Bigarren sekzioa: Kontseilu Errektorea
[Apirila 2025]51. artikulua. Ordezkaritza, gobernu eta kudeaketako organoa
Erakundea ordezkatu, gobernatu eta kudeatzeko talde organoa da Gobernu Batzorde edo Kontseilu Errektorea (aurrerantzean Kontseilu Errektorea).
52. artikulua. Osaera
Hamabi kidek —LagunAro, EPSVko mutualistak guztiak, Batzar Nagusiak izendatuak— osatuko dute Kontseilu Errektorea.
Kontseilu Errektoreak lehendakaria —Batzar Nagusiak izendatua—, lehendakariordea eta idazkaria izango ditu, azken bi horiek Kontseilu Errektoreak bere kideen artetik izendatuak. Kontseilu Errektoreko gainerakoak Kontseilukideak izango dira.
Lehendakaria bertan ez dagoenean, lehendakariordeak ordeztuko du, eta hau ere ez badago, adinik handieneko kontseilukideak. Idazkaria falta denean, adinik gutxieneko kontseilukideak ordeztuko du.
53. artikulua. Karguen iraupena
Kontseilu Errektoreko karguak hiru urterako izango dira, nahiz eta berrautatu ere egin litezkeen. Kontseilu Errektorearen heren bat berrituko da urtero. Kontseilu Errektoreko karguak eta Erakunde barruan eginkizun ordainduak izatea bateraezinak dira.
54. artikulua. Izendapena
Kontseilu Errektoreko kideen izendapena konpromisarioek egingo dute, isilpeko botazioz, Batzar Nagusian.
55. artikulua. Hutsik dauden karguak
Bi Batzar Nagusien artean hutsik gelditzen diren karguak behin-behinean Kontseilu Errektoreak berak beteko ditu, eta, behin betiko, lehen Batzar Nagusiak.
Hutsik gelditutako postuok betetzeko izendatuek, ordezkatuei falta zitzaien denboraldirako bakarrik hartuko dute kargua, nahiz eta gero horiek berrautatu litezkeen.
56. artikulua. Deialdia, maiztasuna eta funtzionamendua
LagunAro, EPSVko funtzionamenduak eskatzen duen maiztasunaz bilduko da Kontseilu Errektorea, aurrez aurre, telematikoki edo modu mistoan eta, printzipioz, gutxienez hilean behin bilduko da. Halaber, Lehendakariak erabaki edo hiru kidek eskatutakoan ere bilduko da.
Kontseilu Errektorera pertsonalki edo ordezkatuta joan ahal izango da. Kontseilukide bakoitzak saio bakoitzean beste kontseilukide bat baino ezingo du ordezkatu.
Gutxienez kontseilu kideen erdiak eta bat gehiago bileran bertan edo ordezkatuta egonez gero bakarrik geratuko da balioz eratuta.
Bertan edo eskuordetuta dauden botoen gehiengo soilez hartuko ditu bere erabakiak Kontseilu Errektoreak.
Botoa espresuki eta idatziz eskuordetu beharko da, eta bilera zehatz eta jakin baterako izango da. Botoa eskuordetzeko idazkiak aditzera eman beharko ditu kontseilukide eskuordetzailearen eta eskuordetuaren datuak. Gainera, eskuordetze idazkian zehaztu ahal izango da gai zerrendako puntu guztietarako edo batzuetarako botoaren nolakoa.
Botoa eskuordetzea noiznahi ezeztatu ahal izango da. Eskuordetzailea gobernu organoaren bilerara joaten bada, eskuordetza bertan behera geratuko da.
Kontseilu Errektoreko kideak beharturik daude beren bileretara joatera, Lehendakariari arrazoizko kausaren bat agertuz desenkusa daitezkeelarik.
Berdinketa kasuan, Lehendakariak erabakiko du kalitate botoaz.
Kontseilu Errektorearen bilerak Akta Liburuan jasoko dira.
57. artikulua. Batzorde iraunkorra
Kontseilu Errektorearen Batzorde Iraunkor bat eratu ahal izango da, bere eraketa-erabakian ezarriko diren eskuduntza eta araubidearekin.
58. artikulua. Erantzukizuna
Errektoreek arduraz beteko dute beren kargua, eta dolo, ahalmen-abusu edo zabarkeria larriz egindako kalteez erantzun beharko dute LagunAro, EPSVren eta mutualisten aurrean.
Erantzun beharrean jartzen diren errektoreen aurkako ekintza LagunAro, EPSVk gauzatuko du, aurrez Batzar Nagusiak horretarako erabakia hartzen badu, erabaki hau har daitekeelarik nahiz eta Gai Zerrendan ez agertu.
Kontseilu Errektorekoak beren kudeaketaren erantzule dira Batzar Nagusiaren aurrean, honi eman behar dizkiotelarik kontuak. Zaintza Kontseiluaren jarduketa ere erraztu beharko dute. Beren karguetatik kendu egin litzake Batzar Nagusiak.
Halaber, beren karguarengatik beharturik daude sekretu profesionala gordetzera, Kontseiluaren iritziz isilpekoak diren arazoetan, behintzat. Baldintza hori betetzen ez duten errektoreei kargua utzarazi ahal izango zaie, aurrez Kontseilu Errektoreak espedientea formulatuko dielarik.
59. artikulua. Ahalmenak
Batzar Nagusiaren delegazioz Kontseilu Errektoreari dagozkion ahalmenak, oro har, honako hauek dira:
- Batzar Nagusiak, Ohikoak nahiz Bereziak, deitzea.
- Kooperatiba bazkide babesleak beren mutualistekin onartu eta inskribatzea.
- Zuzendaritza izendatu eta kargutik kentzea.
- Estatutu Sozialen eta Prestazio Erregelamenduaren aldaketak proposatzea, Batzar Nagusiari aurkeztuko zaizkiolarik onets ditzan.
- Erakundearen ondarearen inbertsio-politika erabaki eta horren jarraipena egitea, horretan laguntza emateko behar dituen Batzorde edo Lantalde Teknikoak sortu ahal izango dituelarik.
- Jarduketa eta garapenerako plan orokorren azterketa eta onespena.
- Jarduketa judizialei buruzko erabakiak.
- Estatutu Sozialen eta Prestazio Erregelamenduaren interpretazioari buruzko zalantzak argitzea eta horietan egon litezkeen hutsuneak betetzea, guzti honen berri hurrengo Batzar Nagusiari emanez.
- Urteko Kuota eta Prestazioak ezartzea, baita LagunAro, EPSVk ematen dituen zerbitzuen oinarrizko kostua ere, nahiz eta gero Batzar Nagusiak onetsi beharko dituen.
- Batzar Nagusiaren erabakiak betearaztea.
- Gordailuak eratu eta ateratzea onartzea; kontu korronteak ireki eta ixtea eta fondoak erabiltzea.
- Ondasun higigarri eta higiezinen salerosketa onartzea.
- Kredituen kontratazioa eta hirugarren batzuen aurrean bermeak ezartzea, baita hipotekazkoak ere, onartzea.
- Estatutu Sozial hauek esleituriko kasuetan, hutsegite sozialengatiko espedientea ebaztea. Zigorragatiko kanporatze-erabakiek indar betearazlea izateko, Batzar Nagusiak berretsi beharko ditu.
- Estatutu Sozial hauetan ematen zaizkion gainerako ahalmenak eta Batzar Nagusiari edo Zuzendaritzari espresuki ez dagozkion beste guztiak.
60. artikulua. Lehendakariaren ahalmenak eta egitekoak
Lehendakariaren ahalmen eta egitekoak honako hauek izango dira:
- LagunAro, EPSVk parte hartzen duen ekitaldietan, Erakundearen ordezkari izatea.
- Batzar Nagusiaren eta Kontseilu Errektorearen bileretan mahaiburu izatea.
- Legeak edo Estatutu Sozialek ematen edota dagozkien Organoek espresuki delegatzen dizkiotenak.
61. artikulua. Lehendakariordearen ahalmenak eta egitekoak
Lehendakaria falta denean, Lehendakariordearen ahalmen eta egitekoak izango dira hura ordezteko egin beharrekoak, baita Kontseilu Errektoreak bere esku uzten dituen jarduerak ere.
62. artikulua. Idazkaria
Idazkariari dagozkio:
- Akta-liburuak zaintzea.
- Batzar Nagusiko eta Kontseilu Errektoreko aktak idaztea.
- Liburu eta dokumentuetan oinarrituz ziurtagiriak egitea, Lehendakariak Ontzat Emanda.
- Mutualista Erregistroaz eta elkarteko posta-trukeaz arduratzea, eta memoriak eta gainerako txosten eta jakinarazpenak idaztea.
- Erakundeko liburuak, agiriak eta zigiluak zaintzea.
- Kooperatiba bazkide babesleen Erregistroa eraman edo horretaz arduratzea.
Ahalmen hauek, hirugarrena izan ezik, eskuordetu edo delegatu egin ditzake.
63. artikulua. Kontseilukideak
Kontseilukideei dagozkie:
- Kontseilu Errektorearen bilkuretara joatea.
- Planteatutako arazoei buruz eztabaidatu eta botoa ematea, hala dagokionean.
- Kontseilu Errektoreak eskuordetuta, beren ardurapean utzitako gestioak burutzea.
64. artikulua. Karguen doakotasuna
Kontseilu Errektorean betetzen diren eginkizunak ez dira ordainduko, baina deituriko bileretara joateagatik bidai gastuak konpentsa ditzake Erakundeak.