Lehen sekzioa: Komunitate mutualistak
[Apirila 2024]73. artikulua. Helburua
Komunitate Mutualistak bi helburuz eratutako mutualista-taldeak dira:
- Lehena, onuradun edo mutualista bakoitzeko gastu-mailak behar hainbateko kolektibo zabaletan autokonpentsatuak izan daitezela lortzea, eta
- Bigarrena, Estatutu Sozial hauetan jasorik dauden LagunAro, EPSVko alderdi operatiboak kudeatzea, baita Kontseilu Errektoreak espresuki delegaturikoak ere.
74. artikulua. Ezaugarriak
Kooperatiba bazkide babesleetako kide diren mutualistek osatuko dituzte Komunitateak, enpresa-integrazioaren, hurbiltasun geografikoaren, mutualisten jarduera eta kopuruaren irizpideen arabera taldekatuta.
Komunitate bakoitzeko mutualista-kopurua gutxienez 500ekoa izango da, eta gehienez 2.000koa, behintzat, Kontseilu Errektorearen iritziz, zirkunstantziaren batzuek ez badute muga horiek aldatzea aholkatzen.
75. artikulua. Eskuduntza
Komunitate Mutualisten eskuduntza bere esparrura mugatuko da, bai ondorengo artikuluetan adierazitako ahalmenei dagokienean, baita Kontseilu Errektoreak delegaturiko beste edozein arazori dagokionean ere, delegatze honetan sarturiko ahalmenekin.
76. artikulua. Eginkizunak
Komunitate Mutualistek erabakiko dituzte Osasun Laguntza eta Aldi Baterako Ezintasun prestazioetan hobariak eta zigorrak beren baitan aplikatzeko irizpideak.
Estatutu, Erregelamendu eta hauen aplikaziozko arazoei buruz Kontseilu Errektorea aholkatzeko eginkizuna izango dute Komunitate Mutualistek.
Esate baterako, honelako arazoez emango die aholku:
- Kontseilu Errektorerako hautagaien proposamenaz.
- Komunitatean sartu nahi duten Kooperatiba bazkide babesle berriez.
- Desgaitasuna duten Pertsonentzat Laguntza eta Osasun Laguntzako onuradunen onarpenaz.
- Mutualisten onarpenaz, hauen sarrera LagunAro, EPSVk baldintzatu duenean.
- Aldi baterako Ezintasun edo Lanerako Desgaitasun egoeratan Komunitate Mutualistan dauden mutualisten kasu bereziez.
77. artikulua. Batzorde delegatua
Komunitate Mutualista bakoitzaren kudeaketa-organoa berari dagokion Batzorde Delegatua izango da; Osoko Bilkuren edo batzorde espezializatuen bidez jardungo du, azken hauek iragankor edo iraunkorrak izan litezkeelarik, berak ongien iritzi bezala.
78. artikulua. Osaera
Batzorde Delegatu bakoitzeko kideak honako hauek izango dira:
- LagunAro, EPSVko errektore bat, eskuarki Komunitate berekoa, lehendakari izango dena, delegazio-ahalmenekin.
- Zenbait kide, Komunitatean sartutako Kooperatiba bazkide babesle bakoitzak duen mutualista-kopuruaren araberakoa, normalean bere barruan aukeratuak, ondorengo eskalaren arabera:
- Kooperatiba bazkide babesleak: 100 mutualista arte baditu: ordezkari 1.
- Kooperatiba bazkide babesleak: 101-500 mutualista bitartean: 2 ordezkari.
- Kooperatiba bazkide babesleak: 501-1.500 mutualista bitartean: 4-6 ordezkari.
Aipaturiko eskala hori gorabehera, Komunitateak berak ere aldatu ahal izango du Batzorde Delegatuaren osaketa, betiere, ekitate- eta funtzionaltasun-irizpideen arabera.
Batzorde Delegatuko kideek beren artetik Idazkaria izendatuko dute.
Halaber, aholkulari tekniko gisa, LagunAro, EPSVko langileen edota, edukitzen baditu, bere medikuen laguntza izango dute Batzorde Delegatuek.
79. artikulua. Karguen iraupena
Batzorde Delegatua osatzen duten guztiek gutxienez bi urte egingo dituzte beren karguetan. Edonola ere, kontuz ibili beharko da ondorengo berriztapenetan batzordekide guztiak aldi berean alda ez daitezen.
80. artikulua. Deialdia eta funtzionamendua
Batzorde Delegatuek, orokorrean, ohiko bilera bat izango dute bi hilero, eta lehendakariaren edo batzordekideen heren baten ustez komenigarri izan litezkeen berezi guztiak.
Botoen gehiengo soilez hartuko dira erabakiak, eta baliozkoak izan daitezen, beharrezkoa izango da kideen erdiak eta bat gehiago bileran izatea. Lehendakariaren kalitate-botoak erabakiko du berdinketa-kasuetan.
81. artikulua. Errekurtso edo helegiteak
Batzorde Delegatuak hartutako erabakien aurka —LagunAro, EPSVko Kontseilu Errektoreari era fede-emailean jakinarazi behar zaizkielarik— afektatuek birjarpeneko errekurtsoa jarri ahal izango dute Batzordearen aurrean, jakinarazpena hartzen duten unetik hogei laneguneko epea dagoelarik horretarako. Bigarren erabaki honen aurka Kontseilu Errektorearen aurrean jarri ahal izango da errekurtsoa, interesatuari jakinarazten zaion unetik hogeita hamar laneguneko epearen barruan. Kontseilu Errektorearen epaia apelaezina izango da.