Bigarren sekzioa: Alarguntasuna, Zurztasuna eta Zurztasun Absolutua
[Apirila 2024]Prestazioaren definizioa eta ezaugarriak
87. artikulua
Alarguntasun, Zurztasun eta Zurztasun absolutuko prestazioa 89. eta 90. artikuluetan aipaturiko onuradunek hartuko duten pentsioa da, bertan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.
Prestazio horiek jasotzeko eskubidea LagunAro, EPSVn alta ematen den egunetik aurrera edukiko da, eta prestaziook eragilea hil eta hurrengo hilaren lehenengo egunetik aurrera hasiko dira sortzen.
88. artikulua
1. Alarguntasunaren, Zurztasunaren eta Zurztasun Absolutuaren prestazioak jasotzeko eskubidea sortuko dute hiltzean honako egoera hauetakoren batean dauden mutualistek:
- Aktiboan, Aldi baterako Ezintasunean, Haurdunaldiko Arriskuan, Berezko Edoskitzaroko Arriskuan, Jaiotza eta adingabearen zaintzan, Minbizia edo beste gaixotasun larriren bat duten adingabeen zainketan, Langabezian edo Aurreerretiroan.
- Aldi baterako lan utzialdi edo eszedentzian bere Kooperatiba bazkide babeslean, baina LagunAro, EPSVri kotizatzeari utzi gabe.
- Estatutu Sozialetako 37. artikuluaren bigarren paragrafoan aipaturiko modalitatean kotizatzen.
- Seme-alabak edo senideak zaintzeko legez babestuta dagoen eszedentzia egoeran.
2. Erretiroko edo Ezintasun Iraunkorreko pentsiodunek, hiltzean, Alarguntasun eta Zurztasun Absolutuko prestazioetarako eskubidea sortuko dute.
Erretiroko edo Ezintasun Iraunkorreko pentsiodunek Zurztasun prestazioa jasotzeko eskubidea sortuko dute, baldin eta, hiltzen direnean, Alarguntasun eta Zurztasun Absolutuko prestazioen onuradunik ez badago.
3. Zurztasun Absolutuaren prestaziorako eskubidea sortuko dute Alarguntasunaren onuradunek edo pentsiodunek, baldin eta, hiltzean, baldin eta alarguntasuna eragin duen pertsonarekin batera seme-alabak uzten badituzte.
89. artikulua
Alarguntasun prestazioaren onuradun izango dira hildako pertsonaren ezkontidea edo Erregistro Publikoan inskribatutako izatezko bikotekidea.
Prestazioa biziartekoa izango da heriotza honako arrazoi hauengatik gertatzen bada:
- Gaixotasun profesionala.
- Istripua.
- Ezkondu osteko edo izatezko bikote gisa erregistratu osteko gaixotasun arrunta.
Prestazioa biziartekoa izango da, halaber, ezkontza aurreko edo izatezko bikote gisa erregistratu aurreko gaixotasun arruntak eragindako heriotzaren kasuan, baldin eta honako baldintza hauetako bat gutxienez egiaztatzen bada:
- Elkarrekin seme-alabak edukitzea.
- Ezkontza edo izatezko bikotea heriotza gertatu baino urtebete lehenago egin edo erregistratu izana. Ezkontza loturaren edo izatezko bikotearen erregistroaren iraupen hori ez da exijituko baldin eta egiaztatzen bada mutualista eragilearekin aurretik bizi izandako aldia, ezkontzarenari edo izatezko bikotearen erregistroari dagokiona gehituta, bi urtetik gorakoa dela.
Mutualistaren ezkontideak edo erregistratutako izatezko bikotekideak edo hildako pentsiodunak ez badu baldintza horietako bat ere egiaztatzen, aldi baterako Alarguntasun prestazio bat jaso ahal izango du, bi urtean.
Ezkontza deuseztasunaren, banantzearen, dibortzioaren eta erregistratutako izatezko bikotearen hausturaren kasuetan, prestazioaren onuradunak zehazteko Gizarte Segurantzak kasu bakoitzean aplikatzen dituen arauak aplikatuko dira.
90. artikulua
Zurztasun prestazioaren onuradun izango dira hildako pertsonaren seme-alabak, 25 urtetik beherakoak edo lanerako ezinduta daudenak.
Seme-alaba horiek umezurtz absolutuak badira, mutualistaz gain beste gurasoa ere hilda dagoelako, Zurztasun Absolutuaren prestazioaren onuradun izango dira.
Zurztasun eta Zurztasun Absolutuko prestazio horiek jasotzeko edo horiei eusteko, 23 urtetik aurrera, onuradunek egiaztatu beharko dute ez dutela urteko lanbidearteko gutxieneko soldata baino lan errenta handiagoa jasotzen.
Bi egoera horietan, lanerako ezinduta dauden seme-alabatzat hartuko dira gutxienez %65eko desgaitasuna dutenak eta urte osoan lanbidearteko gutxieneko soldata gainditzen duen lan errentarik eskuratzen ez dutenak.
91. artikulua
Alarguntasuneko, Zurztasuneko eta Zurztasun Absolutuko pentsioak iraungi egingo dira, onuradun bakoitzarentzat, arrazoi hauengatik:
- Heriotza.
- Ezkontzeagatik edo dagokion erregistro publikoan izatezko bikote bat inskribatu eta eratzeagatik.
- Prestazioaren eragilearen heriotzaren erruduntzat joa izateagatik.
- 89. eta 90. artikuluetan xedatutako baldintzak betetzeari uzteagatik.
- Pentsio aldia amaitzeagatik, aldi baterako bada.
Prestazioaren zenbatekoa eta kuotaren kalkulua
92. artikulua
Alarguntasun, zurztasun eta zurztasun absolutuko prestazioetarako Kotizazio oinarria, Estatutu Sozialetako 22. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, mutualista bakoitzari egokitzen zaiona izango da.
93. artikulua
Alarguntasun, zurztasun eta zurztasun absolutuko prestazioak finantzatzeko oinarrizko kuota partziala, irizpen aktuarialaren arabera Batzar Nagusiak onartuko duen ehunekoa izango da, Batzarrean bertan finkatuko den aldirako, eta aurreko artikuluan zehazturiko Kotizazio Oinarriari aplikatuko zaio.
Ehuneko hori, hala balegokio legeak eskatutako epeetan ez ezik, aldian behin ere berrikusiko da, berori finkatzeko azterketa aktuarialean kontuan hartutako oinarri teknikoen bilakaerara egokitzeko.
94. artikulua
Alarguntasun, zurztasun eta zurztasun absolutuko pentsioen Oinarri Arautzailea heriotzaren aurreko hirurogei hilabeteetako Kotizazio Oinarri eguneratuen batez bestekoa da, edo kotizatu dituen hilabeteetakoa, ez bada hirurogeira iritsi.
Eguneratzea Kotizazio Tarifaren azken urteko berrikuspena baino lehenagoko aldien Kotizazio Oinarriei soilik aplikatuko zaie, eta, aurreko Tarifak indarrean izan diren urtealdi bakoitzerako, ekitaldi horietan pentsio eskubideei aplikaturiko eguneratzea aplikatuko da, Prestazioen Erregelamendu honen 86. artikuluan araututakoaren arabera.
95. artikulua
Alarguntasuneko, Zurztasuneko eta Zurztasun Absolutuko prestazioen zenbatekoa denak ere hilabetea amaitzean ordaintzekoak– urtean hamabi aldiz ordainduko dira, eta ehuneko hauek izango dira:
1. Alarguntasuna
- 1.1. Mutualista bat hiltzeak eragindako alarguntasuna (88.1 artikuluan aurreikusitako egoera): 94. artikuluan ezarritakoaren arabera kalkulatutako oinarri arautzailearen %65.
- 1.2. Erretiroko edo ezintasun iraunkorreko pentsioduna hiltzeak eragindako alarguntasuna (88.2 artikuluan aurreikusitako egoera): hildako pentsiodunak jasotzen zuen Erretiroko edo Ezintasun Iraunkorreko pentsioaren %90, bi egoeratan izan ezik:
- Baliaezintasun Handiko kasuetan, non pentsioaren %90 kalkulatuko baita, Baliaezintasun Handiari dagokion %50eko igoera kontuan hartu gabe.
- 84d) artikuluan xedatutako birbanaketa kasuetan, heriotza pentsio birbanatuaren hasierako aldian gertatzen denean. Kasu horietan, pentsioduna hiltzen den egunean amaitutzat emango da hasierako aldia, eta birbanaketaren bigarren aldiari une horretan hasiera emanez gero legokiokeen erretiro pentsioa berriz kalkulatuko da, eta %90 aplikatuko zaio dagokion alarguntasun pentsioa zehazteko.
- 1.3. Ezkontza deuseztasunaren, banantzearen, dibortzioaren eta erregistratutako izatezko bikotearen hausturaren kasuetan, Alarguntasun pentsioa esleitzeko eta banatzeko Gizarte Segurantzak kasu bakoitzean aplikatzen dituen arauak aplikatuko dira.
2. Zurztasuna
- 2.1. Mutualista baten heriotzak eragindako Zurztasuna (88.1 artikuluan aurreikusitako egoera): Oinarri arautzailearen %20 seme edo alaba onuradun bakoitzarentzat. Hildako mutualistak eragindako alarguntasun eta zurztasun pentsioen baturak ezingo du inola ere gainditu 94. artikuluaren arabera kalkulatutako oinarri arautzailearen %100.
Zurztasunaren onuradunen kopurua dela-eta muga hori aplikatzen bada, eta Zurztasun pentsioa beherantz doitzen bada, Zurztasunari esleitutako zenbateko osoa zati berdinetan banatuko da onuradunen artean, eta, hasiera batean, seme edo alaba onuradunaren estaldura oinarri arautzailearen %20tik beherakoa izango da.
Seme-alaba onuradunetakoren batek pentsioa jasotzeari uzten dion bakoitzean –kobratzeko eskatutako baldintzak betetzeari utzi diolako–, gainerako onuradunek jasoko duten Zurztasun pentsioaren ehuneko berria kalkulatuko da, onuradun bakoitza, gehienez ere, Oinarri Arautzailearen %20ra iritsi arte. - 2.2. Erretiro edo Ezintasun Iraunkorreko pentsiodun baten heriotzak eragindako Zurztasuna, Alarguntasun edo Zurztasun Absolutuko prestazioen onuradunik ez dagoenean (88.2 artikuluaren bigarren paragrafoan aurreikusitako egoera): hildako pentsiodunak jasotzen zuen Erretiroko edo Ezintasun Iraunkorreko pentsioaren %20, seme-alaba onuradun bakoitzaren alde, bi egoeratan izan ezik:
- Baliaezintasun Handiko kasuetan, non pentsioaren %20 kalkulatuko baita, Baliaezintasun Handiari dagokion %50eko igoera kontuan hartu gabe.
- 84 d) artikuluan xedatutako birbanaketa kasuetan, heriotza pentsio birbanatuaren hasierako aldian gertatzen denean. Kasu horietan, pentsioduna hiltzen den egunean amaitutzat emango da hasierako aldia, eta birbanaketaren bigarren aldiari une horretan hasiera emanez gero legokiokeen erretiro pentsioa berriz kalkulatuko da, eta %20 aplikatuko zaio dagokion Zurztasun pentsioa zehazteko.
Hildako pentsiodunak eragindako Zurztasun prestazioen baturak ezingo du gainditu hil zen unean jasotzen ari zen pentsioaren %90. Zurztasunaren onuradunen kopuruaren ondorioz muga hori aplikatzen bada, eta Zurztasunaren prestazioa beherantz doitzen bada, artikulu honen 2.1 puntuaren bigarren paragrafoan aurreikusitakoa aplikatuko da.
Geroago, Zurztasun prestazioaren onuradunak Zurztasun Absolutuaren prestazioa eskuratzeko baldintzak betetzen baditu, jasotzen ari zen Zurztasun pentsioaren ordez Zurztasun Absolutuarena jasoko du.
3. Zurztasun Absolutua
Onuradun batek Zurztasunaren eta Zurztasun Absolutuaren hartzaile izateko baldintzak aldi berean betetzen baditu, bi pentsioak jasoko ditu, Erretiroko edo Ezintasun Iraunkorreko pentsiodunek eragindako Zurztasun prestazioen kasuetan izan ezik, horietan Zurztasunaren prestazioa bateraezina izango baita Zurztasun Absolutuaren prestazioarekin
- 3.1. Erretiroko edo Ezintasun Iraunkorreko pentsioduna hiltzeak eragindako zurztasun absolutua (88.2 artikuluko lehen paragrafoan aurreikusitako egoera): artikulu honetako 1.2. puntua aplikatuta lortuko litzatekeen Alarguntasun pentsioaren %100.
Zurztasun Absolutuko pentsio hori, hasiera batean, zati berdinetan banatuko da seme-alaba onuradunen artean, eta, ondoren, seme edo alabaren batek pentsioa jasotzeari uzten dion bakoitzean –kobratzeko eskatzen diren baldintzak betetzeari utzi diolako–, gainerako onuradunen artean birbanatuko da, azkenak pentsio osoa eskuratu arte. - 3.2. Alarguntasun pentsioduna hiltzeak eragindako zurztasun absolutua (88.3 artikuluan aurreikusitako egoera): Hildako alarguntasun pentsiodunak jasotzen zuen alarguntasun pentsioaren %90, zeina seme-alaba onuradunen artean banatuko baita, aurreko 3.1 puntuan araututakoaren arabera.
- 3.3. Mutualista baten heriotzak eragindako Zurztasun Absolutua (88.1 artikuluan aurreikusitako egoera): oinarri arautzailearen %65aren %90, zeina 94. artikuluaren arabera kalkulatuko baita eta aurreko 3.1 puntuan araututakoaren arabera banatuko baita seme-alaba onuradunen artean.
Zurztasun Absolutuaren prestazioaren bi eragileak guraso mutualistak edo/eta pentsiodunak izan badira, bakoitzari dagokion zenbatekoa jasoko da, seme-alaben artean zati berdinetan banatuta.
4. Pentsioaren banaketa, Alarguntasunaren eta/edo Zurztasun Absolutuaren onuradun bat baino gehiago batera egonez gero
Pertsona eragilea hiltzen den unean Alarguntasunaren eta/edo Zurztasun Absolutuaren onuradun bat baino gehiago badaude –mutualista berak edo pentsiodunak eragindakoak–, honelaxe banatuko da pentsioa:
- Ezkontide bat edo izatezko bikotekide bat eta bikotekide ohi/ezkontide ohi bat tartean badaude, alarguntasun pentsioa banatzeko, Gizarte Segurantzak bikotekide ohiari/ezkontide ohiari aitortzen dion ehunekoa hartuko da kontuan, eta gainerakoa ezkontidearentzat bikotekidearentzat izango da. edo erregistratutako izatezko.
- Tartean ezkontide ohiak eta/edo izatezko bikotekide ohiak eta umezurtz absolutuak badaude, alarguntasun pentsioa Gizarte Segurantzak aitortutako ehunekoen arabera zehaztuko da, eta Alarguntasun pentsioaren gainerako %90 Zurztasun Absolutuko pentsio gisa geratuko da.
- Tartean ezkontide edo izatezko bikotekide bat eta umezurtz absolutuak badaude, pentsioa honela banatuko da: bi heren alarguntasun pentsio gisa eta gainerako herenaren %90 Zurztasun Absolutuko pentsio gisa.
Zurztasun Absolutuko pentsioa aurreko 3. puntuan araututakoaren arabera banatuko da seme-alaba onuradunen artean.
Alarguntasun pentsioa onuradunen artean banatu ondoren, puntu honetan araututakoaren arabera, Alarguntasun pentsioaren onuraduna hiltzeagatik sortzen den Zurztasun Absolutuko pentsioa Alarguntasun pentsioaren zenbatekoaren %90 izango da, eta onuradunaren seme-alaben eta Alarguntasun pentsioa eragin duen mutualistaren edo pentsiodunaren artean soilik banatuko da, aurreko 3. puntuan araututako banaketa arauen arabera.
Artikulu honetan berariaz jaso ez den Alarguntasun, Zurztasun Absolutu eta Zurztasun pentsioen aplikazio edo banaketa kasuren bat gertatzen bada, Kontseilu Errektoreari ahalmena ematen zaio dagokion erabakia hartzeko, hemen jasotako printzipio eta irizpideen arabera.
96. artikulua
Zurztasun Absolutuaren kasuan, pentsioa pertsona natural edo juridikoei eman dakieke, umezurtzak mantendu eta hezteko konpromiso formala baldin badute, eta zeregin hori betetzen dutela frogatzen badute.
97. artikulua
Alarguntasun, zurztasun eta zurztasun absolutuko pentsioak urtero eguneratuko dira Erretiro pentsioak eguneratzeko 86. artikuluan finkaturiko irizpide berberekin.