistek aldi horretan jasoko dituzten kontsumo aurrerakin guztien arteko zatiketatik ateratzen den ehunekoa.
Kuota hori prestaziorako kotizatzen ari diren mutualista guztiek ordainduko dute, bakoitzari dagokion kontsumo aurrerakinaren arabera eta dagokion kotizazio indizearen arabera.
Kuota hori kalkulatzeko alderdi hauek hartuko dira kontuan:
- Hurrengo ekitaldian ordainduko diren lan aurrerakinen maila.
- Prestazioan aurreikusitako gastua.
- Aurreko ekitaldian gerta zitezkeen desbiderapenak.