Zazpigarren sekzioa: Minbizia edo beste gaixotasun larriren bat duten adingabeen zainketa
[Apirila 2024]Prestazioaren definizioa eta ezaugarriak
50. artikulua
Minbizia edo beste gaixotasun larriren bat duten adingabeen zainketarako prestazioa adingabe horien aita/ama, adopzio aurreko zaintzailea edo harreragile iraunkorra den pertsona mutualistari aitortuko zaio, minbizia (tumore gaiztoak, melanomak eta kartzinomak) edo beste gaixotasun larriren bat eduki eta ospitalean denbora luzez egon behar duen adingabe bat bere kargu izateagatik berori ospitalean dagoen bitartean eta gaixotasuna dela-eta behar duen etengabeko tratamendua ematen zaion bitartean zaintzeko lanaldia murriztu badu, ospitaleratzea edo etengabeko tratamendua dagokion Osasun Zerbitzu Publikoak emandako txostenak egiaztatuta.
Banantze edo dibortzio kasuetan, gaixoarekin bizi den guraso, zaintzaile edo hartzaileari aitortuko zaio prestazioa jasotzeko eskubidea.
Ezinbesteko baldintza izango da prestazio honetaz baliatzen den mutualistak bere lanaldia murriztea, gutxienez, iraupenaren %50, adingabearen zainketa berak zuzenean, jarraian eta beti egin dezan.
Halaber, ezinbesteko baldintza izango da, familia gurasobakarren kasuan izan ezik, mutualistaz gain, beste gurasoa, adopzio aurreko zaintzailea edo harreragile iraunkorra ere lanean aritzea eta, arrazoi beragatik, Gizarte Segurantzak eman diezaiokeen prestazioa ez jasotzea.
51. artikulua
Prestazio ekonomikoa sortuko da Gizarte Segurantzarena ere aitortzen den egun berean, horren osagarri izango baita, eta iraupena ere horrenari lotua geratuko da; beraz, bukatuko da adingabea zuzenean, etengabe eta iraunkorki zaindu beharra amaitzen denean, Osasun Zerbitzu Publikoak aurrez txostena eginda edo adingabeak 18 urte betetzen dituenean.
Gaixoa adin nagusitasunera iristen denean, adin nagusitasunera iritsi aurretik diagnostikatutako minbiziak edo gaixotasun larriak jarraitzen badu, eta ospitaleratu, tratatu eta zaintzeko beharrak jarraitzen badu, dagokion Osasun Zerbitzu Publikoaren txostenak egiaztatuta, prestazio ekonomikoa mantendu ahal izango da, gehienez ere gaixoak 23 urte bete arte.
Aurreko paragrafoan aurreikusitako egoeran dagoen gaixoa ezkontzen bada edo izatezko bikotea osatzen badu, ezkontideak edo izatezko bikotekideak izango du prestaziorako eskubidea, betiere aurreko 50. artikuluan onuradun izateko adierazitako baldintzak betetzen baditu.
Kasuotan ere iraungiko da prestazioa:
- Lanaldiaren murrizketari buruzko baldintza ez betetzeagatik.
- Baliaezintasun Handiko, Ezintasun Iraunkor Absolutuko, Desgaitasun Iraunkor Oso Kualifikatuko edo Erretiroko prestazioak eskuratzean.
- Prestazioa kobratzearekin bateraezinak diren edo kontraesanean dauden jarduerak egitean.
- Mutualista hiltzean.
Prestazioaren zenbatekoa eta kuotaren kalkulua
52. artikulua
Minbizia edo beste gaixotasun larriren bat duten adingabeak zaintzeko diru kopurua arrazoi beragatik Gizarte Segurantzak ordaintzen dituen zenbatekoen beharrezko osagarria izango da, lanaldi murrizketaren ehunekoaren arabera hilean dagokion Kontsumo Aurrerakinaren %100era iristeraino, gehi murrizketa horri berorri dagokion Hornidura Aurrerakinaren %100, eta dagokion ordainketa osorik zenbatuko da, estaldura aldiaren arabera.
53. artikulua
Minbizia edo beste gaixotasun larriren bat duten adingabeak zaintzea finantzatzeko oinarrizko kuota partziala, mutualista bakoitzaren kotizazio indizearen kontsumo aurrerakinarekiko proportzionala dena, hau izango da: dagokion ekitaldirako kalkulatutako gastuaren eta mutualistek aldi horretan jasoko dituzten kontsumo aurrerakin guztien arteko zatiketatik ateratzen den ehunekoa.
Kuota hori prestaziorako kotizatzen ari diren mutualista guztiek ordainduko dute, bakoitzari dagokion kontsumo aurrerakinaren arabera eta dagokion kotizazio indizearen arabera.
Kuota hori kalkulatzeko alderdi hauek hartuko dira kontuan:
- Hurrengo ekitaldian ordainduko diren lan aurrerakinen maila.
- Prestazioan aurreikusitako gastua.
- Aurreko ekitaldian gerta zitezkeen desbiderapenak.