Zortzigarren sekzioa: Enplegurako Laguntza
[Apirila 2024]Prestazioaren definizioa eta ezaugarriak
54. artikulua
Enplegurako Laguntza prestazioan langileak Birkokatzeko Zerbitzua erabiltzea sartzen da, baita birkokatze gastuak konpentsatzeko, langabeziaren ondorioak arindu edo zeharo ezabatzeko eta beste zenbait prestazio ekonomiko ere.
Enplegurako Laguntzaren barruan sartzen diren prestazio ekonomikoak hauek dira:
- Birkokapena.
- Langabezia.
- Aurre-erretiroa.
- Kalte ordaina.
- Lanbide birmoldaketa.
- Baja Mugatua.
Langabezian deklaratutako bazkideak langileak behar dituzten beste kooperatiba kide babesle batzuetan birkokatzearen kudeaketa da gure Enpleguko Laguntza prestazioaren elementu bereizgarri nagusia, eta horrek eragin behar du enplegua hobeto defendatzea eta langabezia egoerei lotutako kostuak murriztea.
Birkokapenen kudeaketa hori eraginkorra izan dadin, beharrezkoa da inplikaturiko eragileen konpromiso irmoa, bereziki hartzaile izan daitezkeen kooperatibena, aktiboki kolaboratu beharko baitute langabezian deklaratutako bazkideak birkokatzen; baita dagokien bazkideen konpromisoa ere, prest egon beharko baitute euren enplegagarritasuna hobetzeko, lanbide prestakuntza eta birziklapen planen bitartez, euren profila eta kooperatiba hartzaileek eskatzen dutena hobeto egokitzeko.
Baja Mugatuaren prestazioa iraupen mugatuko mutualisten prestazio espezifikoa da, eta Prestazio Erregelamendu honen IV. Kapituluan garatzen da, zeinean halaber arautzen baitira horrelako mutualisten ezaugarri bereziak Enplegu Laguntzaren gainerako prestazioak eskuratzeari dagokionez.
Enplegura Laguntza prestazioaren edozein modalitate eskuratzeko, Baja Mugatua izan ezki, nahitaezko baldintza izango da Kooperatiba bazkide babeslearen aurrerakin maila LagunAro, EPSVko Banaketa Tarifaren %95en azpitik egotea, eta baldintza hori bete beharko da, bai lehenengo edo hasierako unean bai gero edozein unetan, eta prestazioa etenda geratuko da baldintza hori betetzeari utziz gero.
55. artikulua
Birkokapenak esan nahi du, hain zuzen, Kooperatiba bazkide babesleetan soberan dauden langileak pertsonala kontratatu beharrean dauden beste batzuetan behinbehinean edo betiko sartzea.
Birkokapena bi mailatan egingo da: Lehen mailan, Kooperatiba bazkide babesleek osatzen dituzten Kooperatiba Taldeen esparruan eta, bigarrenean, LagunAro, EPSVn elkarturik dauden guztien mailan. Administrazio egokirako beharrezko koordinazioa behar da bi maila horien artean.
Maila hauetako bakoitzean, egiturazko langabezia duten Kooperatibetan sobera dauden langileen birkokapenak izango du lehentasuna, postuak eskatzen duena betetzen badu betiere.
Kooperatiba bazkide babesleetan, oro har, behin-behineko birkokapenak gehienez ere 24 hilabetez erabil daitezke lanpostu berean.
Epe hori igaro eta gero birkokapena mantentzea aurreikusten duen Kooperatibak, birkokatutako mutualistari ez badio bazkide izaera lortzeko aukera eman, LagunAro, EPSVko Prestazioen Batzordeari jakinarazi beharko dizkio erabaki hori oinarritzen duten arrazoiak eta sozietatean finkatu ahal izateko dauden aurreikuspenak.
Kooperatiba bazkide babesleak helarazitako arrazoi eta aurreikuspenetan oinarrituta, LagunAro, EPSVko Prestazioen Batzordeak erabaki ahal izango du birkokapena amaitzea edo mantentzea. Azken kasu horretan, azkenean kontsolidazioa gertatzen bada, beherantz berrikusi beharko du behin betiko birkokapenagatik kooperatibari emandako laguntza ekonomikoa, behin-behineko birkokapena hasi zenetik igarotako denboraren arabera, araudian araututakoaren arabera.
56. artikulua
Behin-behineko birkokapena nahitaezkoa izango da langabezia duten Kooperatibetako bazkideentzat, betiere beren lantokitik –edo beren bizilekutik, hurbilago badago– 50 km baino gutxiagora dauden lanpostuak eskaintzen bazaizkie LagunAro, EPSVri loturiko enpresetan edo LagunAro, EPSVren Kooperatiba bazkide babesleetan.
50 km baino gehiagoko distantziara behin-behineko birkokapenak egin ahal izango dira, Prestazio Batzordearen irizpidearen arabera.
Halaber, Kooperatiba bazkide babesleek aktiboki kolaboratzeko betebeharra izango dute LagunAro, EPSVrekin langabezian deklaratutako mutualistak birkokatzeko, eta betebeharra izango dute aipatu bazkideak birkokatzeko euren ahalmenen arabera (dimentsioa, egoera ekonomiko-finantzarioa, aurrerakin maila, sarrera sozietarioen fluxua, kokapen geografikoa, aldi baterako langileen kopurua eta horien profila…), araudian xedatutakoaren arabera.
LagunAro, EPSVko Prestazioen Batzordeak aldizkako jarraipena egingo du birkokapenen kudeaketari buruz eta kudeaketa horretan Kooperatiba bazkide babesleek erakutsitako lankidetzari buruz.
Kudeaketa horretan behar besteko lankidetza ez erakusteak eragin dezake LagunAro, EPSVko Kontseilu Errektoreak, Prestazioen Batzordeak proposatuta, Kooperatiba bazkide babesleari zigor espediente bat irekitzea, Estatutu Sozialetako 96. artikuluan araututako terminoetan eta irismenarekin.
Halaber, langabezian deklaratutako bazkideek arlo horretan lankidetzarik ez erakusteak (birkokatzeari buruzko jarrerari eta bertan mantendu ahal izateko eskatutako lanbide prestakuntza edo birziklapenari dagokienez), eta, bereziki, birkokapena ez onartzeak, izan behin-behinekoa zein behin betikoa, zigor espediente bat irekitzea eragin dezake LagunAro, EPSVko Kontseilu Errektorearen aldetik, Prestazioen Batzordeak proposatuta, Prestazioen Erregelamenduko Zortzigarren Atalean eta Estatutu Sozialetako 96. artikuluan araututako terminoetan eta irismenarekin.
57. artikulua
Behin-behineko birkokapenetan, konpentsagarriak izango dira bidaia gastuak, dietak eta lan indizeen diferentziak. Behin betiko birkokapenetan, arauz erregulaturiko pizgarri ekonomikoen ordainketa.
58. artikulua
Langabeziako prestazioan, langabezia egoeran egoteagatik hartu gabeko aurrerakinen ordezko diru kopurua emango zaio mutualistari, Kooperatiba bazkide babeslearen bidez.
Egutegi Mugikorra aplikatzen den kasuetan, lan egin gabeko orduak berreskuratzeko ezarritako epea igaro ondoren gelditzen dena hartuko da benetako langabeziatzat.
Langabezia prestazioa eta Aldi baterako Ezintasunarena batera egokituz gero, hura eragingo da. Langabezia prestazioa eta Jaiotza eta adingabearen zaintzagatikoa batera egokituz gero, bigarren hau eragingo da.
59. artikulua
Langabezia prestazioa ezingo du kooperatibista bakoitzak hamabi hilabete baino gehiagoz hartu bi urteren barruan. Eraginpeko Kooperatiba bazkide babeslearen plantillako kideen %25 baino gehiago baldin badaude benetako langabezian, salbuetsi egin ahal izango da finkaturiko denbora mugapen hori.
Langabezia prestazioa bukatu ondorengo Aldi baterako Ezintasun, Haurdunaldiko Arrisku, Berezko Edoskitzaroko Arrisku eta Jaiotza eta adingabearen zaintza aldiak ez dira konputagarriak izango hamabi hileko gabealdia osatzeko.
Langabezia prestaziorako eskubidea izateko, edonola ere, aurrez birkokapen aukerak eta egutegi mugikorren kudeaketa agortu beharko dira guztiz.
Kooperatiba bazkide babeslea desegiten den kasuetan, hogeita lau hilabetez Langabezia prestazioa hartzeko eskubidea izango dute mutualistek. Besteren edo norberaren kontura lan egiteak eten egingo du prestazioa eta, edonola ere, Kooperatiba bazkide babeslea desegiten denetik hiru urtera iraungi edo amaituko da. Kasu hauetan, behin-behineko birkokapenak ez du hiru urteko epe hori kontsumitzen, eta kalte ordaina dagokio berorren bukaeran, benetan kontsumituriko langabezia aldiak kenduko direlarik.
Geratzen den langabezia aldia sei hilabete baino gutxiago bada, aldi hori ondorengo behin-behineko birkokapen baten bidez handitu ahal izango da, benetako birkokapeneko hiru orduko, gehienez ere geratzen den langabeziaren 6 hilabeteko topera iritsi arte.
60. artikulua
Langabezia prestazioa arrazoi hauengatik iraungiko da:
- Norberaren edo besteren kontura lanera itzultzeagatik, behin-behineko birkokapen kasuetan izan ezik.
- Behin-behineko edo betiko birkokapenari uko egiteagatik.
- Mutualistaren bajagatik, Kooperatiba bazkide babeslea desegiten denean izan ezik.
- Ezintasun Iraunkor Absolutu edo Baliaezintasun Handiko egoerara iristeagatik, LagunAro, EPSVri dagokionez.
- Enplegurako Laguntzaren beste edozein modalitate eskuratzeagatik.
- 57. artikuluan ezarritako epeak betetzeagatik.
61. artikulua
Aurre-erretiroko prestazioa Kooperatiba bazkide babesleetako mutualistek har dezakete, aldi berean honako baldintza hauek betetzen badituzte:
- Salbu egiturazko langabezian dauden kooperatibetako soberako mutualisten behin betiko birkokapenen ordez onarturiko aurre-erretiroak direnean, osatzen duten Kooperatiba bazkide babeslea egiturazko langabezian deklaraturik egotea, soberako edo gaindikinen zerrenda nominalean sartuta egotea eta birkokapen zailekoak izatea.
- 59 urte beterik izatea, edo salbuespen gisa 56 urte, espezifikoki horrela onartzen badu LagunAro, EPSVko Kontseilu Errektoreak, Prestazio Batzordeak aurretiaz irizpena emanda, bere Kooperatiba bazkide babeslea jasaten ari den zailtasun bereziak kontuan izanda.
Aurre-erretiroko prestazioa honako arrazoi hauengatik amaituko da:
- Kooperatiban berriro jardunean hasteagatik.
- Heriotza.
- Ezintasun Iraunkor Absolutu edo Baliaezintasun Handiagatik.
- Norberaren edo besteren kontu lanak egiteagatik, LagunAro, EPSVk berariaz baimenduta izan ezik.
- 62 urte betetzeagatik edo onartu zen unean kasu bakoitzean ezarritako prestazioaren gehienezko iraunaldia igaro izanagatik.
Aurre-erretiroko prestazioa bateraezina da Aldi Baterako Ezintasunarekin. Biak batera gertatzen badira, ez dira eragingo azken egoera honi dagozkion prestazioak.
Aurre-erretiroko prestazioan sartu eta gero, Langabezia prestazioa ez da eragingo.
62. artikulua
Kalte ordainaren prestazioa Kooperatiba bazkide babesleetako mutualistek har dezakete, aldi berean honako baldintza hauek betetzen badituzte:
- Osatzen duten Kooperatiba bazkide babeslea egiturazko langabezian deklaraturik egotea, eta mutualistak soberakinen zerrenda nominalean sarturik egotea.
- 58 urte bete gabe izatea.
- LagunAro, EPSVn gutxienez 2 urte kotizatuta izatea.
- Birkokatzen zaila izatea.
- Langabezia agortu gabe izatea.
Kalte ordainaren prestazioa hartzeak sozietate kontratua deuseztatzea ekarriko du eta LagunAro, EPSVn baja izatea, Estatutuetako 37. artikuluaren lehenengo paragrafoan ezarritakoa izan ezik.
Prestazio hau jaso duen mutualistak, bajaren ondoren urtebete igaro baino lehen LagunAro, EPSVra itzultzen bada, hartutako diru kopuru guztia itzuli beharko du. Bajaz geroztik igarotzen den urtebete bakoitzeko, itzuli beharreko kopurua %25ean murriztuko da eta, beraz, lau urtera guztiz amaituko da itzultzeko betebeharra.
Kooperatiba bazkide babesleak kalte ordainaren prestazioa jaso duten mutualista ohiei baja ondorengo lau urteetan besteren konturako aldi baterako kontraturen bat egiten badie, beharturik egongo da bazkideek harturiko zenbatekoaren %2ri dagokion kopurua itzultzera, kontratazio hilabete bakoitzeko.
63. artikulua
Lanbide Birmoldaketak esan nahi du une honetan dauden langabezia arazoak edo/eta sor litezkeenak konpontzeko Kooperatiba bazkide babesleek aurkezturiko lanbide birmoldaketarako proiektu zehatzen finantza estaldura ezartzen dela, Administrazio Publiko edo beste Erakunde batzuetatik etortzen diren dirulaguntzen osagarri edo gehigarri izango dena.
Interesa duten Kooperatiba bazkide babesleak beharturik daude dirulaguntza horiek lortzeko kudeaketak egitera, eta LagunAro, EPSVri jakinarazi beharko diote kudeaketen hasiera nahiz emaitza.
64. artikulua
Prestazio ekonomikoetarako eskubidea eragiteko, birkokapen gastuen konpentsazioa barne, beharrezkoa izango da 18 hilabete igarotzea, langabezia duen Kooperatiba bazkide babeslea LagunAro, EPSVn sartzen den unetik aurrera.
Salbuetsirik gelditzen dira aurretiaz zeudenen banantze edo elkartze bidez sorturiko Kooperatiba bazkide babesleak.
65. artikulua
Enplegurako Laguntza eskubidea eragingo dute eta prestazioaren onuradun izango dira Kooperatiba bazkide babesleak LagunAro, EPSVn dituzten mutualistengatik, kasu bakoitzean eskaturiko baldintzak betetzen badituzte.
Desegin edo likidatzeko egoeran deklaratutako kooperatiben Aurrerakin Maila berbera izango da guztientzat, eta edonola ere une bakoitzean indarrean dagoen LagunAro, EPSVko Banaketa Tarifako %80 eta %85 artean kokatuko da. Aipatu Aurrerakin Maila Kooperatiba bazkide babesle aktiboen batez besteko Aurrerakin Mailaren arabera zehaztuko da, urtero LagunAro, EPSVko kotizazio tarifa indarrean jartzen den unean, honako taula honen arabera:
Aurrerakin Mailaren % (AM) | |
---|---|
Kooperatiba Aktiboak | Desegiten ari diren Kooperatibak |
AM > 99 | 85 |
98 < AM < 99 | 84 |
97 < AM < 98 | 83 |
96 < AM < 97 | 82 |
95 < AM < 96 | 81 |
AM < 95 | 80 |
Prestazioaren zenbatekoa eta kuotaren kalkulua
66. artikulua
Langabezia prestazioari dagokion diru kopurua horrela osatuko da: kotizazio indizearen hileko kontsumo aurrerakinaren %80koarekin 14 hileko, gehi hornidura aurrerakinaren %100ekoarekin 12 hileko, langabe dagoen mutualista bakoitzeko eta urteko.
67. artikulua
Aurre-erretiroko egoeran kotizazio indizearen hileko kontsumo aurrerakinaren %60 ordainduko da, gehi hornidura aurrerakinaren %100, urteko hamabi hilekoren arabera.
68. artikulua
Kalte ordainaren kopurua, oroharreko kopuru bat izango dena, kasu bakoitzean erabakiko da, honako arau hauen arabera:
- LagunAro, EPSVn bost urte arte kotizatu bada, hamabi hilekori dagokien Langabezia Prestazioa.
- Bost urte horiez gaineko kotizazio urte oso bakoitzeko, Langabezia prestazioaren beste hileko bat, gehienez hogeita lau hileko izan daitezkeelarik, edota hogeita hamasei, desegiten ari diren Kooperatiben kasuan.
- Azken kasu horretan (desegiten ari den kooperatiba), kalte ordaina ezingo da izan hogeita lau hileko langabezia prestaziotik beherakoa.
- Baina inola ere kalte ordainaren azken zenbatekoa ez da izango bere Kooperatiba bazkide babesleko 3,0 kotizazio indizeko Langabezia prestazioaren hogeita hamasei hilekori legokiokeena baino handiagoa.
- Ateratzen den kopurutik, Kontseilu Errektoreak kasu bakoitzean hala erabakitzen badu, langabezia kontzeptuan hartutakoak kendu ahal izango dira. Langabezia agortu bada, ezinezkoa izango da kalte ordaina eskuratzea.
69. artikulua
Langabezian dagoen Kooperatiba bazkide babesleak aipaturiko prestazio ekonomikoak osatu ahal izango ditu, honako arau hauen arabera:
- Birkokapen gastuak, askatasun osoz.
- Langabezia prestazioa, Kooperatiba bazkide babeslean aktiboan daudenen kotizazio indizeari dagokion hileko kontsumo aurrerakinaren %90eraino, aparteko paga eta antzeko kontzeptuen ordainketa barne, hala balegokio. Aipaturiko mugapen horren zenbaketarako ez dira kontuan izango Erabateko Ezintasun Iraunkorragatik harturiko kopuruak.
- Aurre-erretiroko prestazioa, Kooperatiba bazkide babesleko aktiboen kotizazio indizearen hileko kontsumo aurrerakinaren %80raino, aparteko paga eta antzeko kontzeptuen ordainketa barne, hala balegokio. Aipaturiko mugapen horren zenbaketarako ez dira kontuan izango Kooperatiba bazkide babeslea ez den beste instantzia batzuetatik etorritako kopuruak.
- Kalte ordaina, askatasun osoz.
LagunAro, EPSVk Kontsumo Aurrerakinaren %80raino osatuko du Aurre-erretiroa behin betiko birkokapenen ordez onarturiko aurre-erretiroen kasuetan, desegite prozesuan edo egiturazko langabezian dauden Kooperatiba bazkide babesleetako mutualista soberakinak baldin badira eta birkokaturikoak berrogeita hamar urte baino gehiago baldin baditu ordezkapena egiten denean.
Halaber, Kooperatiba bazkide babeslea desegiten edo likidatzen den kasuetarako, LagunAro, EPSVk Aurre-erretiroa osatuko du kotizazio indizearen hileko Kontsumo Aurrerakinaren %80raino, urteko 12 hilekotan, betiere aurre-erretirorako sarbidea gehienez ere hiru hilabeteko epean gauzatzen bada LagunAro, EPSVk osatutako aurreerretiroko prestazioa eskuratzeko baldintzak betetzen dituen unetik hasita.
70. artikulua
Laguntza honetan sarturiko prestazio ekonomikoak jaso eta gozatu ahal izateko, inplikaturiko Kooperatiba bazkide babesleek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
- Mutualista guztiengatiko kuoten ordainketa eguneratua izatea.
- Itzulkinen erabateko kapitalizazioa.
- Aparteko ordurik eta inoizkako edo aldi baterako langilerik ez izatea, gaur egun indarrean dagoen legeriak uzten duen neurrian, Kooperatiba bazkide babeslearen martxa onerako beharrezkoa ez bada behintzat.
- Kontsumo aurrerakinaren maila LagunAro, EPSVko Talde Elkartuak izan duen batez besteko gehikuntzaren gainetik ez igotzea, baldin eta, Kontseilu Errektoreak, aurrez galdutakoa berreskuratu beharra dagoela pentsatzen ez badu, behintzat.
- Kooperatiba bazkide babeslearen egoera ekonomikoa eta bilakaera ezagutzeko LagunAro, EPSVk ezar litzakeen ikuskapen edo auditoretzak onartzea.
71. artikulua
Kooperatiba bazkide babesleek, desegintzat deklaraturik ez badaude behintzat, Langabezia eta Aurre-erretiroko prestazioen kostua —hileko kalkuluan— eta Kalte ordainarena —urteko kalkuluan— beren gain hartuko dituzte frankizia gisa, jarraian agertzen den taularen arabera dagokion frankizia ehunekoan beren Lan Aurrerakinei buruz.
Aurreko paragrafoan ezarritakoa aplikatu ondoren, Laguntza honetako prestazio ekonomikoen kostuaren gainerako zenbatekoa elkarrekin finantzatuko dute LagunAro, EPSVk eta Kooperatiba bazkide babesleko mutualistek, jarraian agertzen den taularen arabera dagokion kofinantzaketa ehunekoari jarraituz.
Aurrerakinen maila (%) (AM) | Frankizia (%) | Mutualisten kofinantzaketa (%) |
---|---|---|
94 < AM < 95 | 0,70 | 20 |
93 < AM < 94 | 0,65 | 18 |
92 < AM < 93 | 0,60 | 16 |
91 < AM < 92 | 0,55 | 14 |
90 < AM < 91 | 0,50 | 12 |
89 < AM < 90 | 0,45 | 10 |
88 < AM < 89 | 0,40 | 8 |
87 < AM < 88 | 0,35 | 6 |
86 < AM < 87 | 0,30 | 4 |
85 < AM < 86 | 0,25 | 2 |
AM < 85 | 0,20 | 0 |
Frankiziaren eta kofinantzaketaren ehunekoak kalkulatzeko ondorioetarako, Kooperatiba bazkide babeslearen aurrerakin mailaren ehunekoa kalkulatzeko 100 oinarria, LagunAro, EPSVn une bakoitzean indarrean dagoen Banaketa Tarifari dagokiona izango da.
Frankiziaren aplikazioan oreka egokia lortze aldera, LagunAro, EPSVren Kontseilu Errektoreak, dagokion arau garapenaren bidez, aplikazio bereizia ezarriko du kooperatiba handientzat (500 mutualista baino gehiago), eta, hala, nahiz eta frankiziaren zenbateko osoa gero eta handiagoa izaten jarraitu kooperatibaren dimentsioa handitzen den neurrian, haren pisu portzentuala murriztu egingo da lan aurrerakinen guztizkoarekiko.
Desegiteko prozesuan edo egiturazko langabezian dauden Kooperatiba bazkide babesleetan soberako mutualisten behin betiko birkokapenen ordez onarturiko Aurreerretiroetan ez da kofinantzaketarik ez frankiziarik izango.
Benetako langabeziako prestazioaren kofinantzaketa, dagokion Kooperatiba bazkide babesleko mutualistei zorduntzekoa, gutxienez %5ekoa izango da.
Prestazioak une jakin batean oroharreko kopuru bat ordaintzea eskatzen badu, hau hurrengo artikuluan arauturiko Funtsaren kargura aurreratuko da. Kofinantzaketak bakoitzari dagokion zatia sartuta egingo dira, prestazioa jasotzen den unean.
Kooperatiba Taldeen kasuan, inplikaturiko Kooperatiba bazkide babesleari (edo babesleei) dagokion ekarpena Taldea osatzen duten gainerakoekin elkartasunean egin daiteke.
72. artikulua
Enplegurako Laguntza finantzatzeko oinarrizko kuota partziala mutualista bakoitzaren kotizazio indizearen kontsumo aurrerakinarekiko proportzionala izango da, eta prestazio horretarako kotizatzen ari diren mutualista guztiek ordainduko dute.
Kuota hau finkatzerakoan ziklo ekonomikoaren eragina murriztu ahal izateko, Enplegurako Laguntza Funtsa eratuko da, honela osatua: sartutako kuoten eta egindako prestazioen arteko aldea; metaturiko Funtsari dagozkion etekinak; Herri Administraziotik eta beste Erakunde batzuetatik zuzenean LagunAro, EPSVra etortzen diren baliabideak; eta, hala dagokionean, jartzen diren zigorren zenbatekoak.
Enplegurako Laguntza Funts honen inbertsio irizpideak Kontseilu Errektoreak finkatuko ditu.
Kuota finkatzerakoan ziklo ekonomikoaren eragina murrizteko helburu berarekin, Kontseilu Errektoreak berraseguru partzialeko poliza bat izenpetu ahal izango du prestazioari lotutako arrisku jakin batzuetarako.
Beraz, Enplegurako Laguntza kuota partziala kalkulatzeko honako aldagai hauek izango dira kontuan:
- Dagokion ekitaldiko lan aurrerakinen maila.
- Ekitaldi horretako gastuaren aurreikuspena, Kooperatiba bazkide babesleetan egon litekeen langabezia mailaren eta barneratutako konpromisoen arabera.
- Enplegurako Laguntza Funtsak sor ditzakeen etekinen aurreikuspena.
- Enplegurako Laguntza Funtsak lorturiko maila.
- Langabeziaren zikloa: epe ertainera espero dena.
Enplegurako Laguntza Funtsak lortutako mailaren eta kuota partzialaren arteko harremana indartzeko xedearekin, kuota ezingo da bi aldagaiak erlazionatzen dituen jarraiko koadroa aplikatzetik ateratzen dena baino txikiagoa izan, aurreko urtearen itxieran Enplegurako Laguntza Funtsak lortutako zenbateko absolutua erlatibizatu eta gero, eta prestazio horregatik kotizatzen duten mutualisten ehunekoaren terminoetan, zeinak, Funts horrekin, urteko zenbateko oso batekin estalita geratuko liratekeen langabezia prestazioaren bitartez.
Enplegurako laguntza-funtsa eta kuota partziala | |
---|---|
Enplegurako laguntza-funtsa (urteko langabeziarekin estalitako kolektiboaren %tan) | Gutxieneko kuotaren % |
%1,0 baino txikiagoa | %5,0 |
%1,0 eta %3,0 artean | %4,5 |
%3,0 eta %5,0 artean | %4,0 |
%5,0 eta %7,0 artean | %3,5 |
%7,0 eta %9,0 artean | %3,0 |
%9,0 eta %11,0 artean | %2,5 |
%11,0 eta %13,0 artean | %2,0 |
%13,0 eta %15,0 artean | %1,5 |
%15,0 baino handiagoa | %1,0 |
Kuota partziala ezingo da koadro horren aplikazioaren emaitza baino txikiagoa izan, lehen adierazitako gainerako aldagaien arabera, bertan nabarmentzen delarik gastuaren aurreikuspena, ekitaldian bertan zein epe ertainera.
Edonola ere, aurreikusiko balitz indarrean dagoen araudiaren arabera hartutako konpromisoei aurre egiteko beharrezkoa dela, metatutako Enplegurako Laguntza Funtsa kontsumitzeaz gain, hileko kontsumo aurrerakinaren %8,0 baino gehiagoko kuota partzial bat ezartzea, Kontseilu Errektoreak Enplegurako Laguntza Berrantolatzeko Plan bat aurkeztu beharko dio Batzar Nagusiari. Plan horrek neurriak plantea ditzake sarrerei buruz zein prestazioei buruz, azken kasu horretan lehentasuna emanez langabezian aitortutako mutualisten aldeko prestazioak mantentzeari behin betiko birkokapenengatik kooperatiba hartzaileei ematen zaizkien laguntza ekonomikoen aurretik; horien likidazioa atzeratu edo bertan behera geratu egin ahal izango da, dagoen erabilgarritasun finantzarioaren arabera.