Laugarren sekzioa: Zuzendaritza
[Apirila 2016]68. artikulua. Kargu-mota eta iraupena
LagunAro, EPSVko organo betearazlea da Zuzendaritza, eta pertsona bakarra ala talde bat izan daiteke, Kontseilu Errektorearen esku dagoelarik hori erabakitzea; halaber, Kontseilu Errektoreari dagokio osatuko duenaren edo dutenaren izendapena, eta berak delegatutako ahalmenez jardungo du Zuzendaritzak.
Horretarako, Ahalordetze-eskritura egiletsiko da Zuzendaritzaren alde, enpresatrafikorako ahalorde bereziak eta ohikoak konstaraziz.
Zuzendaria edo Zuzendariak ezingo dira Kontseilu Errektoreko kide izan, baina beronek onirizten dion neurrian, joan ahal izango dira bileretara, hitz egiteko eskubidearekin baina botorik gabe. Izendapena, orokorrean, lau urterako izango da, eta Kontseilu Errektoreak berak berritu ahal izango du.
69. artikulua. Aholkularitza-organoak
Bere aholkularitza-organoak ere eduki ahal izango ditu Zuzendaritzak, horrela eskatuko balu Erakundearen garapenak eta arazoen konplexutasunak. Aholkularitza-organo hauen eraketa eta antolamenduak beti hartu behar du kontuan inplikazio sozial eta ekonomikoa mantentzea Kooperatiba bazkide babesleekin eta hauen mutualistekin.
Aholkularitza-organo hauek orokorrak edo partzialak izan litezke, arazoen eremua edo lurralde-esparruaren mugak kontuan izanda, eta, ezartzen badira, mutualista-kopuruak arreta handiena eskatzen duen lekuetan jarriko dira.
70. artikulua. Egitekoak
Enpresa-kudeaketari, plan eta erabakiak betearazteari, langileen izendapen eta sail edo departamentuen arteko koordinazioari buruzko guztia dagokio Zuzendaritzari, betiere Kontseilu Errektorearen erabakien arabera.
Gainera, ezarri zaizkion plan eta helburuen garapenarekin zerikusia duen guztiaren berri emango dio Kontseilu Errektoreari hilero.
71. artikulua. Ekonomia-baldintzak
Kontseilu Errektoreak ahalmen zabalak izango ditu Zuzendaritza osatzen dutenen eta bere eginkizuna betetzeko behar dituen langileen baldintza ekonomikoak erabakitzeko, baita egoera pertsonalak eta lankidetza-erak finkatzeko ere.